Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Hitzak

2020ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Politikoki zuzenaren izenean, hitz batzuk desagertzen ari dira, errealitateridiogun beldurragatik agian.

Frantsesez nabarmena den fenomenoa ez dakit euskarak zer neurritan saihestuko duen. Jadanik zaharrak ez dira zahar deitzen, adineko jende edo heldu baizik. Senior da frantsesez gero eta maizago erabiltzen den hitza. Kontsumitzaile gisa kontsideratzen denean, dotoreago gelditzen baita iduriz. Zaharra zahar etxeetara (edo adinekoen egoitzetara erran beharko nuke) sartu baino lehen, hau da bosgarren adinean, hirugarren adinetik goiti seniorra da (emakumezkoa ez da señora haatik), aisialdirako denbora duenez bidaiatzen duena, eta kontsumitzeko gai den bitartean mimatu behar den ile urdindun jubilatu gaztea. Jubilatua ez baita zahartzen, adinean aitzina doa.

Lanbideetan ere aldaketa batzuk harrigarriak dira. Gutxiesgarriak direlako aitzakian, garbitzailea ez da gehiago lanbidea, gainazalen teknikaria erran behar da orain, garbitzea berez desohorea balitz bezala. Zer du bada txarrik kale-garbitzaile edo etxe-garbitzaile izateak? Badirudi hiztegi garbikerian aritzea lanbide berria dela.

Hiztegia sintoma bada, hitzak aldatzeagatik ez da begirada aldatzen. Zaharra zahar izendatzea ez da gutxiestea, menpekotasuna menpekotasun deitzea ezta ere, errealitate bat deskribatzea baizik. Minbizia eritasun luze bihurtzerakoan, hitzaren magikotasunak errealitatea izendatu ezean errealitate hori ekiditen dela sinetsarazten du. Horrela asmatu zen hirugarren adina 60ko hamarkadan. Ondoren, laugarren adina sortu zen, eta bosgarrena ere bai. Badirudi adinez adin beti gazte irauteko aukera izanen dugula. Menpekotasunaren kontzeptuaren inguruan eztabaida franko izan da, menpekotasuna edo autonomiaren galera, zein da lehenetsi beharrekoa? Zein da semantikoki zuzenena? Autonomia galerak berarekin ez ote dakar erabakitzeko gaitasunaren galera, autonomia funtzionalaren galerari mugatzeko ordez? Bestalde, ez ote gara denok elkarren menpeko?

Gure zaharrenganako begirunea hitzetan zaintzea ez du, ez, inork gaizki ikusiko. Alta, lehen menpekotasun-zeinutik gure jendarte honek laster erakusten die adinekoei zahar etxeko bidea, eta pertsona helduari heldutasuna eta erabakitzeko gaitasuna aise kentzen zaizkio. Pertsona zaharra zama bilakatzen denean, zahar horretaz kargu dugunean oharkabean objektu bihurtzen dugu.

COVID-19arekin beste termino bat agertu da, zaurgarri izenondoa. Niri fabriketako paketatzea ekartzen dit gogora, kristalezko ontziak dauzkan kartoizko kutxan idazten den hitza, hauskorra. Zaharrekiko jarrera paradoxazkoa izan da, hain errazki aparkatzen diren adinekoak bat-batean munduaren erdigune bihurtu baitira. Jendarte osoa prestatu da zaharrak eritasun honetaz babesteko, eta dena onartu dugu zintzo-zintzoki: haurrak preso atxiki ditugu, eta uste baino lehenago iritsiko da horren ondorioen kudeaketa... gurasoak konfinatu, eta zahar-etxeak ezin hartuzko gotorleku bihurtu ditugu. Neurri zurrunenak ere onetsi ditugu.

Ez naiz zaharren bizitzak babesteak merezi ez duenik erraten ari, inondik ere, baina iritzia galdetu al zaie? Gogoetatu al da zer den laurogeita hamar urtetik gorako pertsona batek gehien behar duena, ez eritzearen izenean hilabeteetan maite dituenekiko harremana mozteak merezi al du? Baina onartu dugu. Goitik agindutako guztiari obeditu diogu, isil-isilik.

Telebistan agertu zen 94 urteko emakumea ezin dut ahaztu. Ez zuen jan nahi, hil nahi zuen, etxekoak ezin ikusiaz gain ondoko logelako lagunarekin ere egoterik ez zuelako. Egoeraren absurdotasuna ezin jasana zuen. Hitzak aztertu gabe, garbiki erran du «hau ez da bizia. Utz diezadatela lagunarekin mintzatzen. Ni ez naiz eri, ezta bera ere. Utz diezadatela». Ez omen da eritu, eta berak gutxienez protesta egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.