Batzuetan iruditzen zait ezen jendarte berdinzaleago baten, mundu bidezkoago baten alde gaudenok harrika egiten diogula geure helburuei (eta geure buruei) gugan hagitz errotua dugun joera batekin zeinaren ondorioz eskastzat eta baliogabetzat jotzen baititugu oraingo gizarte antolamendu bidegabea berehalakoan errotik iraultzeko balioko ez duten urratsak oro. Jaidura hori, kritika eraikitzaileaz oso bestelakoa izan ohi dena, modu diferentetan azaleratzen zaigu, baina badira bi molde niri aspaldi honetan hagitz aspergarriak begitantzen zaizkidanak: batetik, zeinahi egitasmo edo ekintza pertsonal nahiz kolektibo epaitzean hura sekula eta betiko hutsaltzeko balioko duen orban garbiezinen bati baizik ez erreparatzea; eta, bestetik, haiek onesgarriak direla ebazteko ezinbestekotzat jotzea haien azpian leudekeen asmo guztiak moralki akasgabeak izatea.
Batzuetan iruditzen zait edozein eginbideren ugerraren bila etengabe ibili behar hori ez ote dugun baliatzen zerbaitetan saiatzen ari direnei erdeinuz begiratzeko gure nagusitasun moralaren talaiatik. Ez oso aspaldi, adiskide batek pozik eman zigun bere azken erabakiaren berri. Kontatu zigun hipermerkatuetara joateari utziko ziola, eta auzoko saltokietan erosten hasiko, denda txikien eta bertoko produktuen alde egin nahi zuelako. Gure beste lagun batek, arras erradikala bera, erantzun zion hura hipermerkatuetara ez joatea ez zela hainbesteko meritua ere, azken batean ez ote zuen, bada, behin aipatu holako gune handiak zorabiagarriak egiten zitzaizkiola? Harritu eta sumindu egin nintzen, erantzun horrek adiskidearen hautua mespretxatzen zuelako eta hitz haietan kukuturik esaldi hau zegoelako: hi ez haiz onbidean barrena joateko bezain ona.
Batzuetan iruditzen zait gisa horretako jarreretan gotortzen garela guk geuk deusi ez heltzeko, bertan goxo egoteko eta, bidenabar, gure orbangabetasunari atxikitzeko, geure buruak mundu honetako borroka ñabar eta lurtarretan ez lohitzeko, mundu honetan bizitze hutsak mundu honetakoak eginen ez bagintu bezala. Joan den larunbatean, afalondoan lagunartean ginela, afaltiarretako batek bota zuen etxean Oxfameko kafea erosten dutela beti. Bidezko merkataritzaz eztabaidatzeko parada eman zezakeen esaldi horrek, arlo horretan sustatzen den gardentasunaz eta erantzukidetasunaz, bidezko prezioak ordaindu beharraz, erosle garen aldetik dugun indarraz, merkataritza molde alternatiboen argiez eta ilunez. Esaldi hori bidea izan zitekeen solastatzeko Setem-ekoen Arropa Garbia kanpainaz edo SKFK arropa markak moda etikoaren alde egin duen urratsaz. Eztabaida kritikoa eta mamitsua zabal zezakeen esaldi horrek, baina aipatu lagun erradikalak Oxfameko kooperante putazaleez baizik ez zigun hitz egiten utzi, eta, gainera, aukerarik eman gabe prostituzioaz sakon-zabal mintzatzeko. Haren argudio eta isiltasunek iradokitzen zuten Oxfameko produktuak erosteak kooperante jakin horiek jardunbidea txalotzea zekarrela. Haren hitzek iradokitzen ziguten (guri, inozo alaenei) kafe marka bat zein bestea erosteak ez duela mundua aldatuko.
Batzuetan iruditzen zait nire beste lagun batek arrazoi osoa duela gure lagun erradikalaren jarrerari dogmatismo petral festa-zapuztailea deitzen dionean. Badakit norbanakoaren hautu txikien gorazarre eternala tranpa bat dela. Badakit gezurra dela etxean plastikozko poltsak erabiltzeari uzteak ez duela berez konponduko ingurumenaren krisia, baina gero eta segurtasun handiagoz uste dut erabaki txiki garrantzi gabeak aldarrikapen handien osagarri funtsezkoak direla eta, jakina, orobat behar ditugula erabaki politiko eta ekonomiko ausartak, guztion ongiaren aldeko hautu txiki horiek erraztuko dizkigutenak. Hala ere, batzuetan iruditzen zait ezen, hondarrean, geure baitako iraultzaile erradikal txikiari erosoagoa zaiola ororen gaineko begirada zinikoa.
ARKUPEAN
Hondarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu