Hedwig Höss: «Hemendik arrastaka atera beharko nindukete. Badakizu. Hau gure etxea da, Rudolf. Amesten genuen bezala bizi gara. Hamasei urte genituenetik. Are, amesten genuena baino hobea da hau. Hiritik urrun, azkenean. Nahi dugun guztia dugu gure atean. Eta gure seme-alabek indarra eta osasuna dute, zoriontsu dira. Führerrak bizitzeko moduari buruz esan zuen guztia egiten ari gara: Ekialdera, bizi-espazioarekin. Hau da gure bizigunea, gure bizilekua. Badakit nirekin ados zaudela».
Höss familia etxe eder batean bizi da Soła ibaiaren ertzetara. Bertara joaten da familia osoa piknikean eta arrantzan, txorien kantuak eta baretasuna nagusi den paraje idilikoan. Lorategi eta baratze handia dute. Haurrak aurrera-atzera ibiltzen dira belar gainean jolasean, korrika egiteko espazio nahikoa baitute bertan, eta etxea bera ere handia baita. Bizitzaz gozatzen ari den familia normala da. Rudolfek gogor egiten du lan etxea eta familia aurrera ateratzeko. Prestigio handiko postu garrantzitsua baitu, eta presioa jasaten du lanean, baina merezi du: horregatik dute-eta eskura hori guztia. Tartean Hedwig haurrez eta etxeaz arduratzen da, baina berarentzat denbora ere badu zaintzaile, sukaldari, lorezain eta garbitzaileak dituztelako hogeita lau orduz.
Azaleak, amañi-liliak, kalabazak, mahatsondo bat, ekiloreak eta arbi-azak erein dituzte jardinean lorezainen laguntzarekin. Ikusi nahi ez duten horma bat ere estali nahi dute aihen-belarrez. Hormak Höss familiaren lorategia eta Auschwitzeko kontzentrazio esparrua bereizten dituelako, eta itsusi geratzen baita atzeko hori ikustea. Ezkerretara liliak loretan daude eta eskuinetara errausketa-labeen tximiniak kea dariela.
Rudolf Höss 1934an batu zen SSetara, eta gutxira Auschwitzeko Komandante Nagusi izendatu zuten. 1941ean Himmler ofizial naziarekin elkartu eta agindu zehatzak eman zizkion. Juduen Auziaren Azken Irtenbidea zeritzonak lan gogorra ekarriko omen zuela, baina berehala egiten ez bazen, juduek alemanak akabatuko zituztela etorkizunean. Rudolf Auschwitzen pare-parean bizi izan zen urteetan, besteak beste, dutxa itxurako gas-ganberen bidez bi mila pertsona hiltzea ahalbidetzen zuen sisteman hobekuntzak diseinatu zituen. Hiru milioi juduren sarraskiaren arduradun izan zen.
Baina, finean, Familiako Aita. Bizitza normala zeraman langilea, aginduak etxetik ematen zituen burokrata soila, seme-alabak igande goizean kanoan ibiltzera zeramatzan gizon arrunta.
Benetako Gaizkia alfonbra azpian gordetzen dela, eta etxe bateko harmonia edenikoa alfonbra horren gainean eraiki daitekeela dakar gogora The Zone of Interest (2024) filmak. Umeak festa batean lilitegiko igerilekuan saltoka ikusiko ditugu, hormaren atzean beste milioika ume Rudolfen agindupean sarraskitzen ari diren bitartean. Haurren dibertimendu soinuen azpitik, off-eko ahots sotilean etengabe entzuten dira kontzentrazio-esparrutik datozen zarata eta garrasiak.
Harira, Hannah Arendtek zeresan handia eman zuen ikerketa polemikoa idatzi zuen. Eichmann Jerusalemen. Gaizkiaren hutsaltasunaren gaineko txosten bat izenburupean. Autorearen arabera, edozein gizabanakok inolako traumarik gabe egin litzake munduko ankerkeriarik handienak. Normaltasuna performatuz, betiere nork bere teatroa sinetsiz, noski. Ze gizakia munstroz sekula ez, baina munstroa gizakiz janzten da beti.
Beste perspektiba-zulo batetik erakusten digu Jonathan Glazer zuzendariak holokaustoa, orain arte ikusi ez den prisma delikatutik, agian. Ez dugu hilketarik ikusiko, ez ditugu borreroaren eskuak, ezta heriotza bera haragi-bizitan ikusiko. Ez dago munstrorik, edonor identifikatuta senti daitekeen familia normal baten bizitza normala baizik. Begira diezaiegun orain une batez gure zilborrei. Eta hona nire galdera:
Zeren gainean eraikitzen da normaltasuna?