Azken hatsa ematekotan zegoela, Diogenes Sinopekoak zera eskatu zien hurkoei: bere gorputza zati txikitan egin eta kaleko txakurren artean banatzeko, bere gorpuzkiak jan zitzaten. Lagunek uko egin zioten gurari makabroari, eta filosofoak orduan bigarren eskaria egin zien: ahuspez lurpera zezaten, mundua biratu eta posizio egokira itzultzean leku eta modu zuzenean egoteko. Txikizioaren eta transzendentziaren artean hautua egitea txundigarria iruditzen zait. Izan ere, pasadizo honetan ez da argi geratzen mundua batere axola ote zitzaion edo, alderantziz, fede handia ote zuen etorkizunari maiz esleitu ohi zaion perfekziorako berezko joera edo patuan.
Euskal Autonomia Erkidegoan udal eta foru hauteskundeak egin berri ditugu, eta Nafarroan udaletarakoak eta gobernurakoak. Honezkero jakina da zer gertatu den, hortik aurrerakoak oraindik ikuskizun badira ere. Zenbakien mozkorraldia bizkor gainditu beharko dugu, laster berriro itzuli beharko dugu hautets-eskoletara, uda betean. Tartean bestelako ezustekorik ez bada, hurrengo urteko udaberriaren bueltan hirugarren deialdi bat izango da, kasu horretan Eusko Legebiltzarreko eserlekuak banatzeko, eta, itxuraz, bikoitza izango da, Europara bidaliko ditugun ordezkariak aukeratzeko ere hitzordua jarrita baitago 2024. urtean. Urte bateko aldean, lau aldiz (gaur-gaurkoz dakigunaren arabera, behinik behin) izango dugu, bada, Diogenesen antzera, hautua egiteko aukera: konfiantzaren gorpuzkiak zakur-bazka gisa barreiatu edo etorkizun posibleen alde egin.
Gure gizartea plurala dela lehendik genekien, hauteskundetako botoak zenbatu beharrik ez baitago horretarako, baina agian azkenaldian bizi ditugun garai politiko bizkor eta histrionikoak ulertzeko gakoa izan daiteke, hain justu ere, boterearen mekanismoak eta horien jagoleak ez direla oraindik behar bezain pluralak.
Iragan berri ditugun hauteskundeen ondorioz, alderdiei kamiseta izerditzea dagokie, guztiak geratu dira elkarren mugimenduen mende. Halakoxea da, bada, herri hau: askok uste zuten baino anitzagoa, beste askok nahikoluketenaren aldean anitzegia.
Alde batekoek nahiz bestekoek, baina, bat egin behar dute, ezinbestean, punturen baten: akordioak ezinbestekoak dira, zailtasunak zailtasun, ez baitago alternatibarik. Ez diot hau etsipenez, beste aukeraren bat balego eroso edo zoriontsuagoa nintzatekeela iradokiz edo. Aitzitik, akordioetara iritsi beharra (derrigortuta bada ere) espazio publikoa kudeatzeko modurik osasungarriena dela uste dut. Desadostasunak kontserbadoreak eta paralizatzaileak dira, eraldaketarako aukerak erabat zokoratu egiten dituztelako. Zenbat eta urrutiago kokatu joko-zelaiaren ertzetan, orduan eta zailagoa izango da ezinbestekoak zaizkigun sakoneko aldaketetan aurrera egitea. Mapa politikoa errealitatearen isla da, eta errealitatean kapaz gara marra gorririk gabeko ibilbideetan elkarrekin aurrera egiteko, desberdintasunak desberdintasun, leku hobe batera iritsi beharra dagoela adosten badugu. Gure eguneroko bizitza baldintzatzen duten krisi partikularretatik haratago, krisi estrukturalen gainean eraiki dugun mundua da gurea. Erantzun partzialek ez dute hondoko itsasoa ukitu ere egiten, eta, berandu baino lehen, azalera aterako dira. Ez dugu erakunde sendorik behar soilik gaurko gure bizitza gobernatzeko, zer bizitza mota izan nahi dugun elkarrekin erabakitzeko baizik.
Abstentzioaren datuak ikusirik, herritarren konfiantza ere azken hatsa ematekotan ez ote dagoen galdetzea zilegi zaigu. Hautua egin dezagun, egin dezaten, etorkizunaren alde, zakur-bazka nahikoa eta sobera bada-eta, inguruan.
ARKUPEAN
Hautua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu