Duela bi aste utzitako tokian heldu behar 2022-2023 denboraldiko azken artikuluari, galdera ikurretik zintzilik, Gipuzkoako Diputazioa nork gobernatuko ote duen hurrengo lau urteetan, Maddalen Iriartek ala Eider Mendozak. Milagrorik gertatu ezean, Mendoza izango da diputatu nagusi, PSEren babesarekin eta PPren laguntzarekin; beraz, Estatuan zehar Vox-ekin bat eginda dabilen PPri esker.Lehengoan aipatzen nuen iruzur sentipena areagotu egiten da; zer esanik ez Gasteizko alkatetzarekin egin dutena ikusi eta gero.
Batzuetan, argazkiak zinez esanguratsuak gertatzen dira. Begiratu besterik ez dago Fokuko Endika Portillok Gasteizko alkatearen kargu hartzean ateratakoari. Lehen lerroaren erdian aginte makila hartu berri Maider Etxebarria, PSEkoa. Bere eskuinean Rocio Vitero, EH Bildukoa, hauteskundeak irabazi zituen hautagaia. Etxebarriak, kokotsa altxatuta begiratzen dio kamerari, harro; Viteroren aurpegiak jasandako desmasiaren nahigabea adierazten du.
Gasteizko alkatetza hartu eta biharamunean, ETBko albistegian elkarrizketatu zuten Maider Etxebarria; udaleko talde guztiekin negoziatuko omen du, EH Bildurekin bezala PPrekin. Astelehenean Radio Vitorian egin zioten elkarrizketan honela azaldu zuen PPren sei botoak eskuratu izana: «Bistan da PP eta PSOE ezberdinak garela, baina baditugu puntu komunak: Ezker Abertzaleak ez duela gobernatu behar Gasteizen». Aurpegia behar du boz gehien jaso dituen alderdiarengatik hori esateko; areago, aurpegia behar du horrenbeste boto-emaileri iruzur egiteko. EAJk ere bat egiten du Etxebarriaren printzipioarekin? Bastidako Udaleko aferari buruz Andoni Ortuzarrek esan du ezin zela horrenbeste bihurritu lehia boto gehien zituenari —PPri— alkatetza ukatzeko. Zertan gaude? Bastidan bidezko ez zena irtenbide zuzena da Gasteizen?
Antxon Lafontek Gara egunkarian (2023-06-19): «EAJren boto-emaile askok aitortzen dute beren dezepzioa buruzagiek bultzatzen dituzten contra natura aliantzengatik». Horrekin lotzen du Lafontek EAJren boto-emaile kopurua jaitsi izana, bai abstentziora joz, nahiz beste alderdi batzuei emanez boza. Pentsatzekoa da EAJko guruek galera horren analisia egina izango dutela, baina apenas entzun zaien esplikaziorik. Jose Antonio Susok —Araba Buru Batzarreko presidenteak— Euskadi Buru Batzarretik azterketa egin beharra planteatu du. Ortuzarrek (BERRIA, 2023-06-20): «Lau urte zailen kudeaketari begiratu zaio maiatzaren 28an, eta hautesleen parte bat etxean gelditu da, eta abisu bat eman digu, kaskarreko bat». Jeltzaleen hausnarketa horretara mugatzen ote da?
Galdera erretorikoak alde batera utzi eta denboraldia taxuz bukatzearren, irailetik hona artikuluetarako hartu izan ditudan apunteak errepasatu ditut. Eta hor azaldu zaizkit umoreari buruzko oharrak, ozpindura arintzeko aproposak. Gurean, Juan Carlos Eguillor marrazkigile umorista izan genuen garai aldrebesei umore tantak bota zizkienetako bat. Bilbon zegoen bere mundua, eta han kokatu zuen Miss Martiartu, Batzokiko dama paradigmatikoa. Agur, amante liburuan (The Bilbao Box Company, 2021) daude jasota Eguillorrek 1995ean El Correo egunkarian argitaratu zituen tirak; garai hartako kronika sozio-politiko ilustratua —zentzu bikoitzean— marrazten dute: Guggenheim-aren hasmenta, Super-Lópezpertsonaia, Bilbao Metroland... eta zirimiria etengabe. Auskalo zer esango zukeen Miss Martiartuk bolada honetan.
Egungo umorearen arrastoa Zaldieroaren De Rerum Natura-n aurki daiteke, igandeko BERRIAn jaurti zuen UPsN! pankarta erraldoiarekin. Beste esparru eta tonu batean, Antton Olariagak larunbatean botatakoa, «Martxelogidari, gidaide»-ri eskainia:«Halan egarri!». Susmatzen dut zizelkatuta geratuko ote den Otamendik egin ohi duen diosalaren bertsio berria.
ARKUPEAN
Halan egarri!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu