Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Gure hilak

2020ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
«Bakarrik jaiotzen gara, bakarrik hiltzen gara», zioen Orson Wellesek.

Konfinamendu honi irteera sumatzen ari zaion unean, ondorio askori egin beharko diogu aurre; besteak beste, gure hilak tratatzeko moduak eraginik gizatasuna andeatu izanari.

Gaur ez naiz arituko gure bizitzako unerik larrienari bakarrik buru egin beharrak dakarren sufrimendu harrigarriaz. Senideak agurtu ezina, eskua nori eman ez izatea... pertsona egiten gaituen hitzak erran eta entzun ezina zein den gogorra irudikatzearekin aski baita. Ehorzketa errituei buruz zuzendu dut gogoeta, 100 milurteko igarotze errituei hain zuzen, gizarte funtzio desberdinak betetzen dituzte-eta, hau da, heriotzaren eta gure artean kokatzen direnez, heriotzaren eta kulturaren arteko zubia, lotura, egiten baitute.

Hilobiaren asmakuntza Neanderthaleko gizakia eta Homo sapiens-ak bizi ziren garaikoa da. Bi giza lerroek ehorzketa praktikak egiten zituzten heriotzaz jabetzeko: gorpua zaindu, animalien eta elementuen aurkako babes egokia eskaintzen duen leku bat atzeman, apaindu, eskaintzak bildu (bitxiak, elikagaiak, tresnak, armak...). Eta hori guztia lotura segurtatzeko, eta taldearen iraupena finkatzeko.

Lotura horiek esanahi sinbolikoen eramaileak baitira. Keinu horiek, hitz horiek, objektu horiek sinboloak dira, hots, kultura-arloan, espiritu arloan, horretarako erabiltzen den taldearen jatorrizko historia mitiko edo erlijiosoaren baitako esanahia dute.

Ehorzketa errituak, hildakoarentzat pentsatu direla dirudien arren, bizirik daudenentzat ere funtsezkoak dira: lasaitzea, estutasunaren aurkako babesa eskaintzea, baina emozio biziak adieraztea ere bada errituen helburua. Ildo horretatik, dolu errituek ehorzketa errituak osatzen dituzte, dolu lana errazteko eta kokatzeko, eta, hartara, larritasuna adierazi ondoren eta desagertutakoa omendu ondoren nahasitako ordena berrezartzeko.

Gure jendarteak heriotza desagertze bihurtu duela nabarmena da, hitzetan ere ageri da; hala nola frantsesez anitz erabiltzen da disparu terminoa hildako pertsona izendatzeko. Heriotzak bizitzan duen presentzia eta indarra ezkutatu nahian banakako gertakari bat balitz bezala tratatu nahiko genuke, baina heriotzaren kultura lantzea uste baino beharrezkoagoa da.

Errituaren lana heriotza ezagutaraztea da. Ondoren datorrenak, hau da, bake lanak edo gertaera horren onarpenak, ezin du talka bortitzaren, sufrimenduaren ekonomia egin. Heriotza bizitzaren parte dela —gure bizitzan sar daitekeela alegia— ukatzeak arazoak sortzen ditu, bakarka nahiz sozialki. Ukatze sinbolikoa beharrezkoa da, bizitzara buruz abiatu ahal izateko, eta horretarako daude errituak. Ukatze erreala, berriz, modernitatearekin eta heriotzarekin dugun harreman berriarekin agertu da, eta, bistan da, errituekiko eta bizitzarekiko dugun harremana aldatu egin da.

Periklesen esaldi ospetsua gogoan hartzekoa da: «Herri bat hildakoak lurperatzen dituen eraren arabera epaitzen da». Inori hilobiratzea ukatu izana edo inor hilobi komunean sartu izana zigortzeko borondatearekin lotua izan da historian zehar, eta gaur bizitzen ari garena antzekoa da, nahi bezala jarduteko ezintasunagatik gure herria zigor bortitza pairatzen ari da. Erraustegiek inoiz baino lan gehiago dute, ehorztetxeak gainezka daude, eta etxekoak gertakari latz hori isolamenduan bizitzeari kondenatuak dira.

Gaur egun, ehorzketa errituak pribatizatzera buruz doazela agerikoa da, hirietan batez ere, baina ez dezagun ahantz gurtza pribatizatzeak memoriaren pribatizazioa dakarrela, eta oroimenaren zeinuak porroskatzearekin batera, herriak partekatzen duen iragana litsetan gerta daitekeela. Gure iraganaren eta oroimenaren dolua ere ez al dugu egin beharko... agian... agian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.