Hasi direla Iruñean entzierroetarako hesia muntatzen. Telebistan, hor agertu dira bi langile, trebatuak zalantzarik gabe, ze trebeskako hesolari jaregin diote biek batera eta mugimendu bakarrean jarri dute zutoinen gainean, zentimetrorik huts egin gabe. Ballet dantzan ariko balira bezala, ondo entseatuta. Eszena hori ikustearekin batera Astrainen Baltsa datorkit atximurka, nostalgiaz blai. Bai, sobera dakit Iruñeak beste aurpegi eta tankera asko dituela —eskerrak!—, baina sanferminek uzten duten arrastoa ezabaezina da. Pozerako nahiz tristurarako; edo amorrurako. Hor azaltzen da 1978ko sarraski poliziala, German Rodriguez hil zutenekoa. Gau hartako soinu bandan nahasten ziren polizien sirena eta tiroak batetik, eta jendetza oldartuaren oihu eta intziriak bestetik, harrikadak eta autoen karrozeria mailatzen zuten kolpe hotsekin batera.
Hiri bakoitzak du bere nortasuna, eta nazioartekoen baitan historian zehar glamour-aren ikurra bereganatu duena Paris izan da. Orain ere horretan dabil, uztailaren 26tik abuztuaren 11ra arte han ospatuko dituzten Olinpiar Jokoak direla-eta, hiria prestatzen, «garbitzen». Apirilean hasi ziren etxe eta paperik gabeak Paristik uxatzen; haien kanpalekuak desegin eta autobusetan Frantziako beste hiri batzuetara deportatzen. Kristina Berasainek egindako erreportajean (Parisen argiak; eta itzalak, BERRIA, 2024-05-26) garbiketa kanpaina horren hainbat xehetasun bildu ditu kazetariak, zuzeneko testigantzekin, bai etxegabe/papergabeenak eta baita haiei laguntzen dieten militanteenak ere. Izan ere, Parisko agintariak «Postal baten irudiarekin bat ez datorrena ezabatzen ari dira; postal eder bat nahi dute bakarrik». Hori dioena Antoine de Clerck da, gobernuz kanpoko 87 erakunde biltzen dituen Le Revers de la Médaille plataformako bozeramailea.
Parisen 16 milioi turista espero omen dituzte udan. Donostiako aurreikuspenaren kopururik ez dakit, baina dagoeneko, Aste Santuaz geroztik, turista taldeekin eta hizkuntza anitzekin topo egiten duzu kalean. Baita pintxo-tabernetara sartzeko ilara triste aspergarri horiekin ere. Iluntzetan, eguzki izpirik baldin badago, Kontxako baranda beteta aurkituko duzu, eguzki sarreraren zain denak; zertarako? Eguzkiari telefono mugikorrarekin argazkia ateratzeko.
Eric Rohmerrek zuzendutako Le Rayon Vert filmean (1986) —Biarritz eta Donibane Lohizune ere ateratzen ziren pelikula hartan— deskubritu nuen izpi berdea deritzan hori. Duela gutxi, Donostiako Paseo Berrian nindoala, eguzkia itsasoan murgiltzearekin batera, berdexkatik griserantz zihoan izpi bat sumatu nuen, pintzelkada arin bat, ikusi-ez ikusi horietakoa, segundo eskasetan desegin zena. Agian erromantizismo frantsesak eragindako isla besterik ez zen izango nire irudipena. Nolanahi ere, nekez harrapatuko zuten irudi ezohiko hura telefonoari itsatsita argazkiak atera eta atera ari zirenek.
Frantziako hiriburua garbitzen dabiltzala hango agintariak. Maila berera iritsi gabe, baina garbiketan sumatzen dituzu Donostian, Renfeko tren geltokiaren eta Tabakaleraren arteko plazan, Atotxako dorrearen ingurumarian, ertzainak eta udaltzainak, autoa oinezkoen bidetik sartuz. Egia da hor batzen diren gazte taldeak —gizonezkoak denak, Hegoaldetik etorritakoak itxuraz— eguneko edozein garaitan zer suma egoten direla, sarritan pasatuxe. Badaude etxegabeei janaria behintzat ematen dieten boluntario taldeak, baita aterperen bat edo beste ere, baina hortik aurrera ze irtenbide eskaintzen zaie, bereziki erakunde publikoetatik? Poliziaren zaintzaz aparte, ze beste politika gara daiteke dozenaka gazte horiei bizimodu duina ahalbidetzeko? Oraingoz, izpi berdea baino are lausoagoa da haien etorkizuna.