Gaizka Aranguren.
ARKUPEAN

'Ikur errepublikanoa'

2015eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Balio errepublikanoen dohainak. Errepublikaren laizismoa. Errepublikaren imajinario politiko aurrerakoia. Errepublikaren gizatasuna. Errepublika eta berdintasuna. Errepublika eta askatasuna.

Hiru koloredun banderak, ustez, herritarren antolaketa horizontalagoa, hierarkia gutxiagokoa eta, bederen, errege-erreginarik gabea irudikatu izan du.

Zenbatgarren Errepublikaz ari garen ez du horrenbertzeko garrantzirik. Izan ere. Errepublikaren beraren aipamenak jarrera eta jokaera politiko jakin batzuekiko zaletasuna adierazten omen du. Eskuin zein ezkerreko ideologien agerbide izan daiteke Errepublikazaletasuna, nahiz eta, eskualdeen arabera eta berauen historiaren arabera, ezker-eskuin lerratze ideologikoek erregimenari berari buruzko zaletasunak egonkor ditzakeen.

Errepublikazaleek erregimen horrekin erkatzen ohi dute herritartasunaren kontzeptua. Jendartea subjektu politiko gorena da. Bertze inolako GU-rik behar ez duena. Ildo horretatik, errazagoa zaio ezkerreko diskurtso politiko tradizionalari, erraterako, nazio, etnia, kultur komunitate edo eta identitate kontzeptuak baztertzea eta balio atzerakoiekin lotzea. Indar eskuindar errepublikazaleek, bertzalde, gogotik heltzen diote aipatu diskurtsoari.

Gaur, gure inguruotan, Errepublikaren ikurrak sentimendu kontrajarriak pizten baditu ere, hiritartasunaren koloreak erakusten ditu. Horren isla nabarmenenetarikoa da erlijioaren eta botere instituzionalizatuaren artean egon beharreko banaketari dagokiona. Ez da bakarrik Estatuak ez duela erlijio konfesio jakin baten aldeko hautua egiten, baizik eta erlijioak hautu pribatu hutsari lotuta egon behar duela eta ez diola Estatuari inolako identifikazio gehigarririk ematen. Guztiz alderantziz.

Hemen, Euskal Herrian, guttiengoa den monarkiazale amorratuak alde batera utzita, euskal abertzaleen artean sortzen ditu Errepublikaren ikurrak mesfidantzarik handiena, bai eta kontrako jarrera sutsuena ere, ziur aski. Eztabaida pizteko balio duen elementua izan ohi da. Izan ere, ezkertzale eta abertzale direnen artean, Errepublikaren ikurrek adierazten dutenarekiko errespetua baino gehiago erakusten dute maiz hainbatek.

Familia gehienetan bada inor Errepublikaren alde gerra egin zuena XX. mendean. Gehienak ez dira jadanik bizi, baina haiek emandako odolaren oroimenak Errepublikarekiko hurbiltasuna eta zaletasuna elikatzen du.

Gaur, hilak 14, Errepublika eta bere balioak gogora ekartzeko data aproposena da. Ohikoa dena baino balkoi gehiagotan hiru koloredun Errepublikaren bandera ikusgai izanen dugu eta eguna ospatzeko ekitaldi ugari antolatuko dituzte han-hemenka.

Zenbait tokitan bandera Errepublikanoaren igoera ekitaldiak eginen dira eta, hori egia da, bertan ez dira euskal abertzaleak egonen. Haietako bakar batek ere ez du parte hartuko Errepublikaren banderaren gorazarre ekitaldietan.

Izan ere, askatasunaren eta berdintasunaren ikur omen den Errepublikaren bandera menperatuta segitzen duten nazioen jazarpenaren adierazle ere bada. Hiru koloredun banderaren itzalpean hainbat herriren hizkuntzek desagertze bidean segitu zuten eta segitzen dute.

Errepublikaren hiru koloredun bandera, Askatasuna, berdintasuna, ahaidetasuna, Marianne, La Marsellaise eta... Harekin batera, hori bai, oilarra (Gallus > Gaule)... Azkenean, muinean, erreferentzia etniko bat duen iruditeria nazionala.

Gaur, hilak 14. Uztaila edo apirila den...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.