Amaia Nausia Pimoulier.
ARKUPEAN

Imajinatzen dudan distopian

2020ko ekainaren 18a
00:00
Entzun

Imajinatzen dudan utopian, datozen belaunaldietako historialariek sistema neolibelaralen hondoratzea aztertzen dutenean, azalduko dute hondoratze horrek 2020. urteko munduko pandemian eta horrek ekarri zuen krisi sozioekonomikoan izan zituela sustrai nagusiak. Nire utopia horretan, ikasketa kritikoak zentralak izanen dira curriculum akademikoan. Beraz, Pentsamendu Zientifikoa bezalako ikasgaiekin batera, Historiaren ikasgaiak merezi duen pisua izanen du; gazteek, Iraganaren azterketa kritikoaren lelopean, atzera begiratuko dute beraien egunerokotasuna hobeto ulertzeko. Barka, baina nire ogibidea ziurtatu beharko dut datozen urteotan, horretarako imajinatzen ari naiz nire utopia; irakurleak ingeniaritza formakuntza badu, pentsa dezala bere utopia propioa. Bueno, ba, errealitate berri super-marabilloso honetan, esaten nuen bezala, gaztetxoek eskoletan (komunitarioak eta publikoak direnak, noski) ondorengo gakoak azalduko dituzte XXI. mendeko 20ko hamarkadan gertatu zen sistema zaharraren hondoratzea aztertzen dutenean:

1. Ingurumen krisiaren eta klima aldaketaren aurrean emandako erantzun globala: Naturaren ikuspegi ia paleolitiko batera itzuliz, ustiapen-pentsamenduak gizakiaren egoteko modu berri bati bide emanen dio, eta horrek, noski, ekoizpen globalaren eredua aldatzea ekarriko du.

2. Sistema kapitalista zalantzan jartzearen ondorioz, berdintasunean eta justizia sozialean oinarritutako sistema ekonomiko berri bat sortzea.

3. 2020ko eragin zuzenarengatik, zaintzak erdigunean jartzea behingoz: osasun zerbitzuak, hezkuntza sistema eta menpekoen zaintza babestuz (sistema publiko, indartsu eta unibertsal baten barruan). Imajinario kolektiboan elkar zaintzeak berebiziko garrantzia lortu zuen, eta sare komunitarioak areagotu ziren (auzo elkarteak, komunitate txikien autoantolakuntza, eta abar).

4. Gizartea kontrolatzeko eta mendean hartzeko beldurraren diskurtsoa agortzea: gizarte militarista eta polizialak dagoeneko ez zuen leku gehiagorik izan beldurraren bidez kontrolatuak izateko dagoeneko prest ez zegoen gizarte batean.

5. Gizarte feministaren gorakada; mugimendu feministak zituen barne liskarrak alde batera utzita, benetako etsaia non zegoen ongi kokatzea lortu zuen mugimenduak, eta gizartea eraldatzea lortu zuen bere aldarrikapenen bidez.

Aldaketaren eragile nagusiei buruz galdetuta, ikasleek, zalantzarik gabe, gizarte zibila aipatuko lukete iraultzaren aktibo nagusi bezala; mugimendu feminista, deskolonialismoa, mugimendu antirrazistak, pentsiodunen mugimenduak eta antikapitalistak aipatuko lituzkete, besteen artean. Kontzientzia eta kultura demokratikoa bereganatu duen gizarte berri horretan, gatazka saihestu beharrean, erdigunean jarriko duten eredu demokratikoak eraikiko dira, baina modu eraginkorrean. Beraz, eztabaida publikorako gune seguruak sortuko dira, prozesuan sortzen diren botere harremanak kontuan hartuta eta harreman horietan esku hartuta, desartikulatzeko.

Flipatzen ari naiz, badakit. Baina dagoeneko esan dizuet nire utopia dela. Momentuz, eta distopiak modan daudenez, Netflixentzako gidoia prestatzen nabil, baina susmoa dut Filminek ere ez didala erosiko; izan ere, gidoia euskaraz prestatzen nabil, eta merkatu txikia dudala esan didate. Kontatuko dizuet.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.