Mugetara eramaten diren jarreretan bihozkadaz jokatzeak ez die auziei bide sendorik uzten eta, gainera, gertukoenganako eraginak sarritan kaltegarriak suertatzen dira. Horren lekukoa, 15.000 biztanletik gora dituen Azpeitiko alkateak ehunka pertsonaren atxikimenaz ulertzea herriak hitz egin duela. Duintasuna, egia, errespetua, herriaren hitza, ... balore horiek beti daude jardun gizatiarren hondoan, baina printzipio etikoak ozentasunez aldarrikatzea Saharako dramaren edo migratzaileen egoera larrien neurriko ekintza eraginkorrekin lotuago dagoela esango nuke.
Urte askotan Urola bailara osoan Martxial Uxin izenez ezagutzen zen enpresak, 2007an Corrugados Azpeitia bilakatu eta 2013an itxi zituen ateak. Denbora gutxira Azpeitiko Udaleko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak bizitegi-eremua izendatu zuen gaur egunean ere fabrikarena den lur-zoru hori. Beraz, aipatu plan horrekin batera beharrezkoa zuen plan berezi bat adostea lur-zoruaren jabearekin gero bidea irekitzeko kalifikazio berriarekin bat etorriko zen etxe-bizitza multzoari edo bestelako aukera erresidentzialei. Azken urrats hori eman barik ez da seguru enpresaren lehen jarduera legez egin ezin denik.
Badakigu iazko azaroan hasi zirela lehen elkarrizketak eta aurtengo otsailean enpresak aurkeztu ziela fabrika berreraikitzeko lehen plana Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Azpeitiko alkateari. Ez zen izango xehetasun osoz burututakoa, bai ostera bere konpromisoa adierazteko bestekoa, egunkarietan ikusi ahal izan dugunez. Ez dakit zein enpresak eramaten duen, udaletxeari jarduera-lizentzia eskatzeko orduan, lehen hurbilketaz gaindiko proiekturik; zein jai-aretok edo hipermerkatuk egiten duen hori baino gehiagorik. Beste kontu bat da diru-laguntza eskatzen denean azaldu beharreko bideragarritasun plana.
Corrugados-en mailako fabrika bat ez da, noski, erkagarria ohiko enpresa batekin. Horrexegatik exijitzen dio Jaurlaritzak, proiektua begi onez ikusi arren, Ingurumen Agiri Integratuaren neurriak eta baldintzak betetzea, bai berreraikitze lanetan eta baita etorkizuneko jardun-prozesuetan ere. Horixe da, hain zuzen, Tapia sailburuak azaldu zuena duela hilabete batzuk ETB1ean.
Alkateak adierazi ditu tinkotasuna eta egiaren jabetza, gai honetan herritarren hitzaren gordailu dela esan du, nahiz eta herri-galdeketarik egin ez duen. Gaineratu du ez dagoela proiektu ekonomikorik, ezta ere fabrika berreraikitzeko benetako borondaterik. Horiek guztiak entzun eta irakurri dizkiogu.
Honaino helduta, planak falta baziren, edo ez baziren nahikoak, zergatik ez eskatu xehetasun gehiago? Leku aldaketak baliabide gehigarriak bazekartzan, zergatik ez ahalegindu lortzen? Legea bada muga —edo zalantza— eta proiektua interesgarritzat jo, zergatik ez planteatu gaia? Eta osagai guztiak kontuan hartuz proiektua ez bada egokitzat hartzen, zergatik ez adierazi, orduan bai, «A, B eta D arrazoiengatik ezin diogu eman baimenik enpresa horri», eta norbere gain hartu erabaki arrazoituaren erantzukizuna?
ARKUPEAN
Herriaren hitza?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu