Karlos Aizpurua Etxarte.
ARKUPEAN

Heldu dira!

2017ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Bihar dira heldu Axularren Sarara, gauerdiz, akelarreko tenorean. Sarako erretoreak aspaldi gaztigatu zigun egitekoen geroko uzteak zenbateko kaltea eragiten duen, korrika ibili beharra, besteak beste. Ez dakit urdazubiarra Korrikako tropelean batuko zaigun edo beste aldera begiratuko duen, inkisizio madarikatua eskualdean sorginak torturatzen aritu zenean bezala. Horrela balitz «Korrikan, Korrikan, Korrikan, sartu hadi Korrikan!» oihukatuko diogu finki, Akelarre musika taldeak Korrikaren bigarren edizio hartan abestu bezala.

Ez dira gutxi garuneko sistema linbikoan iltzatuta daramatzadan Korrika kantuak. Hamaika urte pasatu arren, eta hamaika aldiz entzunagatik, aditzen hasi orduko begiak lubrifikatzen dizkidaten xaramelak dira Korrikarenak. Punpa lasterrean Big Beñat-en kantu ferminista datorkit gogora. Tapia eta Leturiaren Aide Korrika! airea edo Gose-ren erritmo markatuko Euskalakari hura, «...ukabila ginen eta hitza ginen». Beharbada niretzat kuttunena, denetan hunkigarrien zaidana Igor Elortzak idatzitako Gero bat gaurdanik kantua da, Ruper Ordorikak eta Mikel Laboak «... gu gara gure gero» hura xuxurlatzen zutenekoa. Horiek eta beste batzuk entzuten ditudan aldiro harritzen naiz nola udaberritzen nauten sentituta. Korrikako abestiak norberaren aldartea iraultzeko gaitasuna duten kantuak dira, nire kasuan behintzat. Autoan noala aditzea egokitzen bazait, sentsibilitatez itoko ez banaiz berinak jaistera behartzen nauten aireak dira. Edo Korrikako furgonetaren gibeletik lasterka noala aditzen baditut ohiko running saioko kilometro kopurua bikoiztera naramatenak.

Eder askoa iduritu zait aurtengo abestia ere, Zirkorrika. Erritmoz zein hitzez kuraia transmititzen du, dela korri egiteko, dela euskalgintzan egunerokoan jarduteko. Entzuten dudanero musika eta testua kantu bakarrean ezin egokiago uztartu dituztela begitantzen zait. «Hizkuntzaren malabaristak, akrobatak, trapezistak, herri honen ilusionistak...» du hasiera Uxue Alberdik idatzitako letrak. Nahi izanik ere, ezin errenditu kanta baten silaba kopuru murritzera Zirkorrikaren xapitopean topa gaitezkeen guztiak. Izan ere, Korrikaren zirimolak irents gaitzakeenon kasuistika oso da zabala, bat eta batzuona: elebakar bilinguistak, Pepeko papistak, begi-bakarreko periodistak, bildutako separatistak, etebedosistak, erresumako erregionalistak, gaixotutako osasunistak, Podemoseko polemistak, ametsetako errealistak, zimeldutako arrosako santxistak, susanistak, patxistak, mendistak eta denistak, langabetutako kontratistak, kontratu gabeko sindikalistak, manimanoko onanistak, AHTan goazen ekologistak, alarde tradizionaleko feministak, ipuinetako kuentistak, Itzulirik gabeko ziklistak, kapitaletako kapitalistak, Ainhize-Monjoloseko laboristak, Sarako kontrabandistak, Luhusoko pazifistak...

Jakingo duzue 20. Korrika Iruñean urrenduko dela, apirilaren 9an. Aldiz, apirilaren 8an aterako direnak, mundura aterako direnak, irriz irri igaroko direnak bakearen terroristak dira. Arraioa! «Bakearen artisauak» esan nahi nuen, barka analogiaren inertzia. Ia inork ez daki ze latitudetan, ze kilometrotan, ze tenoretan irtengo diren zehazki. Eta abantzu inork ez daki komunikaturik izango denetz. Eta halakorik balitz, hura non dagoen ezkutatuta.

Hegoaldeko jende gutxiegik jakingo du Iparraldean gaur ospatzen dela apirileko arrainaren eguna; hegoaldeko Inuzente egunaren baliokidea, hots. Adarra elkarri jotzeko eguna Euskal Herri osokoa balitz, besterik ere leituko zenidakete azken lerro hauetara arribatuz gero. Esaterako, Korrikako lekukoan den mezua deserakunde desarmatuaren komunikatua dela, informazio iturri fidagarrien aipamen eta guzti, jakina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.