lizar begona

Heriotza hozkailuan duzu

2025eko martxoaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bi idazleren lilura ilunak 
ekarri nau gaur beltz idaztera. 
Ez naiz ni, haien erruz 
idatziko dut idatzi dudana. 

Auditoriumeko publikoan kamuflatuta entzun nituen joan den asteazkenean Rosario Villajos eta Sabina Urracaren berba egosi gabeak. Edergarri barik aritu ziren gorputzaz eta heriotzaz Gutun Zuriaren aurtengo edizioan. Tripez eta organoez, arratoiez, eskatologiaz eta usteltzeaz ibili ziren disimulurik gabe. Eta niri ere hizkuntza esplizituki gordinean idazteko gura basatia sortu zidaten heste artean, iruditegia makabro horri eder puntu bat aurkitzeraino.

Giza gorputzarekiko eta haren prozesuekiko nolabaiteko lilura agertzen du Urracak bere idazketan. Hainbat aldiz erabili zuen me fascina aditza gorputzaren animaltasunaz eta bere prozesu organikoez mintzatzeko. Idazlearen hitzetan, giza gorputza misterio handia eta liluragarria da, oraindik ere harridura eta jakin-mina sortzen diona. Hilekoa, erditzea, eskatologia, traumek eragindako sintoma somatikoak, post mortem deskonposaketa... eta tankerako prozesuek bere idatzietan protagonismo esanguratsua dute, hein batean bizitzan ere presentzia handia eta etengabea dutelako. 

Pentsa: heriotza egun arrunt bateko angelu guztietan dago. Eta ez nuke estremistegi agertu nahi, baina bazkari bakoitzeko plateretako ogi apurrak, ez dira heriotzaren beste manifestazio bat baino. Bizitzako amaiera txiki guztiek iradokitzen dute denboraren iragatea. Orain ere segundoak ari zaizkizu hiltzen, jaio eta hil, jaio eta hil, jaio eta hil. 

Gauza guztietan dago Herioren aierua. Hozkailuan bertan daukazu: fondoko azenario azalzimurra, tuberkuludun patata hori, onddo mintzaz estalitako jogurta, fruta-boleko platano ubeldua, gazta usaina darion esne brika, hiru egunetako antxoa ustela. Baina hozkailutik kanpo ere metala herdoiltzen da, landareak zimeltzen dira, arropa kolorgetzen da, teilatuak erortzen, leiho ertzak lizuntzen, etxe hutsak huntzaz eta belar txarrez inguratzen. 

Baina gelditu une batez.
Oraintxe bertan zure azala ere 
zimurtzen ari da geldo-geldo.

Ez ikusiarena egin, baina edonon daude heriotzaren zeinu txikiak. Dei iezaiozu transformazio edo aldaketa nahi baduzu, dei iezaiozu ziklo edo akabera baina denboraren joana bizitzako objektu denetan iradokitzen da. Izotzak ere ez du usteltze prozesua eteten, eraldatze biologikoen eta kimikoen abiadura moteltzen du soilik. Bakterioen hazkundea, deskonposizioa eta oxidazioa luze atzeratzen du, besterik ez. Heriotzak bere borrokan darrai guztiaren gainetik. Esadazu, bestela, denborak aldatzen ez duen gauza ukigarri bakar bat.

Beti kitzikatu izan nauen esaldia da «jaiotzen garenetik hasten gara hiltzen». Iluna da akaso horrela adieraztea, baina denborak higatutako gorputz multzo bat besterik ez gara. Usteltzen ari gara, etxean biguntzen ari zaizun ahuakate marroia bezala. Eta, agian, pentsatuko duzu itsusiak direla hitzok, pesimistak, beltzak. Baina batzuetan pentsatzen dut heriotzaren dimentsio esoterikoak baino, bere alde organikoak patxada arraro bat eman dezakeela. Handiena zaigun bizitza hau erlatibizatzeko aukera eder bat. 

Patata galdua zumitzezko otzaran.
Antzekoa da bizitza bere gordinean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.