lizar begona

Hamsterrak, gimnasioak eta parrokiak

2024ko azaroaren 26a
05:00
Entzun

Be, De eta Efe izerditan ari dira, norbera bere makinan. Lerroan jarrita daude hirurak gimnasioko kristalezko eskaparatean. Kale Nagusian dago gyma eta metro erdira pasatzen da hiri jendea ezker-eskuin. 

Be korrika egiteko zintan ari da, aurrean duen pantailako kronometroari begira. %3 inklinatu du zinta mendi igoera bat simulatzeko, eta pantaila gaineko haizagailua martxan jarri, tontorreko freskura nola. Kaskoetan David Guetta: 

You shoot me down / Eraisten nauzu

but I won't fall / Baina ez naiz eroriko

I am titanium  / Titanioa naiz

I am titanium /Titanioa naiz

Bat-bi, bat-bi, bat-bi.

Bizikleta eliptikoan dago De. Zortzi orduko lanaldian tartetxo bat izaten du tuper azkar bat bazkaldu eta egunero kirol apur bat egiteko. Astelehenetik ostiralera joaten da bertara. Diziplinatua da De, eta bere helburua egunero 45 minutu egitea izaten da bulegora itzuli aurretik. Gaur 50 minutu egingo ditu. Egingo ez ditu ba? Fit egon nahi du, hori da dena. 

Eferi psikologoak aholkatu zion ariketa fisikoa egitea. Esan zion dolua gainditzeko oso lagungarria omen dela kirola. Estresa, antsietatea eta depresioa gutxitzen eta autoestimua handitzen duela. Dopamina eta serotonina askatuko dituela. Bizikleta estatiko batek depresioa pairatzeko arriskua gutxitzen duela eta autoestimua handitzen lagunduko diola. Horra Efe pedalei eman eta eman. 

Be, De eta Efe izerditan ari dira hirurak aurreko kristalari begira, aurpegiak gorri-gorri, arnasa ezin estuago. Errutinaren erdian bizirauten duen titanioa dira. Tarteka jendea pasatzen da, baina orokorrean zeharka begiratzen dute eta ez diete erreparatzen. Gero eta ohikoagoak baitira tankerako gym-erakusleihoak. 

Baina bat-batean ume ilegorri txiki-txiki bat paratu da espaloi erdian gimnasioko hirurei so, zuzen-zuzenean. Masailezurra zintzilik, ikusten ari den eszenaren erradiografia xehea egiten ariko balitz bezala. 

Be, De eta Efe izerditan ari dira kristalaz beste, aurpegiak are gorriago, arnasa ezin estuago, hankak ezin gelditurik, bihotza ahotik ateratzear. Eta parean begirik kentzen ez dien haur hori. Ez dakite zergatik, baina lehen kolpean lotsa sentitu dute. Erridikulu sentitu dira haurraren begietan. Zer gertatzen ari zaien ulertuko ez balu bezala begiratzen die: tramankulu handi horien gainean sufritzen ari diren hiru tipo. Behetik gora adi-adi Be, De eta Eferen begi, beso eta hankei so. Korrika ari dira baina ez doaz inora. Umearen logelako hamsterra dirudite. 

Gimnasioenaren ironia hizpide, artikulu iradokitzaile batekin egin dut topo sarean. Gym fenomenoa: post-gizakiaren autozainketa baten bertsio neoliberala izenburupean. Hona txataltxo bat: 

«Gimnasioak body-building delakoaren demokratizazio postmodernoa adierazten du. Garai batean zirkuko akrobatentzat, boxeolarientzat eta kirol-gimnastentzat bazen ere, erlijio kutsua hartu du egun. Gym-ak osasunaren inguruko kezka pribatua edo sasoian egon nahi izatearen betebehar indibiduala kanalizatzen du, prosaismo neoliberalarekin hain bat datozenak; debozio popular arrakastatsu baterako beharrezko bokazio bihurtzen ditu».

Haur baten begi distiratsu birjinek mundu helduaren parafernalia guztia hankaz gora uzteko ahalmena dute. Historiaren azken ertz honetan automatismo militar-erlijiosoaz mugitzen ditugu gorputzak. Fit egon nahi dugu, besterik ez. 

Parrokia bilakatu al ditugu gimnasioak?

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.