Zoazte, eta gonbida itzazue guztiak oturuntzara. Joan den igandean eliza katolikoak misioen eguna ospatu zuen —aspaldikoak garenon memorian aztarrika pixka bat egiteko: domund eguna—, eta horixe hautatu zuten lelo gisa. Esaldia sortzean Vatikanoko kreatiboa jesusen odolarekin pasatu egin zela iruditu zitzaidan estreina. Baina ez, ebanjelioko esaldia da. Hala ere. Intsentsua kargatuegi zeukatela pentsatzen segitzen dut, zeren eta munduan daukagun banaketa panoramarekin misiolariei esatea joateko eta denak banketera gonbidatzeko, bada ez dakit... Jaten emango diegu bapo, gaixotuko dira asko haien urdail aspaldi murriztuak ez daudelako ohituta jan-festetara, eta gero atzera etxera bidaliko ditugu, oparotasunaren zerutik estomaka hutsen lurrera.
Sekta erromatarraren kontuek zer axola diguten esango du inork, eta arrazoi du, bost guri hauen ospakizunek, baina akordatu naiz idazle batek Tanzanian jasotako hitzak, europarrok jainkoa eraman genuela Afrikara, eta gero han utzi. Jainkoa han utzi, haiek ekai espiritualez hornitu, eta gu bueltan etorri, ekai materialez lepo maletak, ontziak, kontainerrak. Oturuntzak egiten ahal ditugu, hain zuzen ere, haiei ebatsitakoekin.
Eta ez jainkoaren hitza ekartzera ez koltana eramatera etorri nahi dutenei, guk ateak itxi dizkiegu. Oturuntzan bai akaso, baina etxean ez ditugu nahi. Gonbidapenak ematen dizkiegu, ez bizitzeko agiriak.
Halarik ere, nola itsasoak eta basamortuak ez diren nahikoa haiek denak gerarazteko —milaka asko bai urtero bidean—, garai bateko irtenbidea berreskuratu dugu: etxetik kanpoko atxilotze zentroak. Ez diegu kartzela esaten, baina horixe dira, espetxeak. Espetxeak non bezeroek presoek eduki ditzaketen eskubide gutxienekoak ere ez dauzkaten. Paperik gabe, legerik gabe, eskubiderik gabe. CIAk ere atzerriko ziegetan torturatzen zituen (ditu oraindik?) terroristak.
Albaniara eraman nahi ditu Italiako lehen ministroak, eta seguru, ahal balu, horren ostean Albania osorik eraman nahiko lukeela urrutiago, antipodetara. Eta segi. Izugarrikeriarekin gosaltzen gara aspaldian eta zernahi irenstera moldatuta gaude: patera txikiekin hasi ginen, eta egun transatlantikoak ere kabitzen zaizkigu eztarrian behera. Imajina irudika dezaket: eskuaz agurtuz —eskuburdinak ez dauzkatenek— eta selfieak eginez gurutzatuko dira atxilotze zentrora doan ontzia eta Dubrovniketik datorren gurutzaontzi turistikoa; O bella ciao jotzen ariko da orkestra saloian eta «zatozte guztiak oturuntzara» entzungo da bozgorailuetatik.
Eta eztul txikirik ere ez dugu egingo horiek denak irenstean. Are, kontrako eztarritik joaten zaizkigun bakarrak disidentziak eta erreboltak dira, demokraziaren gezurraren fentaniloak jota gauden zonbi boto-emaile patetikooi.
Giorgia Meloniri auzitegiek egindako atximurkada konpontzeko hartutako neurrian, xehetasunak doilorkeriaren gogorra erakusten du. Epaitegietako langa gainditu ahal izateko, Albaniaratuko dituenak herrialde seguruetatik datozenak izango dira. Alegia, bihotz oneko, errefuxiatu legeekin abegikor, gatazka errekonozitua duten herrialdeetatik datozenak ezingo ditu berrerbesteratu (baina ez ditu kalean libre utziko, zaudete ziur). Besteak bai, hots: gatazka ez errekonozituetatik datozenak, errefuxiatu ekonomikoak, hainbat fobia eta espetxeri ihes egiten diotenak, deserriratu pertsonalak eta, besterik gabe, etorkizun baten, edo etorkizun itxaropen baten bila datozenak. Fueratuak denak. Ez dezatela belztu gure resort zuri eta distirant hau (bueno, datozela gutxi batzuk, herrialde ez seguruetakoak, resorta garbitu eta brilloa ateratzera).
Europaren bandera deritzona (Europaren zati batena dena) aldatu egin beharko genuke. Izarrek osatutako zirkulua beharrean, laukia, txarrantxa-hesi batek itxia, bijilantzia-dorreak izkinatan.