Miren Aranguren Etxarte.
ARKUPEAN

Gure gorputza ez, mundua alda dezagun!

2016ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Maite dut uda. Eta berekin batera datozen eguzki izpi berrien argia. Pozarren hartzen dut jendea arropa gutxiagorekin kaletik paseatzen ikustea; eskoteak, tripak bistan, galtza motzek erakusten dituzten izterrak, oinak, irribarreak... Negu osoan ezkutuan gorde ditugunak, publikora salto egiten dute, askatasuna berreskuratuko balute bezala. Eta maite dut hondartzara joatea. Bertan pixka bat gehiago biluzten dugu gure azala eta gure gorputzarekin batera, zoko bakoitzean gordeta egon daitezkeen konplexu txiki edo handiagoak.

Onartu beharrean nago ez dela trago erraza izaten hondartzara jaisten naizen lehen eguna. Besteengan ikusten dudan gorputz sexy eta erakargarria, ez baitut nirearengatik sentitzen. Urteetako erritual bilakatu zait «operación bikini» delakoa. Aurreko hilabetean platerean dagoen horri tentuz begiratzen hasten naiz, eta neurtzen saiatzen naiz mokadu bakoitza. Gelan dudan ispiluaren aurrean biluzi, bikiniaren kuleroak jantzi, erantzi; bularretakoa jantzi, erantzi; ispiluan begiratu, aurretik, atzetik, keinu bat egin, beste bat. Besazpia depilatu edo ez erabaki, hankak horrelaxe utzi edo ez erabaki... Gorputzeko atal bakoitza beste begi batzuekin begiratzen hasten naiz, iragarkietako «hondartzarako gorputz» horien antza ez duten gorputz-zoko bakoitza zalantzan jartzeraino; eta aldaketak desio ditut zenbaitetan.

Jakin badakit zergatik den, eta zein den sistema patriarkalak Mendebalde ustelean emakumeoi ezartzen digun gorputz irudia. Edertasun kanon horrek ez dituela gorputz osasuntsuak sustatzen, baizik eta ahul, gaixo eta menpeko direnak sortzen dituela. Gehiengoari, gure gorputzarengatik galdetuta, hau eta beste aldatuko genukeela adieraziko dugula. Heteropatriarkatu kapitalistak lan asko hartzen baitu denok konplexudun pertsonak izan gaitezen. Eta konplexuei aurre egiteko milaka errezeta milagrosoren salerosketan egiten gara pertsona errentagarriagoak.

XX. mende erdialdetik aurrera, gizentasunarekiko errepresioa areagotu zela esan dezakegu, osasuntsu egonik, gure gorputzak medikalizatzeko helburuarekin. Eta hortik aurrera, azkenaldian asko entzun dudan lodifobia erabat zabaldu zen (feminismotik inposatutako eredu estetikoak asko kritikatu diren arren, azkenaldian gizentasunak sortzen duen diskriminazioaren kontrako ahots interesgarri ugari sortu dira).

Lodifobiaren kontrako aktibista batzuk horrelaxe definitzen dute: pertsona gizenek, gizenak izateagatik sufritzen duten diskriminazioa da; gizena umiliatzea, ikusezin bihurtzea, barregarri egitea, marjinatzea, baztertzea eta indarkeriafisikoa erabiltzea helburu duen jarrera da. Indarkeria sexistaren beste adierazle bat dudarikgabe.

Lucrecia Lasson aktibista feministaren artikulu batek («Elogio de la carne», Hysteria aldizkarian argitaratua) kolpatu du nire errituala. Lucreciak dio gorputz lodia desagertzera bideratzen dugula, gizentasuna eta gizena egoteari uzteko nahia eskutik helduta datozela gehienetan. Eta arrazoi du. Gizena egon edo ez, gizentasuna mehatxu gisa bizi dugu; osasunarekiko, arrakastarekiko, desiratuta sentitzearekiko... Berau, gorputzaren akats gisa ulertzen dugu, eta ematen du ezingo dugula zoriontsuak izan, gizenak (gaixoak, zaharrak, iletsuak, askotarikoak) baldin bagaude. Gure gorputzean harekiko gorrotoa gorpuzten da, eta gure habiatik exiliatzen gaitu.

Ez da erraza gure gorputza dagoen bezala maitatzea, are eta gehiago plazererako aldarrikatzea. Baina horrek pixkanaka genero sisteman arrakalak sortzen dituela jakinik, merezi duen ahalegina da. Gorputzak aldatu eta suntsitu ordez, dudarik gabe, mundua aldatzeko ahalegina osasuntsuagoa da.

Irribarretsu eta adore handiagoarekin, hartu dut hondartzarako bidea egunotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.