Miren Josune Ariztondo Akarregi.
ARKUPEAN

Iritziak ikasbide

2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun

Ikerketa soziologikoak —tartean inkestak— aspaldikoak dira. Duela 25 urte inguru jaiotako batzuek bizirik eta eraginkor jarraitzen dute oraindik. Hasi berria da ostera Naziometroa, Telesforo Monzon eLab ikertegiak 2020an sortua.

 

Inkesten kalitatea emaitzetan asmatzetik haratago doa. Iker-eremuak ondo hautatzea, aldagaien identifikazioa zehazki mugatzea eta metodologia eraginkorra jarraitzea dira, besteak beste, kalitatea erabakitzen dutenak.

Inkesten helburu operatiboa herritarren iritziak ezagutu eta hedatzea da, baina iritzi sortzaileak ere badira inkestak. Batetik, nork bere burua besteekiko kokatzen laguntzen dute, eta, bestetik, gizartean nagusitzen diren zioak ezagutzeko ispilu egokiak dira.

Atzo bertan aurkeztu den IV. Naziometroak hezkuntza eta gobernantza ikertzen ditu. Datuak modu bitara azaltzen dira. Batetik, Euskal Herri osokoak bilduta, eta, bestetik, gure herriko hiru eremu soziopolitikoak bereizita. Euskal nazioa irudikatzeko sistematika horrek lekukotza politikotik haratago duen esangura urria da, halere, hainbat kasutan bildutako datuen erreferentzia juridiko-politikoak eta, kasurako, estatistikoak desberdinak direlako.

Atal ia-monografikoa hezkuntza duen inkesta honek hamar azpiatal bereizten ditu, bata baino bestea interesgarriagoak. Hezkuntzaren funtzionamendua, esaterako: Frantziako edo Espainiako hezkuntzekin alderatuta, %42k hobea dela uste dute, eta, okerragoa, %6k. Europarekin erkatzean, ostera, inkestatuen herenek okerragotzat jotzen dute gure hezkuntzaren egoera.

Hezkuntzaren helburuak eta lorpenak azaltzeko hamar adierazle erabili dira. Eta emaitzak oro har itxaropentsuak izanda ere, notarik altuena Gaztelania/frantses maila egokia eskuratzea item-ak ematen du (Iparraldean 6,1; Nafarroan 7,1; eta EAEn 7). Euskara maila egokia eskuratzea, ostera, Euskal Herri osoan 6,4ra ailegatzen da, eta lurraldeen arteko aldeak handiak dira (ordena berean 4,9 / 5,6 / 6,7).

Euskalduntzea azpiatalak aparteko atentzioa eskatzen du. Informazioak lasaitasunez aztertzea merezi badu ere, bada azpimarratzekorik. Esaterako, Ikasgai gehienak euskaraz ikasi beharko lirateke iritziari baiezkoa ematen diote Iparraldeko inkestatuen %16,3k, Nafarroan %18,6k eta EAEn %39,3k. Hauei gehitzen badizkiegu Ikasgai batzuk euskaraz ikasi beharko lirateke adierazpenaren aldekoak, lehengo ordena berean %36,7, %37,6 eta %67,1 dira. Gehien harritu nauten datuak izan dira.

Segregazioa da beste azpiataletako bat, eta hiru item ditu: Ikasleen onarpenerako ikastetxe guztietan arau berdinak izatea, Kuotarik ez kobratzea eta Matrikula guztiak leku berdinean egitea eta ez ikastetxe bakoitzean. Lehen neurriak du aldeko kopururik nabarmenena (%75etik gora hiru lurraldeetan) eta hirugarrena ostera ez da ailegatzen %50era.

Herritarrek azaltzen dituzten iritzietatik asko dago ikasteko. Hezkuntza komunitatearen uste batzuk aldatzen doazela ematen du, EAEn lortu berri den hezkuntza itunean aurreratzen diren eraldaketa-neurri batzuk ongi etorriak direla eta, oro har, inflexio-puntuaren hurrengo urratsak norantz egingo duen ez dela, inola ere, gauza ziurra. Etorkizuna, zorionez, ez dago idatzita. Ezta Arkupean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.