Kamioi handien izena zelakoan herriko liburutegian ezagututako zaldi hegoduna hemen dugu. Oraingoa pozoigarria da bere txikian. Israelen sortutako birus informatiko hau benetako arma da. Horrexegatik behar da herrialde horretako Defentsa Ministerioaren baimena, edozein dela ere salerosketarako tratua.
Gobernuek eta segurtasuneko erakunde publikoek soilik jaso omen dezaketen arma honek zelata egin die Kataluniako hainbat politikari, abokatu, kazetari eta profesionali. Jarduera larri honek baditu, orain ere, biktima euskaldunak, bi gutxienez. Asko izan dira gertakariaren larritasuna kalifikatzeko adierazitakoak. Halere, ez da alperrekoa ezagutzea zeintzu iturri diren kasua argitaratu dutenak, Espainiako Gobernuak berak arbuiatu izanak lehen lerroan jarri dituenak. Hiru dira esanguratsuak.
Torontoko Unibertsitateko Citizen Lab ikerketa gunea da bat, ziberespazioan garatzen diren informazio-kontrolak, iragazpenak eta, oro har, giza eskubideen urraketa-mehatxuak aztertzen dituena. 2001ean jarri zen abian, eta nazioartean duen sinesgarritasuna ez du inork zalantzan jartzen.
Bestea, Ronan Farrow da. Oso gazte hasi eta hainbat urtean giza eskubideen defentsarako erakundeetan lan egindakoa, 2013az geroztik kazetaritzan dihardu. Harvey Weinstein-en sexu eta botere abusuen lekukotza fidagarriak lortuaz prestatu zuen dosierra erabakigarria izan zen haren aurkako epaia ebazteko.
Hirugarrena The New Yorker astekaria da. Ia ehun urteko ibilbideak eman dio nazioartean duen izen ona. Aipatu behar da The New York Times-ekin batera Pulitzer saria irabazi zuela 2018an zerbitzu publikoaren atalean, Farrow jaunak egindako lanaren kalitatea zela tarteko.
Hiru osagaion elkarrekintzari esker ezagutu dugu kontu lotsagarri hau. Citizen Labek egindako Pegasusi buruzko aipatu ikerlana Ronan Farrow-ek argitaratu du The New Yorker astekarian. Hiruko iturri erraldoia, adituen esanetan. Fidagarritasuna? Osoa.
Espainiako Gorteetan jasotakoak laburbilduz, bere burua zuritzeko asmoz ukazio hutsez hasi bazen ere, legearen errespetuan gorde beharreko isiltasuna aipatzean areagotu ziren susmoak. Beranduxeago, Robles ministroak, iturriez galdetu zitzaionean, «informazio hori telezuzendua da [...] ez dut ezagutzen medio hori, ez dakit zeintzuk diren iturriak, inork ez daki nondik datozen» esanez moztu zituen Senatuan eskatutako informazio zehatza eta erantzukizun politikoa.
Baina Kongresuan egin zituen Robles andreak adierazpenik harrigarrienak. Han borobildu zuen bere iritzia: «Zer egin behar du gobernu batek independentzia adierazpenaren aurrean? Zer, konstituzioa urratzen denean, galtzadak mozten direnean?» Erantzuna erraza da. Gobernu demokratikoa behartuta dago dokumentazioa desklasifikatzera. Bere eskumena da, ez beste inorena. Oinarrizko giza eskubideak daude jokoan.
Artikulu hau BERRIAra bidaltzeko unean jakin da Pedro Sanchez eta Margarita Robles jaun-andreak Pegasusen biktima izan direla. Orain, lehengo iturri kaxkarrak fidagarriak omen dira. To be continued.
ARKUPEAN
Hegodun zaldi ñimiñoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu