elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Ijitoak deskubritzen

2023ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Bola de Nieve (Guanabacoa, 1911-Mexiko, 1971) pianista eta kantari kubatar ahaztezinari entzuten, hor harrapatu diot: «gitana de las Castillas,nacida en Valladolid». Lope de Vegaren El caballero de Olmedo antezlanetik hartutakoak dirahitzak, XVII. mendekoak. Ordurako bazebiltzan ijitoak Gaztelan eta baita Euskal Herrian ere.Nicole Lougarot zuberotarrak, Buhameak, historiarik gabeko jendea? liburuan (Gatuzain, 2021), XIV. mendetik aurrera kokatzen ditu buhame edo ijitoak Bidasoaren bi aldeetan.

Gure ahizpa beltzaranenari, umetan, auzoko batek esaten zion ijitoen karroan etorritakoa zela. 60ko hamarkadan, artean, hala iritsi ohi zen jende beltzaran hura gure herrira, karroan. Tartean bazen bat —Teresa— emakume galanta, etxera ate joka etorri eta euskaraz hitz egiten zuena; hura payoa zela esaten zen herrian, baina guri kosta egiten zitzaigun horren esanahia ulertzea, ze karroan zetozenak ijitoak ziren definizioz. Gainontzean, ijitoekin sekula edukitako harremanik gertukoena Iruñeko kartzelan izan nuen, 1974ko apirilean; emakume bat eta haren semea zeuden, mutiko ilehori polit bat, artean besotako umea.

Tamara Clavería eta Noemí Amayak sinatutako Ijitoak Euskal Herrian artikulua irakurri (BERRIA, 2023-04-11), eta Euskal Herria nahiko ondo ezagutzen dudan ustea pikutara joan zait. Hasteko, Amuge emakume ijitoen elkarteko bi kide horiek froga modura luzatzen dituzten galderetan, zero. Alegia, ez nekiela ijitoek bandera eta ereserkia zutenik. Bandera, bi banda horizontalekin, urdina goian (zerua?), berdea behean (lurra?), eta gainean, gorriz... karro baten gurpila. Ereserkia, Gelem Gelem da; dotorea eta emozioa pizten duen horietakoa. Buhameen iragan ibiltaria aipatzen du, eta baita II. Mundu Gerran nazien Legio Beltzak haien kontra egindako sarraskia ere. Maila horretara iritsi gabe, Euskal Herriko bi aldeetan erejazarpena pairatu dute ijitoek mendeetan zehar. Nicole Lougarotek kontatzen duenez, XVI.ean behin eta berriz hartu zuten agintariek buhameak kanporatzeko erabakia; hurrengo mendean Gipuzkoa eta Bizkaiko batzarreek ijitoak harrapatzen zituztenei ordaina ematen zieten; ijitoak erresistitzen baziren, zilegi zen haiek hiltzea. XIX. mende hasieran, Iparraldean, buhameak atxilotu eta deportatzea agindu zuen garaiko prefetak.

Jazarpena beste era batekoa da gaur egun. Tamara Claveríak eta Noemí Amayak «bereziki gogaitzen gaituen kontzeptu bat» aipatzen dute: integrazioa, baieztatuz «integrazioa inposizio hutsa» dela. Haratago ere jotzen dute: «Bost axola integrazio hitza inklusio bezalako beste eufemismo batzuekin ordezkatzea, logika mantentzen bada». Onartu behar dut begiak ireki dizkidatela ohartarazpen hauekin eta beste batzuekin. Esaterako, hauxe: «Emakume ijitoak arestian epaitzen gintuzten moral katolikoa urratzeagatik; gaur egun, kontrakoagatik: emakume ahaldunduak ez izateagatik, feminismo zuriaren kanonen arabera». Apurka eta poliki banoa jabetzen ijitoen zibilizazioa bestelakoa dela arlo guztietan, «sistema kapitalistari planto» egiten diona, eta «bizimodu komunitarioei» eusten diena.

Bere izaera, hizkuntza eta kultura gutxietsirik eta hankapean ikusi dituen herriak zer egin behar duen sobera dakigu; ezaguna zaigu eginkizun horren tamaina eta tankera. Hala ere, ez nuke parekotasun merkerik egin nahi; ijito herriaren historiak eta bilakaerak beste zuztar eta ezaugarri batzuk baititu, beste ertz batzuk, eta —hain zuzen ere— horiek kontuan hartu eta errespetatzetik abiatu behar du edozein hurbilpenek. Badaezpada, ozenki botako ditut neure buruari ezarri dizkiodan mandatuak: ezikusia ekidin, tabuak eraitsi, aurreiritziak ezabatu, ezjakintasuna gainditu, errezeloak desegin... eta deskubrimenduaz gozatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.