Absurdo samarra ematen du ozen idazten duzunean, badakit, baina duela gutxira arte, nazioarteko egutegi sistemaren arabera izan behar zuena baino urtebete zaharragoa zen jendea Hego Korean. Bi urte zaharrago, kasu batzuetan. Hiru sistema desberdin erabiltzen ziren Asiako herrialdean, bizitzaren arlo desberdinetan norberaren adina adierazteko. Nazioartekoaz gain, beste bi adin zeuden: korearra eta tradizionala. Medikuarentzat adin bat zuten korearrek. Soldaduskara joateko beste bat. Tabernan alkohola eskatu ahal izateko, hirugarrena. Eta beharbada hala da Korean eta beste edonon, adin desberdinak ditugula segun zertarako, baina burokraziari ez zaizkio gure sentimenduak eta Peter Pan sindromea axola, eta nahaspila honek jartzen zizkion zailtasunak izan dira adina neurtzeko sistemak bateratzera eraman dituena.
Adina kalkulatzeko sistema korearraren arabera, haurrak amaren sabelean urtebete egiten zuela kalkulatzen zen. Beraz, biologiari muzin eginez, urtebeterekin jaiotzen ziren. Gainera, jaiotzerakoan zenuen urtebete horri, beste urtebete gehitzen zitzaion ilargi egutegiko urteko lehen egunean. Horrela, gupidarik gabe. Sistema tradizionalak ere ez zuen errukirik. Berdin zuen noiz jaioa zen haurra, urtebete gehitzen zitzaion automatikoki jaio berriari, urtarrilaren batean. Honela, nazioarteko sistemaren arabera abenduaren amaieran jaiotako norbaitek hiru adin desberdin izan zitzakeen jaio bezain pronto.
Guk ere aldi berean adin desberdinak izan ditugu noiz edo noiz. Erosi ezin genituen gauzak erosi nahi genituenean edo sartzea debekatua genuen aretoen atean gazteegiak ginenean. Zaharregiak sentitzen garen une hauetan ere, noizean behin inora ez doazen pare bat urte lisatzen dizkiegu gure zimurrei. Baina egia dena zera da, berrogeita bost urte ditugula 365 egunetan zehar eta burokratikoki eraginkorragoa den egutegi bakar eta bateratu horrek ez digula ilusiorako tarterik uzten.
Aurtengo ekainetik, nazioarteko sistema nagusi da Hego Korean. Yoon Suk Yeol kontserbadoreak hauteskunde kanpainan agindutako neurri bat izan omen zen. Azken finean, gazteagoak egin ditu sistema horrek, eta askoz ere erakargarriagoa suertatzen da mitin batean «gazteagoak izango gara» bezalako zerbait aldarrikatzea, «nirekin denak zahartuko gara» botatzea baino. Nola ez atera etekinik halako promesa bati, urtebete ala bi urteko kontua izan arren, betiereko gaztetasuna agintzen ariko bazina bezala. Ziur nago hainbat agenda politikotan agertuko zela gai hau aurretik ere, baina zaila izango zela, Korean beste edozein herrialdetan bezalaxe, «tradizionala» eta «gurea» dena albo batera uztea, horrek nahastea eragin arren. Ez dugu oso urruti joan behar, egia esan, ez dugu inora joan behar, «tradizionala» eta «gurea» gehiengoarentzat «hobea» denari gailentzen zaiola ikusteko. Gutxi batzuentzat «hobea» denak, aldiz, ez du sakonki errotutako tradizioetan hainbeste oztoporik aurkitzen. Auskalo zergatik.
Iaz baino gazteagoak dira gaur Hego Korean, baina, hasierako zirrararen ostean, ez dakit hala sentitzen diren. Asiako indar ekonomiko eta teknologiko nagusienetako bat da, eta azken urteotan indar kulturala ere bilakatu da K-Pop musikak eta telenobelek beste merkatu batzuetan hartu duten garrantzia dela eta. Hego Koreako lankide bat izan nuen behin proiektu batean. Beste hiperabiada batean bizi zela iruditu zitzaidan, Madrilgo bizimoduari egokitzeko ahalegin guztiak egiten ari zen arren. Lanaren etikak baldintzaturik, kosta egiten zitzaion denbora mantsotzea. Ni baino zerbait gazteagoa izango zen, eta, hala ere, ziztu bizi eta etengabeko ekintzarako joera horretan, bere munduak nireak baino hainbat buelta gehiago emanak zizkion eguzkiari. Ez da inolako sistemarekin kalkulatzen, baina zalantza dut ez ote den turbokapitalismoa gure benetako adina zahartzen duena.
ARKUPEAN
Hiru adinak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu