elixabete garmendia lasa

Haritz zaharretik albokara

2023ko abenduaren 7a
12:44
Entzun

Donostiako zinema-areto batean, zapatu iluntzean, Ken Loach-en Haritz Zaharra (The Old Oak) filma ikusteko prest. Sartu da gurpil-aulki elektrikoan emakume bat, aparkatu du aulkia dagokion tokian, zutitu eta aldatu da ondoko eserlekura. Laster, argiak itzali eta hasi dira pelikularen aurreko iragarkiak ematen. Hartan, etorri da aretoko zaintzaileetako bat eta butakan dagoen andreari esan dio zerbait; honek erantzun ere bai. Eta hartan, emakumea eserlekutik altxatu eta gurpil-aulkira itzuli da. Pelikula bukatu denean, hurbildu natzaio galdezka; kontua da nonbait, gurpil-aulkian sartzen bazara aretora, bertatik ikusi beharra daukazula filma, butakarik hartu gabe. Izan ere, bestela, bi toki okupatzen dituzu. Gurpil-aulkira kondenatzen zaitu derrigorrean aretoko logikak.

Handik egun batzuetara, BERRIAn (2023-11-29) izenburu deigarria: «Desgaitasunen bat dugunok beste liga batean jokatzen dugu». Edurne Txokarroren hitzak, Uxue Rey Gorraiz eta Ane Eslava kazetariek jasoak, erreportaje bikainean. Txokarrok garbi dauzka gauzak: «Sistema kapitalistak pertsonekin egiten duen lehen bereizketa hau da: etekinerako baliagarri zaizkionak eta horretarako baliagarri ez garenak». Eta eskema horren ondorioz sortzen da kapazitismoa, hau da, desgaitasunen bat dutenekiko aurrejuzgua eta bazterkeria. Donostiako zinema-aretoan gertatutakoa kapazitismo kasu garbia da. Arauak zuzendu beharrean daude: oinez iritsi garenok bezalaxe dauka eskubidea gurpil-aulkian bertaratu denak besaulkian eroso eserita ikusteko pelikula. Bi toki hartzen dituela nolabait? Zekenkeria kapitalistaren logika deitoragarria.

Hor nonbait dabil beste kasu hau ere, zekenkeria kapitalistaren lerroan betiere. Euskal Telebista hasi da dagoeneko emititzen Shen Yun ikuskizun txinatarraren iragarkiak, «Txina komunismoaren aurretik» nolakoa zen erakustea promesten duen musika eta dantza saioaren propaganda. Martxoan Bilboko Euskalduna jauregian izango omen dira; aurten, dirudienez, ez dira Donostiako Kursaalera etorriko. Iragarkietan irudiak apur bat berritu dituzte, baina tankerak eta mezuak iazko berberak izaten jarraitzen dute. Eboluzioaren, ateismoaren eta homosexualitatearen kontrako Falun Gong sektak bultzatzen duen ikuskizunak bere esku izango du 2024ko udaberrian Euskalduna jauregia. Behin eta berriro ere galdera: ze irizpiderekin jokatzen dute Euskaldunako arduradunek horrelako emanaldi bat onartzeko? Eta nolatan ametitu dezakete telebista publiko bateko nagusiek —Euskal Telebistakoek— halako muntaia baten propaganda egitea?

Egun laburrek garaiz etxeratzeko agindua dakarte. Irakurketan murgiltzea da irtenbidea. Aurtengo uztan liburu hau dago: La puerta abierta.Baladas vascas e internacionales (Aztarna, 2023), Alan Griffin egilearena. Literaturako doktoretza baten aitzakian etorri omen zen Alan Griffin irlandarra Donostiara, 1984an. Baladei buruzko bere azken lan hori doktoregoko tesia izan zitekeen ondo asko. Euskal baladak oinarritzat hartuta, beste hizkuntza batzuetakoekin alderatzen ditu, parekotasunak bilatuz, eta deskubrituz euskarazkoak itzulpen eta moldaketak direla sarritan.

Alan Griffin Alboka taldearekin egin zen ezagun musikari gisa; gerora, 2006an, Aintzina taldea sortu zuen. Albokaren errepertorioa aberastu du hainbat pieza berri idatzita; horien artean dago Ormaiztiko olkiak izenekoa, umoretsua. Aurtengo abenduaren 24an, Ormaiztegiko eliz atarian eguberri-kanta saioa bukatutakoan, Alanen jardunaren falta sumatuko dugu: urtero gabon afarira apur bat berandu iristea eragiten zigun alboka kontzertu ahaztezina.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.