Irati Zubia Landa.

Izotz zatiak eta agintari epelak

2024ko urtarrilaren 19a
05:00
Entzun

Sarrionandiak idatzi eta Anarik kantatu zuen bazela norbait neguaren ondorengo bosgarren urtaroaren zain. Hautsiko den promesa batek zintzurretik heldu dion norbait imajinatu dezaket. Edo marmotaren egunean behin eta berriro esnatzera kondenatu den bat. Edo linbo bat, ez atzera ez aurrera egiten duen itxaronaldi bat. Testu sakratuetan linbo deritzo infernuaren eta zeruaren arteko erdiko espazio gris horri. Askotarikoak izan daitezke, baina batzuk gertuago daude infernutik. Bada linbo bat bereziki friboloa dena. Gaurkoa, kaleaz.

Donostiako Harrera Sarean dabilen lagun batek eman zidan metafora. Kale-egoeran dagoenak zain egotearen kondena duela azaldu zidan. Izan egoera hartara bultzatu duten kausek eta sistema kapitalistaren sorgin-gurpilek bere horretan segituko dutelako, ardura dutenek beren erantzukizunarekin konplitzen ez dutelako, edo errolda lortzearena bezalako labirinto ezinezkoak direla medio. Erroldatzea da bizitzeko, lan egiteko, ikasteko, eta ezen autobus txartela egiteko oinarrizko pasaportea. Gurean ere, eskubideak merke saltzen direlako, baina ez direlako doan. Gutxienez hiru hilabete eman behar dituzu prozesua abian jarri ahal izateko. Eta bitartean, bada, itxaron behar duzu, beste behin. Itxaron behar duzu kalean.

Joan den astean Iruñean etxerik gabeko pertsona bat hil zen. Diario De Navarra-ko lerroetan «por causas naturales» irakurri zitekeen. Duela ez asko, udaletik esan omen zuten kalean gaua igarotzen zuen pertsonarik apenas zela. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak kontzentraziora deitu zuen; egun pare bat lehenago, Donostian La Sirena Aterpetxea ireki zezaten aldarrikatzeko bildu zirenen antzera.

Urtebete lehenago, 2023ko urtarrilean ere bildu zen jendea Donostiako bulebarrean, motibo beragatik. Ekialdean bezainbeste puzten baitzaio agintariari paparra mendebaldean, eta urte hartan ere agindu zuen Donostiako Udalak kaleko pertsonentzako aterpetxea zabalduko zuela. Aurten —izan asmo onez, izan arrandiaz— aterpetxeko oheen ehuneko ehun bideratuko zuela zin egin zuen, «zerbitzu osagarri gisa». Harrera Sarea, Gurutze Gorria, SOS Arrazakeria, Arrats elkartea, eta hainbat eta hainbat kolektibok zein bizilagunek buru-belarri eta sutsu seinalatu dute, beste urtebetez, aterpetxearen ateak giltzapetzearen bidegabekeria. Ehun ohe huts, kale gorrian dauden 300 pertsonatik gorakoen aldean.

Oraindik ez omen du, ordea, La Sirena zabaltzeko adinako hotzik egin. Eta hori eguna urratzen denerako izoztuta dagoela Ondarretako, Parte Zaharreko edo Igeldo edo Egiako kaleetako ihintza. Badirudi, gaurkoan, danbor hots eta sasidesfile militarren artean, San Sebastian egunaren bezperan, zabalduko dutela. Betiko murrizketekin, hori bai, besteak beste, Donostian errolda izatea lehenetsiko da bertan tokia izateko. Ez delako tenperatura, axolagabekeria delako. Egunak bero, giroa txolinduta eta udako atari bete-betean, joan den ekainean, hiru pertsona hil ziren Bizkaiko kaleetan. Santurtziko parke batean emakume bat, eta gizonezko bi Bilbon.

Ezin da gradu bat zero azpitik, gradu bat zerotik gora, bizitzarekin negoziatu. Ezin zaion moduan ere, ohe bat gora, ohe bat behera, egiturazko arazo bati salbuespeneko «zerbitzu osagarriz» erantzun. Hautsita dagoen eta gainera amilduko zaizun izozmendiaren zirrikitua petatxo batez estaltzen tematzea bezain absurdoa da.

Alabaina, negoziazioak negozio, eta betetzen ez diren promesak izotz, neguak egiten du aurrera. Eta norbaitek segitu beharko du zain, neguaren ondorengo bosgarren hilabeteari nola. Dena egon daiteke itxaron-zerrendan, bizitza izan ezik. Urtetik urtera, plaza berberaren harlauzetan egingo dute protesta batzuek, kanpainarako argazkia besteek, eta lo hainbatek. Kalean egonagatik, bizitzak ez du stop egiten. Egiten duen arte. Eta, orduan, arazo estrukturalen biktima den gorpuari, «kausa naturalak» esleituko dizkiogu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.