Irati Zubia Landa.

Heriotzaren oligopolioaz

2025eko apirilaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lorcak eskatu zuen bera hiltzen zen egunean uzteko balkoia zabalik. Bartzelonan deskubritu nuen badela crowfunding bat Monica del Ravali, Ravaleko Erregina bera, desio zuen ehorzlekua egiteko, ez baitzuen izan horretarako sostengu ekonomiko eta familiarrik. Lagunekin hizketan jakin dut beraien amek ere esan izan dutela, arren, hiltzen direnean tramite erraz eta merkeena egiteko. Ez molestatzea baita feminitatearen inperatiboetako bat. Edonola ere, esna amesten dugun eran, baditugu bizi artean gure heriotzaren inguruko desirak. Denek behar lukete merezitako aitortza.

Doluek milaka adar dituzte. Desberdina izango da aldian aldiro, hil den pertsonarekin duzun harremana beti delako singularra eta erreplikaezina. Egon beharko luke horri norberaren neurriko bide baketsua emateko aukerarik. Heriotza biziaren parte da. Kapitalismoan bizia garesti izateaz gain, sostengaezina da. Heriotza eta hori inguratzen duen dena barne. Osasun-sistemaren, hezkuntzaren eta etxebizitza duin eta publikoaren alde borrokatu behar dugun bezala, ordea, ehorztetxeak ere batu behar genituzke zerrendara.

Horixe salatzen du Som Provisionals kolektibo katalanak. Nire lagun Maddalen bidelagun izan dut momentu marabilloso zein tristeetan. Erizaina da zainketa aringarrietan, eta asko daki kontuaz; berak eman zidan haien berri. Heriotzaren pribatizazioaren aurkako borrokan, tabuak hausten, informatzen eta heriotzaren bueltako prozesu publiko, autogestionatu, kolektibo eta irabazi asmorik gabekoen alde dihardute. Lan bitala iruditzen zait, hitzaren zentzu guztietan.

Espainian hileten sektorea pribatizatuta dago 1996tik. Hileta eta errausketen prezioen batezbestekoak 3.600 euro gainditzen ditu. Nire inguruan 5.000 euroren bueltan ere ibili izan dira zifrak. Som Provisionalseko Julia Sanchez Ciden hitzetan, desmantelazio prozesu bat dago hemen ere. Alabaina, segur aski berezko duen tabuagatik, negozio honek ez du horrenbeste iskanbila publiko sortu. Heriotzarekin, oro har, nahiago dugu beste alde batera begiratu, eta ulertzen dut zergatik. Alabaina, enpresek jarri dute hor begia, dio Sanchez Cidek: «Multinazional gutxi batzuek zabalik dute atea bereziki zaurgarriak diren bezeroen kontura aberasteko». Hildakoen ohore, desira, dolu eta eskakizunen gainetik pasatuz, kasu askotan.

Espanian Memora, Albia, Servisa, Funespaña eta Grupo ASV dira lehen lerroan daudenak. Agian ezagun zaizu Memora, irakurle, bera baita Hego Euskal Herrian jauntxo eta jabe. 2024an 111 instalazio kontrolatzen zituen, jada apenas dagoen modurik maite duzun hori haien atzaparretatik at agurtzeko. Hainbatetan salatu dituzte bere posizioaz aprobetxatu eta prezio ezinezkoa jartzeagatik.

Hil osteko tramiteak, garestiak izateaz gain, itogarriak ere badira. Legeak asko jota hiru egun ematen dizkizu dena egiteko, lehenbailehen bizitza normalera (alegia, lanera) itzul zaitezen. Sanchez Gilek dio denetarik ikusi duela: teorian laikoak ziren baina ikur katolikoz jositako errituak, hildakoaren izen ordainak errespetatzen ez dituzten zeremonia-gidariak… Zorionez, azpimarratu du posible dela sistema arrakalatzea, badirela heriotza beste modu batean zaintzeko kolektiboak. Adibidez, Manresan 2023an sortutako Recer edota 1985ean Sabadellen sortutako Funeraria Can Deu kooperatibak. Baita hamaika esperientzia autogestionatu ere. Nik oroitu dut batzuetan Zurriola hondartzan agertzen direla gauez, ezkutuan, txaluparen batean egindako erritu baten ondoren itsasertzera heldu diren loreak.

Duela gutxi agurtu dut izugarri maite dudan emakume bat. Bizi izan den artean gorrotatu du faxismoa; bereziki, 1936ko udazkenean ama eta anaiekin Frantziara ihes egin zuenetik. Zerbaitetarako balitz, bestelako mundu bat posible dela esateko altxatuko luke burua. Ez zen hiletarik egin, gorroto zuelako Eliza. Behin esan zuen zerbait egitekotan, egon zedila Errepublikako bandera presente. Hil osteko tramite garestiekin, ordea, belatokian ohartu ginen ahaztu egin genuela. Orduan, norbaitek lore gorri, hori eta morez osatutako lore-sorta eder bat ekarri zuen. Egunaren amaieran etxean lehortu nituen loreak. Tentuz hautatu nituen horretarako liburu lodiak: España salvaje: los otros Episodios Nacionales entziklopedia, El ala rota komikia eta 1937, los niños vascos evacuados a Francia y Bélgica liburua. Hitzen artean ez da zimelduko gure oroimena. Ez ditut sekula ahaztuko hark esandakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.