mikel elorza
ARKUPEAN

Izarren hutsa

2014ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Larriki saritua» esaldia erabiltzen dugu batzuek, sariak banatzen direnetan, batik bat literatura alorrekoak eta espresuki lehiaketa bati dagozkionak. Udazkena garai oparoa da. Eta bestalde, idazleak egunotan medioak okupatzen ari dira, Durangoko Azoka dela medio; eta urtean zehar hainbat ekitaldi serio eta kulturi, batez ere kultu asmoa duenari, distira emateko baliatzen dira idazleak. Nahiz eta dirua beste batzuek eraman. Izarren hautsa futbol zelaietako soropiletan eta jatetxe txit glamurosoen baratzeetan —izpilikua eta ezkaiaren artean— loriagai bihurtzen den herri honetan. Baina gaur ez dut literatura sariez hitz egin nahi, larriki sarituez baizik. Eta larriki zaurituez, bereziki.

Edozein arlotako sarigintzan bai baita elementu komuna: saria ematen duena ohoratzeko balio du, batez ere, sariak.

Denis Mukwege ginekologo kongotarrak jaso du Europako Parlamentuaren Sakharov saria, eta harro egongo da, legebiltzarra diot, halako pertsona bati saria eman izanaz. Ez dakit Mukwegek bere burua larriki saritutzat emango duen, baina larriki zauritutako emakumeak artatzen eta defenditzen hainbesteko lana egina duen medikuak izango du errezeloa, saria bai eman diotela, Estrasburgoko Legebiltzarrean ohoratu dutela eta emozioz jarraitu bere diskurtsoa, malkoak isurtzeraino, baina errezeloa izango du, diot, entzun dizkiotenak ahaztuko zituztela gehienek Sakharov sariaren egun seinalatua ospatzeko afaltzera jatetxe batera joan zirenerako. Izardun jatetxe batera, jakina.

Eta izarra ez, satelitearen B aldera itzultzean, Bukavuko Panzi ospitalera itzultzen denean, sarituak zaurituak izango ditu zain: bortxatutako emakume eta haurrak. Izarrak, han, soilik marrazkietan minarekin lotutakoak dira. Min handia eta asko, eta izar gutxi.

Dozena erdi lerroburu egiteko esaldiak bota zituen Mukwegek saria jasotzean, emakumeen aurkako indarkeriari buruzkoak gehienbat. Kantu pop baterako letra izan zitekeena, «emakumearen gorputza gudu zelai bihurtua da», aiztokada da, haren ahoan, haren eskarmentuaren argira. Bortxaketa gerra-arma eraginkorregia bihurtua dela salatu zuen, «eraginkorregia», eta gordin deskribatu —nola bestela—, emakumezkoek jasaten duten bortizkeriaren latza. Munduko tokirik aberatsenetakoa izanik Afrika, munduko pobreena dela gogoratu zuen. Arrazoi ekonomikoak daudela gerra horren, eta beraz bortxaketa horien oinarrian. Eta harrikada-esaldiak: bakea ez da posible garapen ekonomiko eta sozialik gabe. Eta emakumezko hauei egindako kaltea, eragindako mina konpondu gabe.

Izarra bera izan zen goiz batez —gizonezkoa hau ere, hori ere egia da—, eta txaloak berari, baina txaloa baino laztana eskatu zigun Kongoko emakumeentzat, eta bostekoa, laguntzazkoa, eta batez ere ukabila, hura gertatzea ahalbidetzen dutenentzat. Zeinek ez dituzten zakilak Kongon dantzatzen, askoz hurbilago baizik.

Txaloak Mukwegek jaso eta izarra paparrean Europako Parlamentuak jarri zuen. Armadako jeneralek ere jartzen dituzte. Eta Munduko Txapelketako irabazleek elastikoan. Futbola. Gerra. Batzuetan ez da erraza biak bereizten: ez alferrik, gerra futbolaren luzapena baita, baliabide belikoekin burutua. Gizonezkoon afizioak, eta ofizioak.

Futbolaz ari naizela, jaurtiketa bat gaurko areatik kanpora bada ere: Osasunaren «zorra berregituratzea» erabaki du Nafarroako Legebiltzarrak (UPN, PSN eta PPN). Normala: herrialdearen ordezkaria da, saritua, izarrek osatua (une honetan distira apalekoak izanagatik), zorra berregituratzeko ez ezik estadioa berregiteko ere gure babesa, txaloa eta bostekoa jasoko duena. Gizonezkoenak, behintzat.

«Zorraren berregituraketa» eska dezatela etxetik botatzera datozkienak ere. Hori nahi dutela haiek ere, eta zorra puskaz txikiagoa dela, berregituratzen oso erraza. Baina badakigu bankuen erantzuna: izarren mantapean lo egitera bidaliko dituzte.

Hori ere ederra da, pop kantu bateko letra denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.