Inaki Galdos

Ikastolak Pat Bieterren begietan

2024ko urriaren 8a
05:00
Entzun

Kilometroak ospatu zen igandean Azpeitian. Gisa horretako festa guztien atarian gertatu ohi den bezala, izan dugu betarik ikastolen inguruko gogoeta eta eztabaidak jarraitzeko. Bide batez, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sailburua berria denez, sarri agertu zaigu Begoña Pedrosa aspaldion hedabideetan bere iritzi eta asmoak azaltzen. Tartean ikastolen ingurukoa, jakina.

Gertatu ohi da ikerketa baten baitan artxiboak arakatzen hasi eta altxor txikiekin topo egitea, nahiz eta aurkikuntzak ez izan zerikusi handiegirik ikerketaren helburu nagusiarekin. Hori bera gertatu zaigu guri 1974an Ameriketako Estatu Batuetako Boisetik Oñatira etorri zen eta hemen birritan hizpide izan dugun talde haren inguruko miaketa lanean geniharduela. Oñatiko campus haien sortzaile eta arduradun nagusia zen Pat Bieter irakaslearen (1930-1999) txosten ederrarekin egin dugu topo, duela ia bost hamarkada idatzia, berak miresten zuen ikastolen mugimenduaren inguruan. Jakina da Ipar Dakotan jaioa zela eta ez zuela euskal munduarekin harremanik izan Idahon Eloisa Garmendia ezagutu zuen arte, Lekeitio, Larrabetzu eta Lezamako jatorria zuen euskal-amerikarra. Hortik aurrerakoa maitasun historia izan zen Pat Bieterrena Euskal Herriarekin, bereziki euskararekin.

Urte hartan Oñatira familia osoarekin etorri zenez, 7 urteko seme gazteena, Mark, ikastolara bidali zuten. Esperientzia hori abiapuntu hartuta, benetan testu interesgarria idatzi zuen ingelesez, inon argitaratu gabekoa, nahiz eta horretarako pentsatua dagoelako itxura osoa duen. Izenburua argigarria da: Euskal ikastolak: eskola berriak garai aldakorrean. Bide batez, Mark semeak berak ere idatziak utzi ditu ikasturte hartako bere oroitzapenak. Beste hainbat bitxikeriaren artean, ahaztezinak dira berarentzat inspektore frankistak iritsiko (omen) zirenerako, gelan egiten zituzten entseguak: «¡Buenos días, señor inspector!».

Orduko ikastolen barne tentsioak eta zatiketak deskribatzen ditu Pat Bieterrek, duela zazpi urte arkupe honetan Burgesak eta komunistak izeneko zutabean aipatu genituenak. Ideologia (oso) ezberdinen arteko elkarbizitza nola gauzatzen zen harriduraz ikusten zuen guraso gisa parte hartzen zuen bileretan, baina baita ikastolen fenomenoa hobeto ulertzeko izaten zituen solasaldietan ere. Adibide gisa ikastolen taberna haiek hartzen ditu: marxistak eta katoliko jainkozaleak elkarrekin txikitoak bezeroei ateratzen. Oso bitxia zen berarentzat tabernen kontua, eta bere buruari txostenean galdetzen dio ea AEBetan izango den eskola bakarra taberna bat diru-iturri nagusienetakoa duena.

Ikastola haietan bizirik zeuden beste kezka iturri batzuk ere aipatzen ditu Bieterrek bere testuan, besteak beste euskara batuaren afera, toki batzuetan beste batzuetan baino indar handiagoa izan zuena. Adibidez, oker ez bagaude, garai hartan egin zituzten bozketak Urola bailarako ikastolek, zein bide hartu behar zuten erabakitzeko. Ordutegiak, gelen dinamika, gurasoen inplikazioa eta beste hainbat kontu interesgarri ere aipatu zituen. Ikastolena mundu osoko ikerlariek txalotu beharreko ekimena zela zioen bukaeran, bizirik zegoen (dagoen) hizkuntza zaharrenetako bat bizirik mantentzeko ahalegina miresgarria zelako. Eta horrekin batera, iragarpen gisa edo, benetan galdera mamitsua ere bota zuen Bieter irakasleak, handik hamarkada batzuetara hemen azaleratu ziren eztabaiden aurrekari: Zer gertatuko da ikastolekin eskola publikoen sarean euskara sartzen hasten denen? «Denborak esango du ze norabide hartzen duten ikastolek», erantzun zion bere buruari.

Benetan da testu aberatsa, altxor txiki bat ere bai; 70eko hamarkadako ikastolen errealitatea amerikar baten begietan. Itzultzen eta txukuntzen dihardugu orain, baina, Bieter familiaren oniritziarekin, karpeta zahar batetik kanpo inoiz izan ez duen bizitza izan lezake orain, agian Ikastolen Elkartearen bidez edo. Gutxienez jakin dezagun txosten hura idatzi zuela. Eta idatzi zuena oraindik ere baliagarria dela jabetu gaitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.