Inaki Galdos

Gero arte

2024ko ekainaren 18a
05:00
Entzun

Uda pasatu arte arkupe honetara ez naizela itzuliko gaztigatu didate Andoaindik. Beti hartzen dira gustura horrelako atsedenalditxoak, baina aurtengoan susmoa dut —eta horregatik penatxoa— gauza interesgarri asko kontatu barik geratuko garela tarte honetan, ez dela uda barea izango politikan. Susmoa bakarrik ez, argi dezagun, zenbait gertakari dagoeneko agendan daudelako ezarriak, noiz iritsiko zain. Urrutiago joateko tokirik ez dugunez, Euskal Herriari eta inguruko nazioei emanago diegu begirada.

Lehendakari aukeratuko dute etzi Imanol Pradales. Gero, Eusko Jaurlaritza berria iritsiko da. Kontua sarri txutxu-mutxuen esparrutik gertuago dagoen arren, beti sortzen du jakin-mina izenen dantzak. Aurten agian gehiago, EAJren egoera dela eta. Jendea urduri samar sumatzen da, aldaketa soila, eraldaketa sakona edota iraulketa erabatekoa izango den igarri ezinik. Zenbait jelkidek uste dute Gasteizko haize berriak mesede egingo diela, mugarri bat izan daitekeela euren beherako joerari buelta emateko. Aukera ondo probesten badute lagungarri izango zaie, zalantzarik gabe, baina ondo dakite Sabin Etxean, izatekotan hasierako urratsa izango dela hori, hau da, askoz ere sakonagoak izan behar direla egin beharreko gogoetak eta hartu beharreko erabakiak.

Frantziako hauteskundeak ere bertan dauzkagu, datorren igandeko Beskoitzeko bigarren itzulia ahaztu gabe. San Fermin egunean jakingo dugu, agian aurreko astean ere bai, ezkerraren mugimendu azkarrak fruiturik ematen duen, eskuin muturraren garaipena saihetsezina den, edota Macronek bere helburua betetzen duen. Horretarako, ordea, hauteskundeetara deitzean bere helburua zein den ezagutu behar, gauza zaila gaian adituenentzat ere. Iparraldean adi egon beharko dugu EH Baik Fronte Popularrari barrutik egingo dion ekarpena erabakigarria izango den, duela bi urte laugarren barrutiko bigarren itzulian Iñaki Etxaniz NUPESeko ordezkariarekin izan zen bezala. EAJk, bere aldetik, bakarrik aurkeztuta ikusi nahiko du burua zertxobait erakusteko gai den. Lan zaila.

Madrileko kalapitak alde batera utzita, Katalunian zer gertatuko den ere ikustear dago. Hori ere udan jakingo dugu. Generalitateko presidentea dute aukeratzeko, baina jakin, ez dakigu inork lortuko duen. Ezta Puigdemont azkenean Hego Kataluniara itzuliko den ere. Amnistiaren afera nola bukatzen den ere erabat garrantzitsua izango da. Baina ororen gainetik independentismoaren birfundazioak izan beharko lukete han helburu, eta, horretarako, militante asko esaten ari diren bezala, agian ez da erabat txarra sozialistek gobernatzea.

Baiki, benetan hilabete zirraragarriak datozkigu, turismoa hain arbuiatua dagoen garai hauetan turismo politikoa egitera gonbidatzen dutenak, larunbatean Gernikan hasi, San Joan bezperan Beskoitzen jarraitu eta Diada egunean Bartzelonan bukatu. Adibidez. Tartean txosnaguneren batean ere basoerdi edan, xextra nola bukatu den jakiteko, baldin ere bukatu bada. Ezin arkupean jaso, ordea.

Oporretatik bueltan jaso ahal izango duguna beste gai bat da, poliki-poliki ahalke puntu batekin azaleratzen ari dena. Izan ere, Europako Parlamenturako hauteskundeek utzi diguten aje handienetako bat migrazioaren inguruko eztabaida da. Eta inork pentsatzen bazuen txertatuak geundela, ez zela eztabaida hau gurera iritsiko, oker zebilen. Tabu izateari uzten ari da, agian beste toki batzuetan izaten ari denarekiko ñabarduraren batekin, hizkuntzaren bizirautea kasu. Eskuin muturraren esparrua gainezkatu eta ezkerrera hedatu den eztabaida, bide batez esana, Alemanian ikusi berri den gisa. Ez da zalantzarik ozpindu egingo dela ika-mika, baina benetan uste dugu ondorio txarrekin isilean, etxean, (konfiantzazko) lagunartean ernaltzen dena, hobe dela plaza publikora heldutasunez eraman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.