Miren Josune Ariztondo Akarregi.
ARKUPEAN

Ikaslea, ikastetxe ahaldunduan (eta II)

2022ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Azkar joan dira jai egunak. Gizartea bera bezain anitzak dira aisia dastatzeko erak. Urrun edo gertu, hirietan zein mendi edo itsasertzetan, lagunartean edo etxeko bakardade lasaian... denetan dago gozatzeko aukera.

Ni neu etxe inguruan ibili naiz. Aspaldiko argazkien artean eskura etorri zait 1933ko Aberri Eguneko bat. Donostian zen eta han dago gure attitte Miel Handixe Santa Katalina zubian zehar jendetza ederrean. Kontatzen zuen itsasontzian joan zela Ondarroatik eta mitinak eta kalejira ostean, etxera. Egunetara, herriko batek Donostiako erakusleiho batean argazkia ikusi eta ekarri zuen hura dut eskuan 89 urteren bueltan. Aberri Eguna, gaurkotasun osoa duen euskal memoria nazionala.

Amaitu dira atseden egunak eta etorri dira kezkak eta erronkak. Hemen diraute pandemiaren arrasto batzuek eta ondorio gehienek, ukrainarren sufrikarioa ez doa hobera, Europako Banku Zentralak ez du zor publikorik erosten jarraituko eta herri erakundeak egunerokoaz gaindiko begirada luzez dabiltza jardunean.

Euskal hezkuntza eraldatzeko akordioa ere hemen da. Hainbat atalek eskatzen dute irakurketa lasaia, baina oraingoan segregazioa hartu dut hizpide. Sakoneko diskurtsoa eta konpromisoak, biak dira ezinbestekoak komunitatea eraikitzeko eta bietan asmatu du Legebiltzarrean gehiengo nabarmenez adostu den hitzarmen honek.

Bizikidetza eta ikasle guztien hezkuntza eskubideak bermatu eta kalitatez garatzea da urgentzia osoz oratu den langaia. Erronka konplexua da, eskolak soilik ezin gainditu dezakeena baina eskolarik barik ezinezkoa dena. Hezkuntza-administrazio eta -zerbitzu nagusiei zein ikastetxe ahaldunduei dagozkie ardurak hartzea, hots, ikasle etorkinei atentzio didaktiko berezia eskaintzea, ikasteko zailtasunak zein gaitasun handiak dituzten ikasleen premiak atenditzea edota genero- edo sexu-bazterkeriak jasaten dituztenekiko jarduera pedagogiko egokienak gauzatzea.

Gizarte-bazterkeria eragiten duten faktoreak sakonak eta anitzak dira. Inoiz bestelakorik esan bada ere, ez dago sare jakin bati aitortzerik ekitatean eredugarritasuna. Badira, hori bai, aitortza osoa irabazi duten ikastetxeak, esfortzu handiz eta sarritan bitarteko urriz jardun dutenak egoerarik ahulenean dauden ikasleen eskubideak bermatzeko ahaleginean. Lan horiek ezagutu eta kontuan hartzea tokatzen da setakeriak bazter utziz.

Diskurtsoa ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Izenak izana duen bezala, esanak jarduna eskatzen du, ekitatearen aldeko diskurtsoak berezkoak dituen bezala konpromiso zehatzak. Hitzarmeneko batzuk aipatzekotan, (i) erronkari aurre egiteko plan ebaluagarriak dituzten ikastetxeak Euskal Hezkuntza Zerbitzuko parte izango dira, dena dela ere ikastetxeon izaera juridikoa; (ii) gurasoen ikastetxea aukeratzeko eskubidearekin batera ikastetxe guztietan gordeko dira plazak ikasle zaurgarriek aukera ditzaten; (iii) heziketa formal zein ez formalerako aukera berdintasuna babesteko neurri zehatzak hartuko dira. Denon artean denontzako hezkuntza. Horixe da aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.