Egun, nola begiratzendugu zerua? Edo begiratzeari utzi diogu? Hiri erraldoietan, egia esan, ez dago zeru iluna ikusteko aukera handirik: argi artifizialaren kutsadurak izarrak ikusezin bilakatu ditu. Estali zaigu zerua? Datorren hamarkadan, munduko populazioaren %75 megahirietan pilatuta biziko dela aurreikusten da: izarrak ikusteko aukera oso gutxi izango dituzte bertako biztanleek.
Unescok, 2007ko apirilean,Zeru Beltzaren eta Izarren Argia Ikusteko Eskubidearen Aldeko Adierazpena egin zuen, Palma kanariar irlan. Adierazpen horretan zeru beltzaren balio kulturalak, estetikoak, epistemikoak eta politikoak aipatzen ditu. Modu berean, Dark Sky, mundu mailako astronomia elkartea, kezka horren adierazle dugu. Taldearen lehenengo manifestuaren izenburuak argi erakusten du euren aldarrikapena: Salba dezagun gaua.
Argiaren kutsaduraren arabera zeru motak sailkatzen dira. Horiek neurtzeko eskalarik ezagunena Bortle astronomo amateurrak definitutakoa dugu, eta, bertan, bederatzi zeru mota bereizten ditu: zeru beltz bikainetik hasi eta hiriaren erdialdeko zeru argiztatura doan eskala. Kutsaduraren arabera azaltzen dira zeru horietan ikus daitezkeen konstelazio, izar edo planetak.
Egia esan, kultura guztiek izan dute zeru beltza interpretatzeko gogoa, eta denek egin izan dituzte saiakerak; inspirazioaren, kontenplazioaren eta sormen poetikoaren lekua dugu zerua, edertasun paregabekoa. Egungo bizimoduak, ordea, gero eta konplikatuagoa egiten du kontenplazio hori: gureak izarrik gabeko gau argitsuak dira. Gainera, Vita activa-k bizitza kontenplatiboari aurrea hartu dio, Hannah Arendtek esan bezala. Hartzen al dugu zerua begiratzeko tarterik egunean zehar? Agian, hirietako kutsaduragatik eta argindarragatik ikusezina izango ez balitz ere, ez genituzke zeruari begira egoteko uneak topatuko presazko bizimodu ekintzailean.
Kontuak kontu, eta, batez ere XX. mendetik aurrera, elektrizitateak erabat argiztatu zituen kaleak. Eta horrek, epe luzera, onurak zein espero gabeko arazoak ekarri ditu. Badira zeru ilunaren alde egiteko arrazoiak, puntu ilun ugari dauzka gehiegizko argitasunak: loaren kalitateari begira, osasunean kalteak sortu ditzake; astronomoek zerua begiratzeko eta ikertzeko zailtasunak dauzkate; argindarraren gehiegizko kontsumoak kalte energetiko eta ekologikoak dakartza...
Gau argitsuen muturreko adibide neoliberalak 1 Formulako gaueko lasterketak ditugu. Horrelakoak 2008tik aurrera hasi ziren egiten, Abu Dhabin eta Qatarren, besteak beste. Ezagunena Singapurreko kotxe lasterketa da: Marina Bayko kaleetan zehar motorrak topera ibiltzen dira ordu txikietan, izugarrizko argiztapen artifizialaren pean. Horrelakoetan, noski, zerua erabat ikusezina da, eta eguzki elektrikoaren argitan eguna dela ematen du. Ezabatu da gauaren eta egunaren arteko muga? Den-dena 24 orduz zabalik! Lantegiak, dendak, diskotekak... Ezin eten produkzioa eta salmenta. Agian horregatik dugu insomnioa egungo sintomarik esanguratsuena?
Badira eguzki artifizialen bestelako erabilerak eta adibideak ere: nekazaritza hipermodernoak megawatten pean hazitako letxugak ekoizten ditu, Japoniako Spread enpresaren bitartez. Modu berean, Danimarkan, Panasonic enpresak bonbillen argipean hazitako marrubiak ekoizten ditu. Zein izango da elikagaien kalitatea eta zaporea? Zein da ortu itxi eta erabat elektrifikatutako horien gastu energetikoa? Energetikoki jasangarria izango ote da bizimodu hori? Ez dago batere argi...
Unescok, 1992an, Gizateriaren Ondare izendatu zuen zerua. Hirietako ume gehienek ez dute sekula Esne Bidea ikusi eta, akaso, ez dute sekula ikusiko. Eta, nire ustez, zeruak badu aipatu gabeko balio etiko handi bat ere: gizakia unibertsoaren baitan dardara txiki-txiki bat baino ez dela gogorarazten digu. Giza neurrian jartzen gaitu. Zeru beltz izartsuari begira jarrita, gure neurriarekin alderatuta, neurrigabetasuna sentitu dezakegu. Eta, agian, hori izan daiteke giza harrokeriaren kontrako antidoto bat, apaltasuna eragiteko dardara, hozka existentziala. Nik, behintzat, hala sentitzen dut zeru izartsua begiratzeko aukera daukadanean.
ARKUPEAN
Izarrik gabeko gauak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu