Aner Euzkitze.

Ihes, hemendik ihes

2024ko maiatzaren 16a
05:00
Entzun

Zer nahiago duzu, zuk zure oroitzapen denak galtzea ala mundu guztiak zuri buruz dauzkan oroitzapen denak galtzea? Ahantz dezazun ala ahantz zaitzaten? Horrela hasi zen hau dena.

Beldurgarria da memoria, erakargarria ahanztura, eta ez dakit zer dagoen bien artean. Iragana gertatuegi dago. Leku honek gauza gehiegi esan nahi ditu. Gogoratu naiz ahaztu nahi nuen horretaz. Bihurtu naizen honek ez dio sekula ez izaten utziko behinola izan nintzen horri, eta hori zama handiegia da. Gogoratzea gauza arrunta da, ez dauka meriturik. Ahantz nazazue, arren, egin ahalegina, ezabatu, Supr, exit, Ctrl+Z, zerbait, aaaaaaa.

Euskal Herritik tarteka eta neuk hala erabakita irteten hasi naizenetik nabil hala. Azken bi urtean pare bana aldiz joan naiz Madrila eta Bartzelonara bakarrik, lagun bakarrarekin edo talde txikian, eta mesede egin didan neurri berean sortu dizkit zalantza existentzialak.

Han autobusak jendez beteta doaz, kale asko daude, metroaren geltoki guztiak dakizkiena friki bat da (Gasteizen tranbiarenak dakizkiena gasteiztarra da, besterik gabe; gasteiztarra izateak ez du kentzen frikia izan zaitezkeela), jende ezezagun asko norabide berean doa oinez, zure konfiantzazko kafetegiaren izen bera daukaten beste hogei kafetegi daude, beharbada ez dakite konfiantza hitza horrela deklinatzen, beharbada ez zaio inori inporta zure konfiantza deklinatzeko modua. Metro geltokira sartu eta kableak, txispak, zuloak, kableak, metala, kableak, bagoiak, kableak, erraiak, kableak, kableak. Tunel esanahigabetuok, eskua arrastan pasatu eta beltz eta zikin eta haustu aterako zaidalako sentsazio plazerezkoa. Han barrura sartu nahi nuke inor bertan bizi ez dela ziurtatzeko. Leku askoz okerragoetan bizi da jendea.

Bilbon ere gertatzen zait pixka bat, baina ez neurri berean. Irten kalera eta ez dago nor zinen eta —beraz (?)— nor zaren dakienik. Anonimotasunaren fantasia hori, askatasunaren autokonbikzioa, «hemen ez gara inor». Jantz ditzaket nik zure arropak eta zuk nireak, har dezaket zure izena eta zuk nirea, mugi naiteke zu bezala, mintza zaitezke ni bezala, izan naiteke zu, izan zaitezke ni... eta ez du inork jakingo ni zu naizenik, zu ni zarenik, inork ez baitaki nor garen zu eta ni. Esan dezaket Arantxa Tapia izena dudala, eta inork ez du ezer planteatuko, eta Arantxa Tapia deituko didate. Ze ona. Hori egingo dut hurrengoan.

Ez dut uste inor naizela uste dudanik, ez da hori, baina batzuetan gehiegi pisatzen dit atzera begiratu ahal izateak. Garrantzitsua dela diozue, eta nik ere errepikatu izan dut, baina ez zaizkit gustatzen gauza garrantzitsuak. Batzuetan bulkada ero bat sartzen zait ihes egitekoa, bilakatu naizen honi uko egitekoa, urtebetez Euskal Herritik joan eta gezurrezko egia bat asmatzekoa, bizitza berri bat; ez da hain zaila, hemen bezain garestia da pisu bat han.

Tentagarriegi zait potentzialitate hori, ileordea kendu eta zapaldu eta hil. Iraganik gabeko norbait izan nahi nuke batzuetan, askatasunaren errelato hori irentsi eta gauzatu, gu-rik gabeko ni bat eraiki. Ez dut nahi begira nazazuen esanez bezala «Nora zoaz? Kontuz. Prest nago zuri nor zaren eta zer dagokizun gogorarazteko, eta aski zait harridura-imintziorik txikiena, bekainen mugimendu zehatz hori, dena gainera eror dakizun».

Ez dakit inork ulertu duen hau. Koma gehiegi pilatu zaizkit. Zuek ere amestuko zenuten horrekin, eta, bestela, pozten naiz zuengatik beti egon bazarete gustura zeuen buruekin. Pozten naiz, eta gorroto zaituztet, gizonak zaretelako batik bat. Ez nago dirudien bezain gaizki, lasai, baina bi astez jarraian ezin izan dut psikologoarenera joan. Ez da besterik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.