elixabete garmendia lasa

Gerraz gerra

2024ko martxoaren 14a
05:00
Entzun

Errenteriako Niessen zinema aretorik handiena lepo bete zen iragan asteko astearte iluntzean, Bizkarsoro filmaren emanaldia zela-eta. Bazihoan istorioa aurrera, eta bat-batean, ustekabeko atximurkada sentitu nuen bihotzean, begiak busti zizkidan zimikoa (gero ikusi nuen BERRIAn Zakilixut ere atximur-zimiko artean zebilela egun horretan, kasualitatea!). Pelikulako ume haiei gertatzen ari zitzaienak —ezin euskaraz mintzatu eskolan— piztu zidan gure eskolaren oroitzapena: han ere erdaraz hitz egin behar zen derrigor, kosta ahala kosta; eta ikaskide batzuk larri ibiltzen ziren Espainiako hizkuntzan. Artean ez genekien halako agindu bat injustizia zela, eta ez nolanahikoa. Eskerrak etxean gurasoek etengabe errepikatzen zuten kontsigna oso bestelakoa zen: «Erdaraz ezta txantxetan ere!». Eskolan txantxetan ere ezin erabili zitekeena euskara zen, nahiz eta maistra euskaldunak genituen, herrian bertakoak.

Bizkarsoro filmak I. Mundu Gerraren garaitik —zehazki 1915ean hasi eta XX. mende ia osoan zehar— Ipar Euskal Herriko eskoletan euskarari ezarritako debekua du abiapuntu, galarazpen horrek hizkuntzari zekarkion higadura erretratatuz. Eta, batez ere, politika horren ondorioz hainbat belaunalditako haurrek jasan zuten besteratzea, sortzezko identitatearen ukazioa azpimarratzen du, euskal hiztunen komunitateari boteretik ezarritako auto-mespretxua, azken batean.

Josu Martinezek zuzendutako obra ez da konbentzionala; parte hartu dute aktore profesional batzuek, baina antzezle gehienak Baigorri eta inguruetako herritarrak dira; auzolanean jardunez, noranahiko balio duen pelikula benetan bikaina lortu dute. Zabalkundea ere modu berezian ari dira egiten: herriz herri, bitartekaririk gabe, zuzenean. Gainera, emanaldia ikusleekiko elkarrizketarekin osatzen dute. Errenterian Katti Pochelu ekoizlea izan zen gidaria. Ekimen eredugarria, zinez, ekipo hori burutzen ari dena.

Kulturgintzaren mundutik sortu da bestelako proposamen hau ere: hainbat adarretako kulturgileek —artista, musikari, dantzari, aktore, zinema zuzendari, bertsolari eta idazleek— Kulturatik genozidioari stop egitasmoa martxan jarri eta datorren igandean, hilaren 17an, Donostian egingo den manifestaziora deitu dute; stop, jakina, Palestinako genozidioari. Eta hartan, gaur zortzi, sorpresa zekarren BERRIAk: Atef Abu Saifen kronika aspaldiko partez! Kronika beltza, izenburutik bertatik hasita: «Amaginarreba hil zait otsailaren 29an». Hil, kazetariak kontatzen duenez, behar bezalako osasun zaintzarik gabe.

Bitartean, Estatu Batuetako eta beste herrialde batzuetako hegazkinak paraxuten bidez aritu dira botatzen janari-zaku erraldoiak Palestinako hondartzetara. Telebistan irudi hori ikusi nuenean, umiliazioaren traza hartu nion; umiliazio erabatekoa zakuak harrapatu ezinik zebilen jendearekiko. Hegazkinak, paraxutak, eta janaria sobera daukatenak apurrak banatzen gosez —ere— hiltzen ari direnei. Bide batez, botere ahalguztidunaren aurrean makurraraziz gerrak esku hutsik utzi dituenak.  

Haratago doa Jesus Nuñez, Nazio Batuen UNRWA agentziako ordezkari espainiarra. IECAH Institutuaren agerkarian honako hau esan berri du Nuñezek potentzien jokabide horri buruz: «Laguntza airez botatzeak, ekintza hipokrita izateaz gain, hauxe frogatzen du: nola Joe Bidenek eta bere administrazioak onartzen duten Netanyahuren gobernuak gosea erabiltzea gerra arma modura, nazioarteko zuzenbide humanitarioa argi eta garbi hautsiz». Kontua da Espainiako Gobernuak ere jarri duela bere partea: hiru C-130 hegazkin eta 110 paraxut. Gure zergen zatiren bat ere joango zen ekinbide horretara. Open Arms itsasontzia onik helduko ahal da Gazara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.