Aiora Sanpedrok aurreko egunean egunkari honetan esaten zuen legez, giza zientziak ez daude oso kinka onean. Giza eta gizarte zientzien gutxiespena ez da kontu berria, baina ematen du gero eta zabalduagoa dagoela sinestea zientzia teknologikoak direla giza garabiderako jakintza arlorik funtsezkoenak, eta humanitateak, aldiz, hutsalenak. Segur aski, horrelako ideiak zabaltzen dituztenei eman beharreko lehen erantzuna litzateke esatea zientziak elkar osagarriak direla eta gaur egun inoiz baino baliagarriagoak zaizkigula diziplinarteko ikerlanak, arlo bateko zein besteko ezagupideak egoki uztartzen dituztenak. Hortaz, zientzien hierarkizazioa litzateke auzitan jarri beharreko lehen kontua, humanitateei hierarkia horretan esleitzen zaien azpiko lekutik aterako baditugu.
Orokortzea beti da arriskutsua, baina arriskatuko naiz: esanen nuke garai batean, oro har, letrak batez ere neskendako jotzen zirela egokitzat eta gaur egun, berriz, gelako ikasle buruargienak ez diren horiendako... eta neskendako (buruargi izan ala ez). Gauzak konplexuagoak dira, noski, baina orain dela berrogeita hamar urte historia edo filologia egitea debekatu zieten gizonak ezagutzen ditut (ingeniari izatera behartu zituztenak, adibidez), eta orain dela bi urte guraso batek bere atsekabea erakutsi zidan semeak soziologia ikasi nahi zuelako (alaba letretako gradu bat egiten ari zen unibertsitatean ordurako eta neskaren hautuak ez zion inongo nahigaberik eragin, edo ez zuen behintzat kezka hori jendaurrean azaldu).
Azken egunotan asaldatu egin gara, arrazoi osoz asaldatu ere, Bolsonarok iragarri duelako unibertsitate publikoetan murrizketak egin asmo dituela, batez ere filosofia eta soziologia ikasketetan, zergadunei onura eztabaidaezina ekartzen dieten ikasketak indartzeko, hala nola medikuntza edo ingeniaritza. Hainbat ikerlarik manifestu bat sinatuz erantzun diote. Hezkuntza arloko inbertsioa eta berehalako etekina bereizi beharraz ohartarazten diote, gure gizarteek prestakuntza intelektual zabal eta orokorreko herritarrak behar dituztela gogoratzen. Halaber oroitarazten diote gizarte demokratikoetan ezin dela politikarien erabakia izan zein diren irakasgai egokiak eta ezagutza ezin dela ebaluatu kontuan hartuz zenbateraino egokitzen zaion ideologia nagusiari.
Tamala da oraindik ere gauza horiek oroitarazten ibili beharra, baina holakoxe munduan bizi gara... Brasildik datorkigun berri hori arras kezkagarria den arren, nire irudikoz larriagoa da susmatzea jende askok uste duela letrak «galtzaileen» aukera direla. Iritzi hori ez da sarri ahoan bilorik gabe botatzen, baina bada giro bat ustekizun hori indartzen duena. Eta giro hori zait niri kezkagarrien.
Udaberriarekin batera, haurrendako udarako proposamen ugari heltzen zaizkigu gurasoei. Aurten, ingelesa hobetzeko eta orotariko kiroletan aritzeko aukerez gain, robotikako lantegi batzuen, kimikako hiri kanpamentu baten eta zenbait kanpamentu teknologikoren proposamenak etorri zaizkigu. Aukera zoragarriak iruditzen zaizkit, nola ez, baina eskertuko nuke pentsamendu kritikoa eta hausnarketa gaitasunak modu ludikoan lantzeko proposamenak ere helduko balitzaizkigu.
Aspaldion, neskak zientzien arloetara eta ingeniaritzetara erakartzeko kanpainak ere gauzatzen dituzte instituzioek, eta egoki deritzot eta zuzen. Baina eskertuko nituzke, orobat, mutilak humanitateetara bideratzeko kanpainak. Eta batik bat eskertuko nuke curriculumetan nahasiagoak egonen balira bateko eta besteko irakasgaiak, eta moduak aurkituko balira segurtatzeko ikasleen sen kritiko eta filosofikoa indartzen duten irakasgaiak ere txertatzen direla ingeniaritzan eta medikuntzan. Bolsonaroren erabakiaren aurkako manifestuan dioten gisan, gizarte eta giza zientziak ez dira luxua; munduari buruzko pentsamendu kritikoa eta gure gizarteen funtzionamenduari buruzko ezagutza sakona ezin dira izan aberatsenen pribilegioa. «Irabazi asmorik gabeko» jakintzei zor zaien aitortza eta lekua emanez gero, denok irabazle.
ARKUPEAN
Humanitateen kinkaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu