Miren Josune Ariztondo Akarregi.
ARKUPEAN

Hiru erpineko itunaren beharra

2022ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Pandemiaren gorabeherak adierazteko olatu hitza erabiltzen ikasi dugu. Itsasoko handienak urertzera hirunaka etortzen dira eguraldirik txarrenetan ere, gero barealditxoari lekua emanez. Izurritean ez dago horrelakorik, ez dugu ezagutu hiru olatu handien osteko txikien multzorik. Duela ia urte bi etorri zen hondamendiaren lehen seinale hark iragarritako ekaitzak ez du barealdirik izan. Olatuak, bata bestearen atzetik etorri dira, denak handiak.

Olatuka —edo agian jauzika esan beharko genuke— etortzen dira bestelako berri asko. Nabarmenetakoa lan-erreforma da. Hainbat astetan eztabaidan ibili zen helburua ote zen Rajoyren sasoiko legea indargabetzea, egokitzea edo moldatzea. Espainiako Gobernuan bertan elikatutako zalantza izan zen, gobernukideen artean baitzegoen desadostasuna. Ematen zuen nominalizazio hutsean zituela oinak iskanbila hark. Negoziazioa hasi zen, argitu aurretik zer kendu, aldatu —eta norantz— edo gehitu nahi zen, ze itxura nahi zioten eman lan erreforma berriari. Lehen olatu hori baretzen hasi zenerako, beste bat. Enpleguarekin, ekonomiarekin, industriarekin... zerikusia zuela-eta, ezbaian ibili zen gobernuan zein zen solaskide nagusia, zeinek eraman behar zituen alde inplikatu desberdinekin negoziazioak. Bigarren olatu hori ere joan zen bere bidetik.

Aurrekari horiekin, Espainiako Gobernuari ahaztu egin zitzaion erronka burutzeko bere buruaz gaindiko solaskideak behar zituela. Hobeto esanda, bat utzi zuen bazterrean. Lan erreformak langileen eta enpresarien ordezkaritzarekin jardutea eskatzen du. Baina lege bat bilakatu behar den gaia ere izanik, Kongresuaren aldekotasuna ezinbestekoa du.

Sanchezen gobernuak, lerro baten ertz bien erdian kokatu beharrean bere burua, triangelu baten barizentroan behar zuen. Sindikatuek, enpresariek eta alderdi politikoek betetzen zituzten hiru erpinekin negoziatubehar zuen, eta ez du hori egin. Lerroa erabili du triangeluaren ordez, eta orain ezin du ase hirugarrena beste biak mugitu barik. Nondik eta nora jo orain, itun partzial bat lege bihurtzeko? Nondik oratu gaiari?

Estatu mailan eragiten duten sindikatuen ordezkariak isilik daude. Enpresariek ostera oso zurrun eusten diote eurenari. Edo irentsi oraingoa edo bagoaz diote mehatxu itxuraz. Bestalde, PSOEk gainerako alderdiekin adostasun zabalak egiteko guraria omen du, baina ortzi-mugan fruitu txikiak edo hutsalak dira ageri, ura joan osteko presak erremedio urriak ditu-eta. Ez du balio orain arte negoziazioetatik at eduki dituen alderdiei basoan otsoa dagoela esateak.

Halere, Espainiako Gobernua izaten ari den babes politikoari eustea badago oraindik. Sindikatu eta enpresariekin adostutakoa berraztertu eta alderdi politiko lagunei atea ireki, orain artekoak behar duen iragazki demokratikoak horixe eskatzen baitu. Denek irabaziko dute Sanchez presidenteak ahalegin hori egiteko ausardiarik baldin badu. Bidea estutzen doa baina oraindik badago tarterik. Handitasuna, eta ez handikeria, erakusteko denbora da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.