Igande arratsaldeetako ohitura izan ohi zen garai batean dendetako erakusleihoak ikustea. Unean uneko edozein bulkada kontsumistari aurre egiteko ere balioko zuen beharbada ohitura hark, metalezko pertsiana hura zeharkatu ezin zelako eta poltsikoko dirua bertan gordeta utziko zutelako domekako erosle potentzial haiek. Baina hura ere amaitu zen, etorri baitzen Internet izeneko munstro ikaragarri hori eta etxean bertan ikus ditzakegu, atzamar polit hori mugituta, garai bateko igande arratsalde erabat aspergarri haietako erakusleihoak. Hori bai, plastikozko dirua edo txanpon birtualak txin-txin egiteko prest ditugu, geure buruari jartzen diogun pertsiana erabat itxita ez badago.
Baina itzuli dira beirate handiak ere, azken urte honetan modan jarri baita erakusleiho berezi batzuei begira jartzea. Bizitza goitik behera aldatu zigun mega-sare horretan ere hamaika dira erakusleiho hauek baina benetan merezi duena, kalean beira gardenezko leiho handiaren parean zut geratu eta segundo batzuen bueltan bada ere, bertan erakusten zaigunari begiratzea da. Erakusleiho erakargarrienak azken bolada honetan harategiak direlako. Ez ziren ez harategiak garai bateko igande arratsaldetako erakusleiho tour haren etapetako helmugak; astegunetako kontua ziren soilik. Orain ez, gaur egun okelaren mundu zirraragarrian espezialista diren hamaika lagun ditugu inguruan. Izan ere, nork ez du ezagutzen haragiaren ontze prozesuari buruz dakienik? Wagyu eta Kobe bezalako hitzak ezagutu genituen duela zenbait urte eta, orduan ere, musika klasikoa entzuten hazitako txahalak jarri ziren modan. Ahaztu ditugu japoniarrak eta orain usteltze bidean dagoen haragiari buruz hitz egitearen bolada iritsi da, eta erabat arrunta bilakatu da harategietako erakusleihoetan paratu eta bertako okela-piezei begira jartzea.
Ohitu gara txuletei begira jartzen direnak ikustera eta, hasiera batean inozotzat hartu genituen arren, orain inguruan dugun paisaian txertatu ditugu. Haragi gordina ikustera ohitu garelako, bai hemen eta baita Palestinan ere. Urtebete da sarraskia hasi zenetik eta berdin zaigu albisteek zer dioten, hauek ere paisaian ondo txertatuta geratu baitira. Pasa den igandean bertan Israelek familia oso bat hil zuenaren berria jaso genuen: gurasoak eta euren sei seme-alabak hil zituen, besteak beste. Bihotzean zimikoa eta aurrera. Duela urtebete hasi zen sarraskiak beldurtu zuen bat baino gehiago baina tamalez gizakia albisteetara ohitu egiten da eta Palestinako amesgaiztoari ere «gaixoak» batekin erantzuten dio maizegi.
Palestina da egun haragi gordinenaren erakusleihorik handiena. Ikusten ditugu hautsez zikindutako haurren gorpuak, gorputz-atalak han-hemenka eta Picassoren Gernika margolaneko protagonistak egunero telebistako irudi bidez. Erakusten dizkigute Vocento taldeko egunkariek euren erakusleihoetan Hezbollahk hildako soldadu israeldarren argazkiak, soldaduz jantzita, irribarretsu eta odol tanta bakar bat ez dutela, aurretik beste hildakorik ez balego bezala. Baina azken batean badirudi denak berdin duela: urrun dago eta odolak ez du gure azala zipriztintzen, zer esanik ez gure barrena. Berdin du Wagyu edo Kobe diren, dena dator urrundik eta guztia da bolada baten zati, izan gastronomiko zein mediatiko.
Eskaparate handiak ikuskatzen ibiltzen da norbanakoa, denda barruan dagoen pieza gordina ikusten, artelan bat balitz bezala. Telebista aurrean ere beste horrenbeste: urruneko sarraskia artelan bat da, arte kontzeptuala, beharbada.
Haragi gordina ikuskatzea bezalakorik ez dago, gordinkeriarik bortitzenaz ahaztu eta hedonismoaren beso artean kulunkatzeko.