Orain dela zenbait urte, lankide emakumezko batek brastakoan bota zidan iruzurgilea sentitzen zela gure lanbidean. Kafea kontrako eztarritik joan eta zabal ireki nituen begiak, emakume buruargi hura itzultzaile aparta iruditzen zitzaidan eta: euskaratzaile zorrotza zen, langile saiatua eta lankide eskuzabala. Uste hori okerra zela erakusten zuten frogak zerrendatu nizkion; alferrik, ordea. Aitorpen hura oso sakon iltzatu zitzaidan barnean: batetik, susmoa nuelako neuk ere inoiz sumatua nuen sentipen lauso ezin aitortuzko berberaz ari zitzaidala. Bestetik, aitortza ausart horrek nire sentipen hori hitzetara eramateko bidea eman zidalako aurrenekoz. Arindu ederra benetan.
Anitz urtez ez nion iruzurgile sentitze horri aparteko garrantzirik eman. Garai bateko hezibidearekin lotzen nuen, haur ginela hagitz errotua baitzegoen umeak bitan banatzea: bizkorrak eta tuntunak. Bizkorrek ikasteko eta bizitzan arrakasta izateko balio zuten; tuntunek ez. Tuntunek, saiatuta ere, nekez lortuko zuten emaitza on-onik; balekoa gehienez. Talentuak berezkoa behar zuen. Ahalegintzeko eskatzen ziguten, baina, aldi berean, ahalegina bera susmagarria zen, talenturik ezaren froga, lotsaizuna. Laguntza eskatzea eta galdetzea libre zen, baina, aldi berean, gerta zitekeen lagunduko zizun irakasleak berak zu barregarri uztea gelakideen aitzinean halako galdera baboa egiteagatik.
Orain dela hilabete batzuk gizon batek kontatu zidan txikitan marrazki txukun bat egiten zuen aldiro begira gelditzen zitzaiola ezin sinetsirik berak egina zela. Bere abileziaren emaitzatzat hartu beharrean, uste zuen txiripaz edo zori hutsez moldatua zela ongi eta, hortaz, huts eginen zuela hurrengo saioan. Hark hori aitortu eta aste gutxira, jakin nuen sentipen horrek baduela izena: iruzurgilearen sindromea, eta Pauline R. Clance eta Suzanne A. Imes psikologoek 1978an deskribatu zutela lehen aldiz, lanbidean arrakasta ukaezina zuten andre batzuek sentitzen zutena azaltzeko: haien lorpenak garbiak izan arren, haien adimenaren, formakuntzaren eta ahaleginaren emaitza izan arren, beraiek ez zuten uste egiaz hain argiak eta hain trebeak zirenik. Orduz geroztik makina bat ikerketa egin dira gaiari buruz, eta badirudijendearen %70 sentitu garela noiz edo noiz iruzurti. Ez da, beraz, emakumeei soilik eragiten digun sindromea.
Nolanahi ere, ikerlari batzuen aburuz, gogorrago erasaten die emakumeei eta talde arrazializatuetako kideei. Uste da arrazoietako bat izan daitekeela lanbide jakin batzuetan emakume eta talde horietako kide gutxi egotea: eredu falta; baita bereizkeria ere, agerikoa zein sotila. Dena Simons Bronxen jaiotako afro-amerikarrak kontatzen du nola, ikasketa-beka baten bidez etxetik kanpo ikasten hasi zelarik, bazegoen irakasle bat maiz zuzentzen ziona ahoskera jendaurrean, ikaskide batzuen trufak gorabehera. Simonsek dio iruzurti sentiarazten zutela horrela, boteredunak esaten ziolako bere mintzatzeko manera ez zela zilegi, eta horrek eragin nabarmena izan duela bere lan ibilbidean. Gure erdaretako hotsak modu kanonikoan ahoskatzen ez dituzten euskaldunen bizkar oraindik ere jendaurrean trufatzeko dagoen ohitura horri buruz zer pentsatua ematen du horrek, ezta?
Gai interesgarri guztiek bezala, honek ere baditu hamaika ertz, baina adituen ustez, hitzetara ekartzea da sentipen galgarri horri aurre egiteko lehen urratsa. Ez da samurra, ordea, hala sentitzen garela aitortzea gure gizarte kapazitista honetan, non ahul eta zaurgarri agertzea ezgauza izatearekin lotzen den. Hala ere, hitz egitea bezalakorik ez dagoenez, gaur den egunean, ez Dena Simons, ezta hasieran aipatu dudan lankide buruargi hori ere, ez dira iruzurgile sentitzen. Neu ere ikasten ari naiz iruzurti sentipen noizbehinkako hori uxatzen eta lotsarik gabe laguntza eskatzen, ahuleziak onartzen, ezinak aitortzen, arrakastaz gozatzen eta lorpenez harrotzen. Osorik agertzen. Arindu ederra benetan.
ARKUPEAN
Iruzurgilearen sindromea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu