Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Izena eta izana

2020ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Euskalduna izatea beti erraza ez dela jakina da, eta Ipar Euskal Herrian hainbat kasutan zailago ere badela erranen nuke.

Duela gutxi, haur baten sortzeak gogora ekarri dit nihaurrek bizi izana seme-alaba bakoitzaren sortzean. Izenaren gaia, alegia.

Edonorentzat izenaren hautatzea buruhaustea izaten da: bi gurasoen gustukoa izan behar duenez, ez da lan samurra egokia asmatzea, nahiz aitzinetik neska ala mutil izanen den jakiteak lana errazten duen. Erantzukizun handia da pertsonak bizitza osoan asumitu beharko duen izena atzematea. Afektua da jokoan dagoena: izen baten gibelean bakoitzak ezar dezakeena baino subjektiboagorik ez dakit badenetz... bakoitzak proiektatzen ditu oroitzapen on edo txarrak, delako izena eraman duen norbaitekiko maitasuna ala gorrotoa, edo sinpleki fonetikoki gustukoa izan ala ez izateak, anitz dira aukerarako baldintzak. Izen klasikoa xarmagarria izan daiteke batentzat, eta beste batek, berriz, bere seme edo alabarentzat izen originala, beste inork ukanen ez duena du bilatuko. Gustu kontu, afektu kontu, nortasun kontu?

Euskaldunoi beste kezka batzuk gehitzen zaizkigu, behintzat Ipar Euskal Herrian bizitzeagatik erdaldunez inguraturik izaki, hauen ahoskera traketsari kasu egin behar baitiogu. Hemen, Iratiirrati bihurtzen baita, Arantzaarrantza, Ibaiibe edo e-bay...

Bestalde, guri, haur sortu berriaren izena galdetu eta berehala, esanahia galdetzen digute. «Qu'est-ce que ça veut dire ?».

Galdera horrekin nazka-nazka egina egon naiz urtetan, eta hirugarren semearen sortzerako prestatu nintzen. Irudi tragikomikoa heldu zait gogora oroitzen naizenean. Erdi nintzenean, ginekologoak semea zela jakinarazi eta berehala nola deituko genuen galdetu zidan. Nik Ibai erantzun nion, eta gizon motz gaixoak orduan gorroto dudan galdera askatu zuen: «Qu'est-ce que ça veut dire?». Izterrak zabal-zabal nituen oraindik ere estribuetan kokaturik, eta le fleuve erantzun nion, laburki. Eta gizon motz burusoilak harridurazko keinua egin zuen: «A bai? Ibaia?» Bere keinu horretan irakurri nuen ezjakintasuna gehiegizkoa iruditu zitzaidan, hormonen eraginez ere izanen zen agian, edo auskalo, erditze batek eragiten duen tsunamia bizi dutenek ulertuko dute agian nire jasan tasa gainditu zuela galdera itxuraz arruntak, harridura hartan hauxe irakurri bainuen nik, eta ez zen lehen aldia noski: nori bururatzen zaio ibai izena pertsona bati ematea?

Frantziar horiek uste dute badagoela izena izan daitekeena, batetik, eta fantasiazko asmakizun ergelak, bestetik. Medikuntzarako ikasketa luzeak eginen zituen gizonak zalantzarik gabe, baina alor honetan neu nagusi, izter zabal eta guzti!

Gizonak Bernard du izena, eta berehala galdetu nion: « Ba al dakizu Bernarden esanahia?». Bada Bernard izenak «hartz indartsu» esan nahi du, germaniar jatorria du. Orduan, jauna, zu hartz indartsu deitu bazaituzte, nik hau (semea titi bila ari zitzaidan sabelaren gainean) Ibai dei dezaket, ezta?

Ahoa bete hortz utzi nuen sendagilea, eta agian gogoetarako gaia berarekin eramanen zuen.

Garaipen txiki hura dastatu nuen eta gozatu, eta ondoko aste eta hilabeteetan ditxosozko galdera jaurtitzen zidanarentzat gezia zorroztua nuen. Harrokeriarik gabe, aitor dezaket niri esker (baita erosi eta gogoz ikasi nuen liburuari ere) makina bat pertsonak jakin duela bere izenaren jatorria eta esanahia. Batzuk poztu dira, hala nola Sophie, zuhurtzia ongi zegokiola pentsatuz, edo Sylvie (oihana), eta beste batzuk gutxiago, Claude (maingua), Philippe (zaldi-zalea) edo Cecile (itsua) esate baterako...

Baina garaipen txikiak gustu garratza uzten du, azken finean beti justifikatu beharreko egoeran ezartzen gaituztelako, garena garelako, izena eta izana batzen ditugulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.