Amaia Espinosa.
ARKUPEAN

Izotzaren maitasuna

2017ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Gure aroko III. mendeko Erroman, Klaudio III.a enperadoreak agindu bat sinatu zuen non gazteek debekatuta zeukaten ezkontzea; helburua, soldadu ezin hobeak izatea. Baina gazteen tristuraz ohartu zen apaiz bati neurria ez zitzaion batere bidezkoa iruditu, eta errukiturik, gazteen maitasunari bidea eman eta isilpeko ezkontzak ospatzen hasi zen. Zoritxarrez, Klaudio enperadoreak haren berri izan zuenean, atxilotzeko agindua eman, eta handik lasterrera, otsailaren 14 batean, martiri bihurtu zuen Valentin koitadua. Martiriaren zoritxarra ederto batean etorri zitzaion orduko Elizari. Horrek data horren bueltan ospatzen ziren Lupercadiaren jai jentilak ezkutatzeaz gain, haragizko maitasun bekataria gaitzestea lortu zuen, eta eguna maitasun garbiari eskaini zion. Ondorio bitxia ere izan omen zuen erabakiak; Kupidoari aingeruen hegoak jartzearena. Horrela gertatu omen zen. Hori omen da gaurko egunaren istorioa. Egia bazen, ez bazen, ordea, zer axola? Denoi gustatzen zaizkigu arrosak arantzak baino gehiago. Eta askotan gaude gure ekintzak apaingarri distiratsuz eta gure erabakiak arrazoibiderik bidezkoenez janzteko beharrean. Beharbada horregatik ospatu dituzte Espainiako bi muturretako alderdiek euren ezteiak Valentin egunaren bezperan. Eguneko maitasunak ez zapuzteko agian. Baina datatik aparte, bitxikerietan benetan bitxiak iruditu zaizkit aukeratutako bilgarriak. Batzuen «kutxa magikoak» ez digu inolako ezuste zein aztikeria arrastorik erakutsi; trikimailuak begi bistan eta aztiaren laguntzaileak, aurretik berbatutakoak. Eta besteak faena nola bukatuko den jakiteko irrikan, non hobeto zezen plazan baino. Eta izan du emozioa ikuskizunak; banderillak, pintxoak eta baita zenbait adarkadaren ostean, azken ezpata-kolpea; eraginkorra, baina arean alboratuta. Beraz, txaloak bai, baina zapi zuri askorik ikusi gabe. Bueno, hemendik aurrera ikusi egin behar. Bitartean, besarkatzea daukate, ia besoen artean epeltzen doakien izoztutako maitasuna.

Itsasoan beste aldean bitartean, Valentin eguna erakusleiho zein neurri guztietako pantailetatik gupidarik gabe sartu digutenak, hor dabiltza; elkartasunari harresiak eta mugak jarriz, edo jarri nahian. Zelan bukatuko ote da istorioa? AEBek eta bere presidenteak ez digute tregoarik ematen; zapadunak aginduak sinatu eta sinatu. Eta sinatu ahala, epaileek atzera bota eta bota. AEBetan inor ez ei dago legearen gainetik. Trump «telegizonak», ordea, zirrikitua topatuko duela eta bere hautesleei agindutakoa beteko duela aldarrikatzen die. Auziak Epailea filmaren mezua dakarkit burura, eta zein zerikusi gutxi duten euren artean justiziak eta legalitateak, ongiak eta gaizkiak; eta zuzenbidearen ikuspegi ezberdinak ekar dezakeen ezusteko amaierak ere zer pentsatua ematen dit. Eta zer pentsatua paraje hauetatik laster zabaltzear dauden aukera eta hautu berriak; are gehiago egiten dizkieten aurreikuspen kezkagarriak. Itxaropena, aldiz, hemengo amaierak irudikatzen digunarekin antzik ez izatea da, eta Valentinek lagun, amaiera horrek itsasoaren alde honetakoen odola ez izoztea.

Eta maitasunaz eta izotzaz ari garela, derrigorra daukat munduko sabaian dagoen arratiar ameslariari nire eta beste mila lagunen indarrik indartsuenak bidaltzea. Badakit zeruegaz bat egiten duen Everesta, edo zuk esaten duzun moduan Chomolungma, zurea egiteko gutxi falta zaizula; badakit ere indartsu sentitzen zarela eta ez duzula kantsaziorik asmetan; gorputzak izarren hurbiltasunak lagun, egurra eskatzen dizula, eta seguru nago, bideari ekiten diozunean, gaur igual, tontorrari laztan egin eta zure irribarrea erregaletako erea ere edukiko duzula. Halandaze, Alex, egurra!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.