Genero-esentzialismoa existitzeko bi baldintza bete behar dira: generoa existitzea eta esentzialismoa existitzea. Biak existitzen dira gaur eta hemen. Zoritxarrez, esango dugu. Eta genero-esentzialismoa diodanean ez naiz konkretuki terfei eta transfoboei buruz bakarrik ari, ari naiz pentsamendu-kodeei buruz, ari naiz generoa ulertzeko oinarriei buruz, mundu-ikuskeren baheei buruz, baita hainbat diskurtso ustez inklusibotan daudenei buruz ere. Ari naiz, funtsean, generoa gure esentziaren lekutxoren batean kokatzen dela uste dutenez, izan kromosometan, izan pixa egiteko organoetan (eta ez pixa egiteko posturan edo lekuan), izan konexio neuronalen batean. Ari naiz, era berean, asmorik onenez generoa sentimendu bat dela diotenez ere: inor ez da sentimenduekin jaiotzen, inor ez da pozik jaiotzen. Poztu egiten gara, baina geroago; eta gizon-emakumetu, eta heterosexualizatu. Umeak, jaio, itsusi jaiotzen dira, besterik ez. Umeak egin egiten dira, eta horregatik axola zaizkie hainbeste, ume ederrak egin nahi dituztelako.
Hala, genero-esentzialistek ez dituzte onartuko disidenteon identitatea eta praktikak, eta onartuko badituzte, izango da belauniko aitortzen badugu umetatik jolas egiten genuela panpinekin, baloiekin. Alegia, jaiotzetik izan garela halakoak eta ez dugula ihesbiderik eduki. Alegia, ihesbiderik eduki izan bagenu ihes egin behar izango genukeela.
Haurtzaroan noiz da? Zein denbora kantitatek determinatzen du queertasunaren zilegitasuna? Bi urterekin «mutila naiz» esatea zilegi da, ala? Bost urterekin ere bai? Hamabostekin egin bazenuen balio du ala berandu da? Eta hogeita hamabost urtera arte lasai eta zoriontsu eta gatazkarik gabe izan bazinen zisa eta bat-batean herriz aldatu eta lagunarte queer batean bollerizatu bazara, horrek balio al du? Merezi al duzu bollera izatea? Jaiotzetikako identitateen pentsamolde hori patologizatzailea, estigmatizatzailea eta queerfoboa da. Panpinak eta baloiak zeuzkaten haurrek soilik egiten zuten panpinekin eta baloiekin jolas.
Dena ez da txarra hala ere. Asko jatorrak ere badira, eta onartu gaituzte normalen bandoan. Guk hori eskertu egin behar diegu. Prest egon behar dugu makina kapitalista heterosexualak asimila gaitzan, prest eta pozik. Eskerrik asko. Hori bakarrik ez, gu garen bezalakoak garela onartzen duten bezain argi dute guraso heterosexualen haurrak jaiotzetik eta esentzian direla heterosexual. Argi dute haiek ez dutela errurik, ez dituztela haien haurrak baldintzatu. Badakite haien haurrak euskaldundu dituztela, baina ez heterosexualizatu, hori ez. Hori bai, ez bekigu okurritu eskoletara sartzea, haien haurrak transfeminismoan heztea, horri buruz hitz egitea. Eta galdetuko nuke: garena bagara eta hori ez bada manipulagarria, zein da arazoa? Zer gertatuko zaie, bada, zuen urrezko haurrei? Trans bihurtuko al ditugu, bada? (Bai).
Guk, materialistok, beharraren beharrez ikasi dugu neutrotzat jotako heziketa eta sistema zisheterosexual naturalizatuek sortzen dituztela pertsona, desira eta praktika zisheterosexual naturalak (kakotxak). Badakigu heziketa, eta zergatik ez esan, adoktrinazio heterosexuala jasan ditugula. Orain zuei ikasitako tresnak erabili nahi ditugu.
Biolentzia matxistari biolentzia transfeministarekin erantzuten zaiola ikasi dugun bezala –eta ez bake orokor neutral asimilazionistarekin–, badakigu heziketa heterosexualari heziketa transmaribolloarekin erantzuten zaiola. Deitu adoktrinazio. Adoktrinazio transmaribolloa gauzatu nahi dugu eta gauzatzeko prest gaude. Ez zen broma, arrazoi zuten oihartzunek, zuen haurrak marikonizatu nahi ditugu (gure haurrik ez daukagu normalean) zuek, gurekin egin zenuten bezala, heterosexualiza ez ditzazuen. Ez zenuten guztiz lortu. Eta guk ere badauzkagu irakasle-tituluak.