Miren Josune Ariztondo Akarregi.
ARKUPEAN

Ikaslea, ikastetxe ahaldunduan (I)

2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Aspaldikoa da hezkuntzari buruzko jarduna, euskal gizarteak XXI. mendean ere Euskal Herria nor izateko ezinbestekoa dela askok partekatzen dugun iritzita da-eta.

Edozein gai aztertzeko orduan geure aurreiritzietatik abiatzen gara; hezkuntza-diskurtsoaren eraldaketa iragartzen duen testura ere ez gara usterik barik hurbiltzen. Arraroagoa da ikuspegi anitz akreditatua duten euskal ordezkari politiko ia guztiek adostu duten hitzarmena aztertu ostean nork berean jarraitzea, hots, inongo eraldaketarik ez nabaritzea, betikoan jarraitzen dela esatea.

Datu berrien gainetik nork bereari eustea baino hobe deritzot lasai irakurtzea, hilabete batzuk baititugu ezbaian jartzeko legeari bide emanez Legebiltzarrean berretsiko den testu hori.

Hezkuntzak berezkoak dituen arlo nagusiak jasotzen ditu hitzarmenak. Euskararen arrastoa jarraitzea hautatu dut. Euskararen balioak hitzarmen osoa bustitzen du, benetan da sistema osoaren zehar-lerroetako bat. Erabilera heraldikotik ihesi, kapitulu guztietan da ageri Euskararen Legeak hezkuntzari aitortzen dion garrantzia eta eskatzen dion ardura.

Euskara eta euskal kultura, berdintasunarekin eta elkarbizitzarekin batera, elkar-lotzen dira hitzarmenean euskal hezkuntza mundu globalean birkokatzeko helburuz. Euskarak presentzia urria duen ingurune soziolinguistikoetan diharduten ikasle zein ikastetxeek berariazko baliabideak jasoko dituzte. Ikaslea da euskal hezkuntzaren gunea, eta helburua da bi hizkuntza ofizialetan Europako Erreferentzia den B1 lortzea LH amaitzerakoan, eta B2 DBH amaitzerakoan. Testuinguru horretan kokatzen da hizkuntza-proiektua, ikastetxe bakoitzak egin, garatu eta ebaluatuko duena berariazko hezkuntza-zerbitzuekin elkarlanean.

Euskara ardatz duen proiektu integralaren alde egiten da, bai curriculumean eta baita curriculumetik kanpoko hezkuntza-esparruetan ere. Eta neurriak zehazten dira euskararen erabilera indartzeko eskola-komunitateko kideen arteko harremanetan. Euskara da, beraz, erreferentzia-hizkuntza, eta bere erabilera aktiboa sustatzea da eginkizuna.

Hezkuntza-eraldaketaren ezaugarriak diren ekitatea eta bikaintasuna bereziki bultzatzera dator Ikasteko eta Etengabe Hobetzeko Palankak atala. Euskal eskola inklusiboa edo hezkidetzarako eskola dira, besteak beste, euskal hezkuntza kezka gisa bizitzetik aukeratzat hartzera bultzatuko duten sataiak. Horien artean dago Euskara Ikaskuntzarako Institutua, ikas-metodologiak, irakasleen prestakuntza, hizkuntza-mailak ziurtatzeko baliabideak, dokumentazio egokiak eta abar bideratzeko tresna estrategikoa.

Esan bezala, ikaslea da euskal hezkuntza sistema eraldatuaren gunea, eta ikastetxe ahaldundua, eremua. Administrazioak irizpide horiekin garatuko du betekizuna, baita hizkuntza kontuetan ere. Hitzarmena irakurrita, ez dago esaterik ez dela egiten murgiltze ereduaren alde. Alderantziz, ikastetxe bakoitzak izango du eskumena eta erantzukizuna. Ahalduntzea da, hezkuntzan ere, burujabetzarako lehen urratsa. Sinistea da gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.