Liburutegian nengoen, mahai bete liburu eta fotokopia. Laurak laurden gutxiago edo. Bazkaldu gabe oraindik. Artikulu bat amaitu nahi nuen eta amaitu arte han geldi. Leihoaren pareko bi aulkidun mahai batean ni bakarrik. Ni eta motxila bete traste. Begien parean treneko obrak eta katedrala. Harria eta burdina. Gure folioek apenas balio duten ezer horren aldean. Harri, orri, har.
Andre bat etorri zitzaidan albora paperez eta margoz betetako karpeta handi batekin. Aldamenean jartzeko baimena eskatu zidan gaztelania traketsean. Dorre bat egin nuen mahaiaren ezkerreko aldean neuzkan liburuekin. Frantsesa zen edo frantses hiztuna behintzat. Nik ez dakit frantsesez berba egiten, baina belarriak identifikatzen du hizkuntza honezkero. Margolaria zen edo pintatzen hasi zen behintzat.
Eszena kuriosoa iruditu zitzaidan bere horretan. Sekula ez zitzaidan iruditu begiarentzako horren astuna den hiri pusketa hori akuarelaren arintasunak jasotzeko modukoa. Baina tira, hemen bakoitzak bere filiak ditu. Aurrez sekula ez nuen margolaririk izan aldamenean liburutegian eta tira, bitxia zen hori ere. Egin behar nuena egin beharrean, haren trazuei begira egon nintzen. Gauza jakina da lan egin behar denean edozer dela lan egitea baino interesgarriagoa.
Begiak margotik liburura ekartzea lortzen nuen aldietan Susanna Minguellen artikulu bat irakurri nuen. Posología. Microdosis transfeministas para la salud liburuan dago (oso gomendagarria, bide batez). Idazkera poetikoaz mintzo da Minguell testuan. Muturreko egoerei aurre egiteko arteak orokorrean eta poesiak konkretuki duten potentzialitateaz. Poesia idazteaz baino, idatzitako poemak errezitazeaz. Hori baitauka idatziak: gorputza hizkien artean ezkutatzen du. Ona eta txarra izan daiteke hori. Baina uste dut beste modu batera idatziko genukeela idazten dugun hitz bakoitza gero jendaurrean irakurriko dugula jakingo bagenu. Beste modu batera irakurriko nindukezu zuk ere pijama itsusi bat jantzita sofan etzanda irakurriko banizu testu hau (idatzi dudan bezala, alafede). Hori dauka ona idatziak, gorputza paper bilakatzen duela (kasurik erromantikoenean) eta, beraz, jendaurreratzeko bezain indartsu ez gaudenean ere egin dezakegula. Hori bera da, hain justu ere, testu idatziaren txarrena ere.
Arte plastikoekin ere antzeko zerbait gertatzen dela pentsatu nuen begiradak liburutik margolanerako bidea egiten zidan tarteetan. Gauzak ez dira berdin jasotzen egin duenak nola eta nondik egin duen ez badakizu.
Artikulua amaitu bezain pronto ekin nion liburuak eta fotokopiak motxilan sartzeari. Parkera joan nahi nuen bazkaltzera. Oso gosetuta nengoen eta entsalada berotzen ari zitzaidan jada. Fotokopiak txukuntzen ari nintzela, aldamenekoak isiltasuna hautsi zuen. «Egin diezazuket opari bat?». Ez nuen halakorik espero eta ez nekien zer esan, baina baietz egin nion buruarekin. Goizean zehar egindako marrazkietako bat erditik tolestu zuen. «Zure apunteentzako karpeta gisa erabil dezazun». Urduritu egin nintzen, ez nuen erreakzionatzen jakin. Egiazko eskerrik asko bat xuxurlatu nion. «Hau da hau gorputza jartzea», pentsatu nuen.
Arte hartzaile garenean ere gorputza esanguratsua da. Artistarengandik gero eta urrunago, orduan eta erosoago. Ez da gauza bera galeria batean koadro bat ikustea edo artistak berak zuri koadroa eskura ematea. Ez dira berdin baloratzen gauzak.
Lagunei kontatu diedanean, pelikuleroa iruditu zaie eszena. Gauza bera pentsatu nuen neuk ere. Gertuago egon zen, ordea, antzerkitik edo performancetik. Pantailaren bestaldean, besaulkian goxo jarrita egonda amaituko bailitzateke istorioa bestela. Parkean entsalada jaten eta margolana ikusten igaro nuen ordu erdi edo. Artearen eta egunerokoaren arteko mugez eta paperaren eta gorputzaren arteko mugez hausnartzen.