Bada artelan bat Moctezumaren eta Hernan Cortesen topaketa betikotu duena. Aurpegi samurra jartzen dio sarraskiaren poderioz eta odolez idatzitako konkista hari: Moctezumak harrera egiten dio Cortesi, lumak, perlak eta bitxiak oparituz. Dena da xaloa, dena da laguntasuna bertan. Zenbait historialarik dio Moctezuma umildu egin zela espainiarren aurrean eta ez ziela aurre egin, maien haserretan. Beste batzuek, ordea, Espainiatik egungo Mexiko aldera joan zirenek maien buruzagia atzeman eta euren intereserako erabili zutela diote, erabilgarritasun hori ahitu eta erail zuten arte. Bertsio bat ala bestea izan, beti bezala galtzaileak herritarrak izan ziren eta ziur gaude konkistaren garapenak ez zuela lasaitasun eta baretasun zantzurik izan.
Bostehun urteren ondorenxalotasun eta lasaitasun zantzu haiek guregana etorri dira bisitan: herenegun egin zuten alde eta herenegun bertan ikusi ahal izan ziren eragin zituztenen ondorioak. Hiria konkistatzera etorri zirela zirudien eta errealitateari buelta emanda biziko bagina bezala izan zen: agintariek alfonbra gorria, laudorio, losintxa eta erreberentzia aunitz eskaini zizkieten. Donostia konkistatzera etorri izan balira bezala izan baitzen: dena errugbiagatik, dena Frantziarengatik. Ez da morts pour la patrie baina margolaneko Moctezumaren lumak ikusteko gutxi falta izan zaigu.
Abiaduran moteltzen ari den nire buru honek ez du oraindik ulertzen Frantziako errugbi txapelketaren finalerdiak zergatik jokatu ziren pasa den asteburuan Donostian. Top 14 izena hartzen duen txapelketako lau taldeak eta euren milaka zaleak bildu ziren Gipuzkoako hiriburuan, eta herrialdeko agintariek erreberentziaz bete zuten euren etorrera. Kritika zorrotzak jaso zituen gainera finalaurrekoen aurkezpeneko argazkiak: gizonezkoak soilik protagonista zituen irudiak gogorarazi zigun, beste behin, errugbia gizonen kirola dela Frantzian, Mexikon eta Donostian bertan.
Frantziako errugbiaren festak oztoporik izan ez zezan, fikziozko Moctezumek gomendioa luzatu ziguten gipuzkoarroi: ahal balitz Donostiara ez hurbiltzea asteburuan. Orain ere gure ongizatearen alde lanean. Donostia utzi behar genien hiria berenganatu zezaten eta lasai ibil zitezen kaleetan barna eta taberna zein jatetxeetan. Jende andana izango omen ginen guztiok elkartuko bagina eta hobe gu etxean geratzea, eurek dirua gurean utzi ahal izateko.
Herenegun goizean, fikziozko Moctezumen komunikabideek errugbi jarraitzaile frantziarren gizalegea azpimarratu zuten. Ez zen apenas iskanbilarik izan eta bakean egin zuten alde. Eskerrak. Duela berrehun urte danborrada tropa frantziarrei burla egiteko sortu bagenuen, auskalo zer asmatuko genukeen astebete gehiagoz errugbizaleak Donostian egon izan balira.
Errugbiak dituen arauetako bat eskuz beti atzera pasa behar dela da. Igande goizeko argazkiari ere buelta eman eta atzea begiratu diogu: kaleak garbitzen lan izugarria izan zuten Donostiako Udaleko beharginek, hirira etorritako zaleek errugbiaren araua kalean ere bete eta, parez pare zituzten zakarrontziak erabili beharrean, eskuarekin atzera egin eta edalontzi, plater zein aho-zapiak lurrera bota zituztelako. Zerri eginda utzi zuten hiria, baina gizalegez jokatu zutela gogoratu, hori da garrantzitsuena. Odolik ez bada, gizalegea txapeldun.
Gipuzkoak Moctezumarik eta Hernan Cortesik gabeko margolana beharko luke, baina, mihisea lapurtuz gero, ez dago irudi berririk. Agintariak ere errugbizaleak dira eta ondo ikasita dute araua: aurrera beharrean, atzera egiten dute. Beti elkarlanean.
ARKUPEAN
Gu beti Top
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu