Amaia Nausia Pimoulier.
ARKUPEAN

Gracia de Berrotaran

2019ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Antonio de Venegas Iruñeko apezpikuak 1611. urtean Espainiako Inkisidore nagusiari bidalitako gutunean bere zalantzak adierazi zizkionean, argi esaten zion «que en esta cuestión de las brujas hay gran invento... y lo más se debe a la demasiada diligencia de los inquisidores» [asmakeria asko dago sorginen kontu hauetan, eta gehienak inkisidoreen gehiegizko ekinbidearengatik dira]. Antonio de Venegasek torturei buruz hitz egiten digu «demasiada diligencia» [gehiegizko ekinbidea] horrekin; sorginkeriaren salaketarengatik epaituak ziren pertsonek jasaten zuten torturez, hain zuzen ere. Nafarroan XVI. eta XVII. mendeetan badakigu milaka pertsona ikertu zituztela sorginkeria salaketengatik, eta salatuen artean %70-80 bitartean emakumeak izan zirela.

Histeria kolektibo horrek izan zuen oihartzuna ulertzeko, Zugarramurdiko kasua baino ez dugu ikusi behar, non garai hartako Baztango biztanleriaren %25 sorginkeriarengatik susmagarria izan zen. Zugarramurdi da sorginkeriaren ehizaren gure historiako momenturik latzena, eta azkena ere bai. Horren ondorioz, eta Venegas bezalako beste batzuen kexak entzun ondoren, inkisizioak Salazar y Frias inkisidorea bidali zuen gure lurraldeetara, gertatutakoa ikertzera. Salazar y Friasek ordurako Logroñoko 1610eko epaiketetan parte hartu zuen, eta bere boza beste epaileen kontrakoa izan zen: sorginkeria ez zen existitzen. Horregatik, epaiketa haietatik bizirik iraun zutenen artean galdetzen hasi zenean, Gracia de Berrotaranen testigantzak bezalakoek ez zuten harritu. Graciak berak azaldu zion Salazar y Friasi bera ez zela sorgina, baina hori aitortu zuela prozesuan jasotako torturaren ondorioz eta barkamenaren bila. Sorginkeria epaileen buruetan existitzen zen kontu bat baino ez zen, Pierre de Lancrek Ipar Euskal Herrian edo Balanza lizentziatuak Nafarroan egin zituzten sarraskiek erakusten diguten bezala.

Gure lurraldeko historiagileek luze ikertu izan dute sorginen kontrako ehizaren inguruan; Caro Barojak, Idoatek edo gertuago Iñaki Reguerak edo Jesus Mari Usunarizek ederki aztertu dute gaia. Beraiei esker, badugu ehiza horren mapa kronografiko eta geografikoa. Asko dakigu ere auzitegi zibilek eta eklesiastikoek auzi honetan jokatu zuten rolari buruz, baita biktimologiari buruz ere. Baina historiagileok agian ez dugu nahikoa hausnartu guztien artean niretzat beti deigarria den datu baten inguruan; emakumeak izan zirela gehienetan jazarriak sorginkeria salaketengatik. Are gehiago, emakume horien artean asko alargunak zirela, eta hori ez dela kasualitatea. Emakume jakin horiek bizi izan zuten jazarpen hori emakumeei orokorrean jazarri zien doktrinatze eta diziplinatzearen markoaren barruan kokatu beharko genuke mende horietan gertatutakoa ulertzeko. Emakumearen ideala amatasunean eta kastitatean oinarrituta zegoena apurtzen zuten guztien kontrako guda bat izan zen hura eta, noski, alargunek gure euskal lurraldeetan eta gure foruei esker ondareak kudeatzeko zuten gaitasuna eta horrek idealarekin zekarren talka ere ez dira txikikeria bat sorginen auzia ulertzeko.

Joan den asteburuanKatakrak-ek eta Traficantes de Sueños-ek antolatutako I. Sorgin-ehizaren inguruko topaketa feministan parte hartzeko aukera izan nuen, eta gonbidapenak benetan poztu ninduen, gure historiaren garai beltz honen inguruan ikertzeko garaian generoaren perspektiba sartzeko garaia delako. Baina baditugu ere Silvia Federicik eta bere Caliban eta Sorgina-n agertzen diren beste hainbat aztergai lantzeko; nolakoa izan zen kapitalismoaren sorrera gure euskal lurraldeetan, eta ba al du, Federiciren teoriekin bat eginez, zerikusirik sorgin-ehiza horrekin? Deigarria da, halaber, sorginen kontrako ehiza Iberiar penintsulan Pirinioetan bakarrik kokatzea; hitz egin genezake Piriniotar Zuzenbide bati buruz non zonalde horretako emakumeen eskubideak bestelakoak ziren eta ondorioz sistema patriarkala kolokan jar zezaketen? Laburbilduz, historiagileok badugula oraindik lana eta gure memorian horren errotuta dagoen sorginen auziak baduela oraindik ibilbidea. Erailak izan ziren emakume horien guztien omenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.