Ez dakit eklipse ostea izan zen, ilargi betearen aste akabuko aje mistikoren bat, edo negu buztaneko azken igande euritsua besterik ez; baina zinemara joatea baino igande-plan originalagorik ez zitzaidan otu. Ez naiz hilabetean bi-hiru aldiz zinema areto bat zapaltzen duten horietakoa, aitor dut. Burumakur diot: ikusle txarra naiz. Eta susmoa dut azken hamarkadako joera kolektiboa ere antzean dabilela, hainbeste pantaila eta plataformaren artean, badirudi eklipse bat gertatu behar dela zinemako butaka batean ipurdia jartzeko.
Etxetik hurbilen ditugun zinema areto komertzialetako pelikula zerrendetan bila ibili nintzen, eta ez lidake ezerk arreta piztuko, aste honetan bertan Naiz irratian euskal eskaintzari buruz ez banu ezer entzun izango.
«Euskal Herrian 2024an zinema komertzialetan egondako ia 197.000 emanaldietatik, 166.000 gazteleraz (Hego Euskal Herrian), 29.000 frantsesez (Ipar Euskal Herrian), eta 1.800 baino gutxiago izan dira euskaraz, emanaldi guztien %0,9 alegia». Zenbakiak batzuetan mingarriak izaten dira ikusi nahi ez duguna erakusten digutenean.
Cónclave (19:35)
Amenaza en el aire (22:25)
Bridget Jones: Loca por él (22:25)
La infiltrada (22:35)
etab.
Horiek, inguruko karteldegietako izenburu errepikatuenetako batzuen estanpa.
Arreta berezia jarri nuen igande honetako eskaintzan, eta hogeita bi izenburuetatik hogeita biak gaztelania hutsean bikoiztuta eskaintzen zirela ikusi nuen. Eta ez nintzen konturatu ere egingo. Ohituta nago. Ohituta gaude. Kasik ez diot hizkuntzari erreparatzen. Nolabait asimilatua daukat pantaila handia gaztelaniaz ikusten dela. Umetatik izan da horrela.
Haur baten imajinarioan pantaila erraldoiko irudi koloretsu horiek asko dira. Bi hankan dabilen katu laranja handi-handi batek ileak puntan jartzen ditu, kung fu egiten duen panda itzel batek zirrara sortzen du barru-barruraino, arratoi sukaldari batek edo zingira bakarti batean bizi den ogro berdeak eta bere astoak barrea etengabe eragiten dute. Hain itzel, hain bizi eta hain eder agertzen dira, ezen haur baten emoziorik eta eszitaziorik handienak zinema areto batean gerta baitaitezke. Eta, horrela, erdaraz hezten da ume euskaldun baten iruditeria.
Aipatzekoa da EITB Euskal Irrati Telebistak 9,5 milioi inbertitu zituela 2024an ekoizpen zinematografiko eta fikziozko telesailetan, eta kopuru horretatik 6,7 milioi euro bideratu zituela euskarazko ekoizpenetara. Eta badirudi salto hirukoitza egongo dela aurtengo eskaintzan aurreko urtekoekin alderatuta. Sei-zazpi euskarazko film iritsiko baitira 2025ean aretoetara (horien artean Sara Fantovaren Jone, batzuetan, Paul Urkijoren Gaua edo Asier Urbietaren Faisaien irla). Baina, Alex Aginagalderen hitzetan, Katalunian 30 milioi eurotik gorako diru laguntza eskaintzen da zinema katalanari bultzada emateko. Eta, testuinguruak ezberdinak badira ere, aldea nabaria da. Halaber, nazioarteko filmak euskaraz ikusteko aukera oso garrantzitsua dela azpimarratzen zuen Aginagaldek.
«Euskaldunok ez gara bigarren mailako herritarrak eta zinema euskaraz ikusteko dagokigun eskubidea bete dadila eskatzen dugu».
Bistakoegia da agian, baina utz iezadazue esaten: hau ez da kapritxo bat, hau eskubidea da. Hizkuntza ez da soilik komunikatzeko baliabide praktiko bat, mundua ikusteko eta bizitzeko toki bat ere bada. Zinema euskaraz ezin sortzea eta nazioarteko zinema euskarara ezin ekartzea, adierazpide (ez soilik linguistiko, baizik eta) kultural baten ukazioa ere bada; haur baten iruditeria anputatua.