Juan Kruz Lakasta
ARKUPEAN

Hiru urte

2018ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Gaurko egunarekin, duela hiru urte, arratsaldeko seiak aldera, Euskalerria Irratiko erredakziotik atera, terraza zeharkatu, eta eraikin berean dagoen BERRIAren ordezkaritzan sartu nintzen. Izen-abizenez aipatuko ez ditudan bi kazetarik gogotik egin zidaten barre, bi botila xanpain nekartzala eta. Irratian ez dugu hozkailurik. BERRIAn badute. Botilok freskatzen jartzeko eskatu nien. Handik zazpi ordura, eguneko lanak buruturik, bi kazetariok eta hirurok xanpainarekin topa egin genuen. Leher eginda egonagatik ere, hirurok irribarre zozo batez edan genuen xanpain hura, une hartaz betiko oroituko ginen jakitun. Maiatzaren 24a zen, foru eta udal hauteskundeen eguna.

Niri neuri kosta egin zitzaidan botilak freskatzen jartzea. Denok genuen aldaketak irabazteko itxaropena (azken hilabeteotako gertakarien analisian ongi oinarritua). Baina ez genion geure buruari aitortu nahi ilusionaturik geundela, xanpaina freskatzen jartzeraino, gure bizitza osoa (baita gurasoena ere) generamalako desilusiorik desilusio: born to lose.

Betiko gogoan gorde behar genuen istant hura ia ahantzirik dugu, ordutik hiru hamarkada... Barka, hiru urte joan zaizkigularik. Baina oraindik ez dugu erabat burutu loser erresiliente izatetik winner kritikoa izatera daraman metamorfosia.

Desesperatu egiten gara ikusita zeinen zuhurki estutzen dituzten korralito foralaren ugazabak, eta zerga erreforma sakonago bat ikusi nahiko genuke, egiazko aldaketa sozial, politiko eta ekonomiko batera ahalik eta lasterren iristeko. Baina bagenekien Risk Foralaren partidan erakundeak bi pieza baino ez zirela. Beste asko zeudela (botere enpresariala, sindikala, unibertsitarioa, erlijiosoa...). Eta partidari buelta ematea ez zela izanen ez erraza, ezta azkarra ere.

Laukoaren desadostasunek aztoratzen gaituzte (eta mintzen, konparaziora, euskarari edo AHTari doazkielarik). Haatik, ezin uka dakieke duinki kudeatu dituztela, Nafarroa Bai-ren garaietako mahai azpiko labankada eta filtrazioekin alderaturik. Ahal Dugu-ren barne krisiak kezkatzen gaitu (eta, hainbatetan, eskandalizatzen). Ordea, ezinen genuke esan iragan gertuan bazterrotan alderdi zatiketa iskanbilatsuagorik ez dugunik ezagutu (to eta no ukazio bikoitza). Oposizioaren argudio identitario apokaliptikoek laukoa nola estutzen duten ikusirik sufritu egiten dugu. Alta, oposizioa horretan eta soilik horretan oinarritzea bada beste gauza asko ongi egin diren seinale.

Gobernu aurrerakoi batek herri mugimenduan eragiten duen desaktibazioak ere buruhausteak eragiten dizkit. Eta desaktibaziorik izan da, doike. Baina ezin atzendu hiru urteotan bi gaztetxe sendo sortu dituztela euskaldunon hiri buruzagian (Alde Zaharrekoa eta Arrotxapekoa), jakina, erakundeekiko harreman gorabeheratsuekin. Edo aurki Alternatiben Hiri bihurtuko dela Metropoli Forala. Edo Iruñea Nola bezalako mugimendu biziak ernatu direla Arga ertzeko hirian. Edo (ezkerraren antolamendu eta militantzia eredu tradizionalak gain behera datozen honetan arrunt garrantzitsua dena) Iruñeko karriketan Nafarroaren historiako manifestaziorik handienetakoak ikusi ditugula Altsasuko auziaren, La Manada-ren epaiaren eta pentsioen kontura.

Hiru urteren buruan, badira argiak. Eta badira itzalak. Hauteskundeetarako urtebete falta delarik, argiak ez atzentzea komeni, desaldaketa ilunean eroriko ez bagara. Xanpaina berriro freskatzen jarriko badugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.