Inaki Galdos

Ispiluak eta kimuak

2024ko abenduaren 31
05:00
Entzun

Lepo beteta egon zen pasa den larunbatean Hernaniko Galarreta pilotalekua. Jende asko kanpoan ere geratu zen sartu ezinik. Giro aparta eta gazteak erruz finalak ikusteko. Bidea egiten ari den joera itxaropentsu baten kapitulu berria. Sartzeko zain geundela, betiko pilotazale batek duela ia zazpi urte arkupe honetan idatzi nuen zutabe bat ekarri zidan gogora. Erremontea hizpide —oro har pilota—, arrangura mezua izan zen hura, mezu etsia, goibela. Bistan da gauzak hobera joan direla urte hauetan eta, batez ere erromantiko batzuen lan izugarriari esker, arnasa hartzen ari da ia-ia hilzorian zegoen euskal pilotaren modalitate eder hau, bihar ekingo diogun urtean 125. urteurrena beteko duena. Baikortasunaren adierazle garbi gisa, leloa aldatu diote enpresako arduradunek euren jardunari: Erremontea bizirik agonikotik, Bizi Erremontea! aupada bulkatzailera. Bada zerbait.

Bertsua izan da zesta-puntak azken urte hauetan egindako ibilbidea ere. Epika erresistentetik, berrikuntzaz betetako egoerara egindako jauzia handia izan da, hau ere susperraldiaren erakusle. Asko falta da oraindik aipatutako bi modalitateak osasuntsu daudela esan dezagun —inoiz esatea lortzen badugu—, baina pilotazaleok pozik egoteko moduan gaudela ezin uka. Emakumeek euskal pilotaren munduan egindako urratsak pozik egoteko modukoak diren bezala, bide batez esana. Esku profesionala egoera hobean dagoela gauza nabarmena da, baina hemen ere ez gaude (daude) etxafuegoak botatzeko moduan: bihar bertan sekulakoa izango da Eibarko Astelenako betekada, baina Iñaki Elorza kazetariak kontatu izan duen moduan, bakarra izango da urte berri eguneko festibal hori, garai batean bospasei izaten zirenean Euskal Herriko pilotalekuetan.

Ez zen Galarretakoa, ordea, larunbateko berri on bakarra izan. Nazioarteko Pilota Federazioak ateak ireki zizkion Iruñean Euskadiko Euskal Federazioaren ofizialtasunari. Joko zuzeneko modalitateetan dagoeneko ofizialak gara, argi dezagun, sarri ahaztu egiten ditugu-eta joko molde eder horiek. Urrats bat da, eta ez azkena, baina duela gutxi arte ia pentsaezina zen larunbatean onartu zena inoiz onartuko zenik. Zuhur idatzi zuen orrialde hauetan Iñaut Matauko kazetariak bere kronika eta zuhur agertu ziren berak elkarrizketatutako zenbait pilotari ere. Hala behar du, gainera, baina ilusioa ere handia da momentuz. Jende askoren lanaren fruitua da orain arte lortutakoa, baita sarri kritika guztien jomuga izan diren zenbait erakunde eta alderdirena ere, ez beti kritika justuak. Bakoitzak bere kronika sentimentala egingo duenez, zilegi bekit hemen Kiko Caballero aipatzea, gero Martxel Toledo eta enparauek abian jarriko zuten mugimendu indartsu baten aitzindaria.

Duela ia zazpi urteko zutabe hark, gorago aipatu dudanak, Galarreta ispilu zuen izenburu. Baiki, pilotaren egoera dramatiko hura ispilu gisa aurkeztu nuen bertan; hau da, herrigintzan eta herri gisa bizirauteko ditugun arazoen erreflexua zen pilotarena nire ustez. Adibide bat gehiago, gure gabeziak eta miseriak agerian uzten zituena. Bada, pilotaren munduan kimuak agertzen hasi diren honetan, ez dakit ispilu hura balekoa izango den orain. Ez dakit pilotaren munduan ernamuintzen ari dena oro har gure herrian gertatzen ari den susperraldi berri baten ispilua den edo aurrerantzean izango den. Nahi nuke, baina ez dakit. «Zer litzateke Euskal Herria pilotarik gabe?», galdetzen/kantatzen zuen Panpi Ladutxek. Ondo esana, baina pilota baino askoz gehiago behar du gure herriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.