Irratian aditu dut beharbada Elon Musk-ek ez duelaTwitter erosiko azkenean. Bere momentuan hautsak harrotu zituen erabaki hark, batzuek sare soziala uzteko erabakia hartzeraino. Beste batzuek hor jarraitzen dute, eta ohi baino harroago dabil hautsa azken boladan.
Ez dakit nondik datorren hautsak harrotu esamoldea. Ez dakit euskaraz bakarrik existitzen den. Hautsa zer den definitzen ere ez da erraza. Oro har, indar naturalen eraginez airean denbora batez egoteko gaitasuna duena hartzen da hautstzat. Sare sozialek ere badute gaitasun hori. Denbora tarte batez eztabaida batzuk airean mantentzekoa. Naturalak ez dakit, baina ulertzen errazak ez diren indar batzuek bultzatuta gehienetan.
Definizioak berak ez du mugatzen hautsa zerez osatuta dagoen. Izan daiteke gure azal edo ile eroria. Izan gure arropa, gailu edo bestelako materialek askatutako zuntza ere. Izan daiteke atmosferatik eroritakoa, haizeak nonbaitetik gugana ekarria. Inguratzen gaituen edozein materialen puska txikiz osatuta egon daiteke, printzipioz. Eta, ondo aztertuz gero, guri eta gure inguruari buruz guk uste duguna baino askoz gehiago esan dezake gure inguruan pilatutako hautsak.
Sare sozialekin ere antzera gertatzen da. Auskalo nondik eta norengandik etorritako pieza txiki asko elkartzen dira sarean. Izan daitezke norberari ihes egindako gogoetak, izan daitezke memeak, txisteak, irainak. Izan litezke berriak, izan fake-news-ak edo iragarkiak. Ez dago mugarik definizioan. Kasu honetan, haizeak baino, algoritmoek eta norbere ohiturek garraiatzen dute zer noren ingurura. Baina hautsarekin bezala, norbere denbora lerroan pilatzen denak uste baino gehiago dio norberari buruz.
Hautsa zikinarekin lotzen dugu maiz. Heriotza edo materia hilarekin ere lotu liteke. Hauts bihurtuko omen gara noizbait. Sarri aipatzen ez dena da, egunerokoan hauts pila uzten joateaz gain, hautsari zor diogula gure izatea ere, hein batean. Ez da egunerokoan egongelan pilatzen zaigun hautsaren parekoa, baina espazioan ere badago hautsa, eta ez gutxi.
Egunero espazioko hauts partikula ugari erortzen dira lurrera, hainbat material eta osagai kimikoz osatuak. Hauek ere mota askotarikoak izan daitezke, eta beraien azterketak galaxien, izarren eta planeten sorreraz informazioa ematen digu. Hauts horren erreakzio kimiko eta fisikoetatik sortzen omen dira izarrak, adibidez. Hauts hartatik, ustekabean. Bazekien horri buruz zerbait Xabier Letek.
Sareetan ere badira hautsetik jaiotzen diren izarrak. Influencer esaten diegu, baina finean hori dira. Erreakzio konplexu eta ulergaitz batzuen ondorioz, nola oso ondo inork ez dakiela, egun batetik bestera izar bihurtzen diren erabiltzaileak.
Hauts ugari dabil sareetan eta ez da erraza bakoitza zerez egina dagoen bereizten. Ez da erraza asmatzen zerk iraungo duen luzaro airean eta zerk lur hartuko duen segituan. Zer eramango duen erratzak gutxi barru eta zer bihurtuko den bizigai.
Baina bitartean, ezjakintasun horretan, izaten dira haize boladak hautsak bereziki harrotzen dituztenak. C Tangana zurrunbilo bat izan zen une batean, batua vs. euskalkia ufadaka altxatzen da noizean behin, transfobia eta feminazismoa harrotzen dira maiz, Chill Mafiak aspaldi ez du gogorregi jo... Azken asteotan zer dabilen ez dizuet nik esan behar.
Nork bere denbora lerroan ezberdin biziko du haize bolada bakoitza. Izango da haize boladak ustekabean harrapatu eta eramango duenik. Izango da hauspotuko duenik ere.
Ez dakit Elon Musk-ek zertarako nahiko duen Twitter erosi. Baina nahiko argi dago zertarako baliatzen duen askok: hautsak harrotzeko. Eta gehien-gehienetan, hautsak ar hotseko.
ARKUPEAN
Hautsa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu