Garazi Kamio Anduaga.

Irrati-drama

2024ko martxoaren 5a
05:00
Entzun

Urtean behin beti datoz bisitan nire memoriatik Orson Welles eta aurreko mendearen 30eko hamarraldian egin zuen irrati-drama hura. H.G. Wellsen Munduen gerra liburua, irrati bidez emititzeko antzerki obra bat bilakatu zuen. Estatu Batuetako gizartea goitik behera astindu zuen, milaka entzulek sinistu baitzuten Wellesen antzezlana: estralurtarrak euren bila zetozen eta akabo Estatu Batuak. Orson Wellesen lana kazetaritza fakultateetan goraipatzen da eta, bide batez, komunikabideek izan dezaketen boterea erakusteko adibide garbia da.

Egutegiak denboraren gurpil zoroari balaztada txikiak ematen dizkio noizean behin. Gure baitan nonbait gordea dagoen horri gainean duen hauts geruza kentzeko garaian izaten da, herenegun gertatu bezala. 48 urte bete dira Gasteizko sarraskitik. Krabelin gorriak Zaramagan, memoriak ez dezan lizun geruzarik izan.

1976ko martxoaren 3 hura bizitu ez genuenok, garaiko albisteak eta ondorengo dokumentalak ikusi ditugu, ahaztu ezin denaren zantzu txiki bat geure baitara ekartzeko. Espainiako polizien arteko elkarrizketak grabatuta geratu ziren, artean FM frekuentziadun irrati-emisoreak zituztelako. Antzezlan bat balitz bezala dirudi: elizara sartzeko beldurrik ez izateko dio batek, gogor sartzeko eta hitz gutxitan, egin dezatela nahi dutena barruan daudenekin. Hurrengo elkarrizketa eliza barruan dagoen polizia batek hasten du: «Hemen sekulako sarraskia dago». Danteren irrati-nobela bat geratu zaigu betiko, aktoreen beharrik gabe. Orduan etortzen da Orson Welles bisitan, baina oraingo honetan, benetako zerbaiten zuzeneko emisioa izan zelako eta estralurtarrek benetako balak erabili zituztelako.

Wellesen lanaren jarraitzaile izango da Ertzaintza, baita ere. Duela 48 urte gertatu zena berreskuratzeko saiakera egin baitzuen igandean, egun hartan jazotakoa inork ez dezan aparretan utzi. Eta aparra ingelesez zera da, foam.

Wellesen bisita aparretan etorri da eta aurten birritan agertu da bisitari moduan. Oraingoan ere irratia izan du protagonista eta irrati-drama hori gosariarekin batera sartu zait asteon barruraino. Gasteizen geratzen den memoriaren arrastoaren aurretik izan zen eta jauzi Gazaraino egin genuen, Welles ondoan zela. Irrati-esatariak haserre esan zuen maizegi gertatzen ari dena: gerrako hildakoen inguruan hitz egiten hasten gara eta zifra hutsa dira. Norbanakoa ohitu egiten da zifra horietara eta berdin du zenbat hil diren, 5 edo 115, azken batean horrenbeste zifren dantzan pertsonak direla ere ahaztu egiten baitzaigu.

Pasa den astean irrati bidez entzun ahal izan zen Israelgo armadak Gazan egin zuen enegarren sarraskia: goseak ez akabatzeko jatekoaren bila joan ziren palestinarrek tiro-festa jaso zuten israeldarren aldetik. Dena entzun zen irrati bidez. Orson Wellesek zuzendutako antzerki-obra bat zirudien hark ere, zoritxarrez. Israelgo armadaren armen hotsa kafea baino hobea da barruak nahasteko. Irrati-esatariak argi utzi zuen entzun beharreko zerbait zela, zenbakien eta zifren festa ez dadin horretan geratu, esanahirik ez duten zifretan eta zenbakietan.

Giza laguntza doi-doi iristen den garaian eta soldadu israeldarrek edozein palestinar hezur-haragizko jo-puntutzat dutenean, noizean behin jatekoa dakarten poltsak hegazkinetatik botatzen dira eta itsasora iristen dira. Gazako biztanleek hondartzetan eta itsas ertzetan itxaroten dute, janaria dakarren altxorra kostaldera noiz iritsi zain. Haurrek duten dibertimendu nano bakarra da olatuek janaria nora eramango duten asmatzea. Sorollaren edozein koadroren antzekoa da. Haurrak, hondarra eta olatuak. Eta olatuetan aparra. Foam. Sorollaren edozein koadro izan zitekeen, baina ez zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.