Irati Zubia Landa.

Hiltzen banaiz, utzi balkoia zabalik

2024ko urriaren 11
05:00
Entzun

Bada nire etxean ohitura bat, behinola norbaitek hasi zuena: liburu bat erosten zuenean, egun hartako data jartzea. Kuriosoa da, lehen orri zuriak hurrenez hurren jarrita ikusten duzulako halako kronologia bat: Flaño Vivanco 1973; Zubia Flaño 1985; Zubia Landa 2024. Sekulako pena eman zidan Gioconda Belliren Sofía de los presagios-en alea berreskuratu eta datarik ez topatu izanak. Orain ez dakit nork ekarri zuen liburu hori. Orrien kolore horiagatik, esango nuke ezagutu ez nuen aitonak edo alboan dudan amonak, ia seguru. Ni jaio baino lehen hil zen batek edo ni baino lehen —seguruena laster— hilko den norbaitek, edozein kasutan.

Duela gutxi egindako irakurketa batean orain arte oharkabean pasatu izan zaidan pasarte bat iltzatu zitzaidan. Normala da pasarte hari gehiegi erreparatu ez izana, Don Ramoni buruzkoa baita, Sofia protagonistaren aitaordeari buruzkoa. Eta Don Ramon ez da pertsonaia zentral bat, garrantzirik baduen arren. Bereziki Sofiarentzat. Zera galdetzen dio Sofiak, kezkatuta: «Ez zara hiltzeaz pentsatzen arituko, ezta?».

Don Ramonek erantzuten du isilik geratuz. Alabaina, Don Ramonek urteak daramatza heriotzan pentsatzen eta hari beldurrez. Gauero-gauero nabaritzen du heriotza leihopean, patioan, ateaz bestalde. Herioren gona lurrean arrastaka sumatzen duen aldiro, ihes egiten dio eta bera ez duela harrapatuko mehatxatu. Heriotza izurtuz, beste aldera begiratuz ematen ditu pasarte pare bat gehiago; harik eta, hain zuzen ere, hiltzen den arte.

Zinez beldur humanoa dirudi horrek. Denok gara apur bat Don Ramon: hilko gara, baina saihesten dugu gaia. Deseroso zaigu. Ez dugu horretaz hitz egin nahi, tabu egiteraino. Eta hala ere, ziur nago zuk ere aditu duzula inoiz hil nahi duela esan duen norbait. Desberdina da oso, eskakizuna ahoskatzen duen gorputzaren arabera. Adineko pertsona batek esan badizu, demagun amonak, ez zara gehiegi eskandalizatuko, atso denek berezkoa duten kopla balitz bezala. Gaztea bazara eta zeure adinkide batek esan badu, jakingo duzu zeinen zaila den halakorik sostengatzea hautsi gabe. Soinu diferentea du bizitzari uko egin nahiak kasu bakoitzean. Alabaina, uste dut biek ezkutatzen dutela begiratu nahi ez dugun beste zerbait. Eta ez naiz ari, soilik, hiltzeaz.

Heriotzaz nik baino gehiago dakien batek eman zidan pista bat. Marta Nietoren Habla liburua aipatu zidan. Hor planteatzen da suizidatu nahi duten nerabe askok badutela zerbait amankomunean: akaso, ez dutela hil nahi. Spoiler: «Nik ere ez nuke nahi», –dio Nietok. Bereziki gizarte mendebaldarretan, dikotomiak horren gustuko ditugun hauetan, tematu gara heriotza eta bizitza bereizten, lehena bigarrenetik ezabatzen. Gai delikatua da, badakit. Baina, agian, hil nahi duena ari da bizitzaz hitz egiten. Bizitza jasangaitza zaiola dio. Eta uste dut, heriotza bera baino deserosoagoa zaigula batzuetan horri begiratzea. Hain zuzen, horretan esku hartu daitekeelako.

Mackenzie Warkek idatzi zituen gutunak maitasunaz eta diruaz; sexuaz eta heriotzaz. Haurra zela hil zitzaien ama. Zera idatzi zion amagintzan aritu zitzaion ahizpari: «Amaren oinazearen harira ezin zenuen ezer egin; eskulanaren oinazeak, berriz, ez du zertan izan heriotza bezain sahietsezin. Bizitza bizigaitz egiten duen makineria erraldoi batean bizi gara. Makina horri lotuta ditugu eskuak, lana eta eskulana». Ez naiz ari zure edo nire arduraz, edo ez horretaz bakarrik. Kontu estrukturalak dira, baina egon beharko luke beste modurik.

Aspaldi hil zen batek —aspaldi hitzaren zentzurik erlatiboenean, jakinda aitonagintzan aritu zitzaidanaz ari naizela— eman zidan Lorcaren berri. Sofia bezala, kezkatu nintzen haren heriotzaz eta bota zidan: «Ez nintzenez jaiotzeaz kezkatu, ez naiz hiltzeaz kezkatuko». Segur aski gezurretan ari ziren, bai poeta eta baita nire tio ere, baina hartu nahi nuke kopla. Hasi kezkatzen tartean dagoen horretaz, hartu ardura eta pentsatu nola egin bizia bizigarri. Ez erantzun isiltasunez: pentsatu eta hitz egin. Zeren heriotza guztiak ez dira uste bezain saihetsezinak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.