elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Itsasargiak

2016ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Irudiak 1921ekoak dira. Arboladi urbano bat jendez beteta; denetarik dago: gizonezko gorbatadunak, emakume dotoreak, ume saila jaietako jantzian... baita guardia zibilen batzuk ere trikornio eta guzti. Kamerak bide batez jasotzen ditu horiek denak, zeren objektiboa aurreskua dantzatzen ari diren bi emakumeengan dauka.

Hurrengo planoan, soka neskez osatuta, hura gidatzen ageri da aurreskua. Segidan, emakumezkoek gizonezkoak plazaren erdira atera eta sokara sarrarazi dituzte, soka-dantzaren protokolo guztia jarraituz; mutil gazte uniformatuak dira: praka eta alpargata zuriak eta paparrean ikurra duten kamixetak daramatzate, txapela buruan nahiz eskuan. Santurtziko arraunlariak dira eta omenaldia egiten ari zaie herria, Abran jokatutako estropada irabazi zutelako urte hartan.

«Soka-dantza irudi zaharrenetakoak izateaz gainera, ezagutzen ditugunen artean, emakumeek eskainitako soka-dantza baten irudi zaharrenak dira honakoak». Oier Araolaza dantza-maisu eta ikerlearen aurkezpena, dantzan.eus-en.

Emakumeek gidatutako soka-dantzaren irudi zaharren horiek berritzaile gertatzen dira gaur egunetik begiratuta. Hasteko, garaiko modernotasunean bilduta azaltzen direlako protagonistak. Arraunlariek, Aurelio Artetaren koadroetarako modeloak dirudite. Neska dantzariak berriz, poxpolinez edo baserritarrez jantzita egon ordez, garaiko traje eta soinekoz ageri dira, takoiezko zapatekin, charlestona ere dantza egiteko lotsarik gabe.

Horrek baino gehiago, dena den, neska dantzarien ziurtasunak, plazaz jabetu eta hor ospatzen ari den ekitaldi soziala gidatzeko erakusten duten erabakimenak pizten du arreta eta miresmena. Emilio Xabier Dueñasek, festari eta filmari buruz idatzitako artikuluan (dantzan.eus-en hau ere), dantzarietako batzuren izenak ematen ditu —Juana Agirre, Maria Fernandez, Elena Goyarzun...— hauxe erantsiz: «Herriko handikien familiekin bat datozen izen eta abizenak hauek, udalerrian XIX. mendearen amaieran jaioak gehienak». Ez zen urruti ibiliko Haydée Agirre (Santurtzi, 1907-Bilbo, 1998), agian gazteegia artean soka-dantza horretan partehartzeko, baina hamar urte geroago plazandre bihurtua, EAJko mitinlari gisa.

Santurtziko soka-dantzari buruzko film hori Euskararen Kultur Erakundeak ekoitzitako Soka, euskal dantzaren urratsetan erakusketak atera du plazara. Miarritzen estreinatua, Donostian dago apirilaren 2ra arte —KM kulturunean- eta Euskal Herrian zeharreko jiran jarraituko du hortik aurrera. Euskal dantzaren historia soziala lantzen du -batez ere- erakusketak, dokumentu grafiko benetan eder eta interesgarrien bitartez.

Beste erakusketa batean ere egon zitekeen, ordea, Santurtziko grabazio hori: Donostiako Untzi Museoak antolatu duen Emakumeak eta itsasoa izenekoan.Hemen ere historia sozialaren eskutik, itsaslaminen mitotik hasi eta gaur egungo itsas kirolarietarainoko bidea egiten du erakusketak, emakumezkoek itsasoarekin eta itsasgintzarekin izan duten lotura azalduz. Zirraragarriak gertatzen dira XX. mende hasieran Bilboko portuan ateratako argazkiak: emakumezkoak bakailaoa edo ikatza deskargatzenitsasontzietatik lurrera. Santurtziko dantzarien beste aldea dira maila sozialean, Santurtzitik Bilborako sardineren kideak gehienez.

Harribitxietako bat, kasu honetan, XVI.-XVII. mendeetako historian dago. Hor azaltzen dira emakume kortsarioren bat, itsasontzien jabe ziren andrazkoak, eta itsasoari lotutako jarduera ekonomikoetan aginte mailaren bat izan zutenak: Tomasa Azkarate, Marina de Rovere, Gracia de Atocha... Esanguratsuak, baina salbuespenak. Itzalaldi luzeegiko itsasargi keinukariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.