Orain dela gutxi jakin nuen nor den Eduard. Nire familian izen oso arrunta da hori. Ez dakit berean ere hala ote den, ez dut zuhaitz osoa ezagutzen. Tira, berdin du, malagondarron eta habsburgotarren artean ez dago amankomunean ezer, nire familiaren historian zehar hilketa eta bahiketaren bat egon bada ere. Baina zerikusirik ez I. Mundu Gerra abiatu zuen Franz Ferdinand Artxidukearen hilketa edo Frantziako Iraultzaren mugarrietako bat den Marie Antoinetteren gillotinatzearen glamourrarekin. Heriotzak eta heriotzak daude. Familiak eta familiak.
Eduard ez da Eduard soilik. Eduard Karl Joseph Michael Marcus Antonius Koloman Volkhold Maria Habsburg-Lothringen da. Arabar askok bezala, pasaportean sartzen ez diren izen horietako bat du. Munichen jaio arren, hungariarra da. Diplomatikoa, hungariarrek Vatikanoan duten enbaxadorea delako. Eta diplomatikoa, desadostasun ideologikotik, nahiko sinpatikoa iruditu zitzaidalako hasieran. Autoironiarako gaitasun osasuntsu bat zuen norbait.
The Habsburg Way (Habsburgotarren eredua) bere liburua aurkezten zuen elkarrizketa batean ezagutu nuen. Lasai, nik irakurri dut liburua zuk egin behar izan ez dezazun. Familia errezeta liburu bat da, baina legatza saltsan nola prestatu behar den azaldu beharrean, garai gatazkatsu hauetan habsburgotarrek historian zehar Europa gobernatzeko jarraitu zuten eredutik ateratako printzipio batzuk azaltzen ditu, gure bizitzak hobetzeko irakaspenen bat jasoko dugulakoan edo. Spoilerra egingo dizut: ez dago gehiegi jasotzeko. Hau jakina behar nuen Viktor Orbanek idatzitako hitzaurrea duela irakurri bezain pronto, baina nire jakin-mina nire printzipioak baino askoz ere indartsuagoa izan ohi da normalean.
Habsburgotarren printzipioen artean bereziki deigarria (eta liluragarria) suertatzen da familia katolikoaren aldarrikapena, ez zerrendatzen dituen adibide endogamiko eta sinesgarritasun eskaseko maitasun istorioengatik, ibilbide diplomatikoa duen norbaitek halako sinplismoa erakustea hunkigarria suertatzen delako baizik. Nolabait iraingarria izango ez balitz. Ehunka historialarik Habsburgo etxearen inguruan luze eta zabal idatzi izanak, nolabaiteko narrazio eta ideien artikulazioa egitea eta bere gaur egungo pentsaerari jatorri eta azalpen bat ematea ahalbidetzen dio Eduardi. Bada zerbait. Beste guztiontzat gure familia hutsunez beteriko zerbait amorfoa da, ezagutu ez genituenen istorio distortsionatuek eta gertukoak ditugunen sekretuek eraikia. Ez dugu ezer artikulatzerik horretatik (eta eskerrak). Tarte ilun batzuk alde batera utzita, bere leinukoekin onbera da Eduard «maitasun gutun» deitu duen honetan. Ez dut uste nostalgikoa denik, kontserbadore batzuei gertatzen zaien bezala, bere gertuko mundua ez delako gehiegi aldatu, nahiz eta batzuetan beste mundu batetik idazten duela iruditzen zaidan. Beste denbora batetik non jauregiek saloi handiak dituzten eta agintariek peluka edo bigote ikusgarriak. Bere printzipioetan ez dago errefuxiatu edo etorkinik, ez dago familia tradizionaletik at bizi denik eta inperioaren aniztasuna endogamiari esker orekatzen da. Ez da zehazki XXI. mendeko tsar bat izan nahiko lukeen Putinen jarraitzaile euroeszeptikoak diren Herbert Kicklek, Austriako hauteskundeen garaileak, edo Viktor Orbanek, Hungariako presidenteak, buruan dutena. Ez da erabat desberdina ere.
Esperoko zenuen bezala, habsburgotarrek ez dute lausotzen ari diren marra gorrien eta hausten ari diren osasun-hesien aurrean gizatasunez jokatuko duen Europako Batasun bat bermatzeko errezeta baliagarririk eskaintzen. Horren aurrean hozkailuan iraungitzen ari zaigun etikarekin dieta zorroztea besterik ez zaigu gelditzen edo gure utzikeriarekin jarraitu. Liburuan aipatzen den azkeneko printzipioa beteko genuke honela: heriotza on bat eta hileta ikusgarri bat izatea. Inperioaren dekadentzia eredu.