Espainiako Gobernua Lan Erreforma negoziatzen hasi zenetik hilabeteak joan dira. Duela 15 egun Arkupean idazten nuen bazela adostasunerako aukeraren bat, bidea estutzen ari bazen ere.
Ordutik hona mende oso bat pasa dela ematen du. Antonio Garamendik lortu du iazko abenduan sinatu zuen testua kakotx bat bera ere aldatu barik uztea, C's-ek bere buruari jarri dio arrakastaren koroa, Casero diputatuak San Pedrok fedea baino gehiagotan ukatu zuen ostegunean bere alderdia, UPNk Bilkura Nagusia egin behar izan du arrakalak estaltzeko, Maroto gasteiztarra Segoviako akueduktuan agertu zen igandean harro,ERCko Rufian jauna ikusi dugu Diaz andrearekiko haserrea konpondu nahian, azken honekEAJren ezetza ulertu eta jarrera eskertzen zuen artean. Marx anaien ganberak gaindituko ez lukeen ikuskizuna.
Gertaera guztiek izaten dute arrazoiren bat edo, gutxienez, azalpenen bat. Honek ere bai. Hasteko, balio absolutua eman zitzaion Espainiako Gobernuak Estatu mailako sindikatu nagusien eta enpresarien arteko adostasuna lortu izanari. Akordioak tresna egokiak dira baina ez oro baliotsuak. Esaterako, Andaluzian PP eta VOXen artekoak biztanleria zabala du atzean baina horrek ez du berez akordioa txalogarri bihurtzen. Beste aldean, Espainiako Gobernuak, CEOEk, UGTk eta CCOOk lortutakoak baino eremu askoz urriagoa du 2017an Euskal Autonomia Erkidegoan adostutako Lanbide-arteko Akordioak, baina euskaldun askorentzat balio gehiago du. Lege-maila behar, halere.
Espainiako Gobernuak aspaldi adierazia zuen Rajoyren Lan Erreforma indargabetzeko erabakia. Iazko aurrekontuak onartzeko unean EH Bildurekin adostu zuen, hain justu, indargabetze hori abian jartzea. Ulergarria da beste eragileekin negoziatzean erabaki hura berregin beharrean aurkitzea. Baina gutxienez Sanchez jaunak azalpenak zor zizkion hitza emana zion talde politikoari.
EAJri dagokionez, Diaz andreak Kongresuan esker-hitzak erabili zituen, hasiera-hasieratik jarrera argia eta leialtasuna erakusteagatik. Aitor Estebanek bere berba-txandan halaxe erantzun zion: «Ondo dakit adostasunaren aldeko ahalegin osoa egin duzula eta benetan eskertzen dizugu esfortzua».
Nola ulertu bata eta bestearen hitzok? Azalpen ulerterrazenak izaten dira gertagarrienak. Beraz, protagonistek besterik esaten ez duten bitartean, Espainiako Gobernuko bigarren lehendakariordea ibili da adostasun sozialari eutsi eta, aldi berean, ohiko alderdiekin negoziatu nahian, Sanchez zebilen bitartean geometria aldakorrarekin amets egin eta beste solaskide batzuengana hurbiltzen. Baina usteak ustel gertatu dira, benetan baldarra izan baita batzuentzat alternatiba zirudien negoziazio hori, tranpa hutsa.
Espainiako Gobernuak eskubiaren botoak bilatu eta (batzuk) erabili ditu, nahiz eta beste batzuei aurpegiratu eskubiarekin batera joan izana. Baina, sozialistek inoiz esan ohi duten bezala, gobernuek bilatu egiten dituzte akordioak eta, ostera, oposizioan tope egiten dute batzuek eta besteek, aurkariak izan ala ez.
ARKUPEAN
«Hamaika ikusteko jaioak gara»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu