Inaki Galdos

Gero gerokoak

2024ko abenduaren 3a
05:00
Entzun

Erlijio kontuez ari bazen ere, Axularrek garbi azaldu zigun XVI. mendean, betekizunak gerorako uzteak, luzamendutan ibiltzeak dakartzan —ekar ditzakeen— kalteei buruz. Nagikeria edota aurre egi beharreko arazoek sortzen duten bertigoa izan daitezke eginbeharren geroratzeen zioa, beste batzuen artean; prokrastinazio hitza ere modan jarri zaigu aspaldion. Politikan ere ber gauza gertatu ohi dela esango genuke, eta hemen ere ez dira atzerapenak beti arrazoi berdinagatik ematen. Aste hauetan izaten ari gara horren testigu.

Santiago de Compostelan bere XVIII. Asanblada Nazionala ospatu du pasa den asteburuan BNGk. Historian zehar ezagutu izan ditugu sekulako liskar eta zatiketak galiziar hauen beste asanblada batzuetan, baina bare joan da dena, nahiz eta hiru hautagaitza zeuden zuzendaritzarako; Ana Pontonek gidatzen jarraituko duen zuzendaritza. Ponentzia politiko mamitsua ere eztabaidatu da eta babes zabala lortu du. Hauteskundeen emaitzak onak direnean ez da alderdietan aparteko zalaparta eta egonezinik sortzen. Uraren gaineko bitsetan joan ohi da guztia.

EAJ eta ERCren barne prozesuak ezberdinak dira erabat, denboren antolaketari buruz. Nire ustez, ez oso egokiak. Dagoeneko martxan dauden arren, martxoan eta otsailean bukatuko dituzte, hurrenez hurren. Katalunian, abenduaren 14an osatuko den zuzendaritza berriaren esku egongo da hurrengo hilabeteetako ponentzia ideologiko eta estrategiko berriak mahai gaineratu eta aurrera ateratzea. Hemen, jelkideei dagokienez, IX. Batzar Nazionalaren baitan, martxoaren 30ean aukeratuko dute zuzendaritza nazionala Donostian; baita batzokiz batzoki hizpide izango dituzten bost ponentzia ere. Baina ordurako aukeratuak eta martxan izango dira lurraldeetako zuzendaritza berriak. Dagoeneko ari dira.

Sarri txalotu izan ditugu —hemen bertan ere bai— EAJren barne prozesuak. Korapilatsuak eta ulertzeko oso errazak ez diren arren, beste alderdi askoren parean gardenagoak iruditu zaizkigu beti, nahiz eta oraingo honetan (ere) egon den barne kexurik, hain zuzen ere gardentasun horren falta salatzen. Kontua da, ordea, gero eta zailagoa egiten zaigula ulertzea nola den posible lurralde guztietako zuzendaritzak aukeratuak izatea oraindik eztabaida ideologikoa eta estrategikoa mahai gainean ez daudenean. Ezta barne antolaketari dagokiona ere.

Gauza bertsua gertatzen da Katalunian ERCrekin ere, eta horregatik entzun dira ahotsak alderdi barruan egutegia, sistema, kritikatzen. Ez al zen zentzuzkoagoa, otsailerako aurreikusia duten gogoetaren ondoren —gogoetaren arabera— aukeratzea zuzendaritza? Badirudi gero eta barneratuago dagoela alderdietan izenen lehia dela garrantzitsua, beste guztia baino askoz ere gehiago. Gero gerokoak, pentsatuko dute seguru asko, alderdien ustezko eginkizun nagusia bigarren mailara jaisten eta hilabete batzuk geroratzen dituztenek. Baina Axularrek gaztigatu zigunaren kontra, kalteak ez, baizik eta onurak ekarri ohi dizkiete hala jokatzen dutenei sarri. Ez alderdiei agian, baina bai alderdietako kide batzuei.

Espainiako sozialistek ere kongresua izan dute asteburu pasa berrian. Agian inoiz izan duten kongresurik efimeroetakoena, laster iraungiko dena. Hiru egunak lehenbailehen, izualdirik gabe, pasatzea zuen helburu Pedro Sanchezek, eta neurri handi batean lortu du, baina inork ez daki zer gerta dakiokeen alderdiari gaur bertan, bihar edo etzi, abian dagoen prozesu politiko, mediatiko eta judizialaren erdian. Estatuko finantziazioaren inguruan lortu duten barne akordioa da diogunaren adibide garbia: era batera eta kontrakora uler daitekeen testu bat onartu, jakinda agian laster ez dela euren esku egongo arazoaren konponbidea. Ez du merezi, ez dezagun eztabaidatu, joan gaitezen Sevillatik lasai antzean. Gero gerokoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.